Donostialdea ESI-Osakidetzak “Quality Innovation Award” nazioarteko saria irabazi du berrikuntza sanitarioko kategorian, paziente pluripatologikoentzako esku-hartze multifazetiko eta multidiziplinarrerako estrategia-berrikuntzagatik
Donostialdea Erakunde Sanitario Integratua – Osakidetzak Quality Innovation Award sariketa entzutetsuan arlo sanitarioko berrikuntzaren saria irabazi du paziente kroniko konplexuekiko bere esku-hartze bereizgarriarekin, zeinari esker pazienteen bizi-kalitatea eta osasun-sistemaren efizientzia hobetu eta pertsonarengan ardaztutako arreta integratua sustatzen diren.
Proiektu hori PAMI Programa gisa ezagutzen da (Arreta Multidiziplinar Indibidualizaturako Programa), eta Donostialdea Erakunde Sanitario Integratuko EOM-PKRON Unitateak (Ebidentzian Oinarritutako Medikuntza - Paziente Kronikoak) garatzen du, Donostialdea ESIko talde eta unitate desberdinekiko koordinazio eta lankidetzarekin, eta maila asistentzial desberdinetan (Lehen Mailako Arreta, Ospitaleko Arreta eta Arreta soziosanitarioa).
Saritutako proiektuaren oinarria da paziente kroniko konplexuei eta haien zaintzaileei jarraipen- eta esku-hartzeko sistema bat eskaintzea, helburu garrantzitsuetan eragina izango duena, modu horretan osasun-sistemaren iraunkortasuna ahalbidetzeko biztanleriaren zahartzearen erronkaren aurrean. Hala, erronkak (biztanleriaren zahartzea eta erakundeen integrazioa) aukera bihurtzearen alde egiten da, herritarrei kalitatezko sistema bat eskaintzeko.
Quality Innovation Award (QIA) nazioarteko lehiaketa bat da, Excellence Finland erakundeak sortu zuena 2007an, produktu, prozesu, antolaketa eta abarren inguruko berrikuntzen sorrera eta garapena bultzatzeko asmoz. Orduz geroztik, batzorde antolatzailean Kalitatea, Bikaintasuna eta Berrikuntza sustatzeko beste herrialde batzuetako erakundeek parte hartzen dute (batzorde horretan daude, besteak beste, Finlandia, Estonia, Hungaria, Israel, Kazakhstan, Lituania, Letonia, Txekiar Errepublika, Suedia, Espainia –EUSKALITen eta CEXen bidez– Txina, Errusia eta Afrikako hainbat herrialde). Guztien helburu amankomuna da parte hartzen duten erakundeen eta herrialdeen lehiakortasuna areagotzea.
Donostia, 2019ko urriaren 30a