Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak Txinako Munduko Jokoetan parte hartu zuten ertzainak hartu ditu Erandion

2019.eko urriak 29

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur hartu ditu Erandion Txinako Chendgu hirian joan den abuztuan egin ziren Polizia eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan Ertzaintza ordezkatu zuten zazpi ertzainak.

Zorion-agur ofiziala eta aintzatespena adierazteko ekitaldia gaur goizean egin da Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusian, eta sailburuarekin batera izan dira bertan Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo eta Giza Baliabideetako zuzendari Karmele Arias.

Munduko txapelketa horretan Ertzaintzak hamabi domina lortu zituen guztira: urrezko hiru, zilarrezko hiru eta brontzezko sei. Domina horiek lortzeaz gainera, errekor bat egin zuten atletismoan eta lehenengo hamar postuetan sailkatu ziren hainbat modalitatetan. Ertzaintzak 1997an parte hartu zuen lehenbiziko aldiz nazioarteko lehiaketa batean, eta ordutik guztira 253 domina lortu ditu.

Urrezko bi domina atletismoan lortu zituzten, 400 metro lauetan eta 4x400 erreleboetan. Bigarren proba horretan, errekorra ere ezarri zuten. Bestalde, brontzezko domina lortu zuten 4x100 erreleboetan, eta beste bat banakako triatloi proban.

Igeriketan zilarrezko domina bat lortu zuten 400 metro librean. Horrez gainera, bosgarren bi postu lortu zituzten 100 metro bularrean eta 200 metro librean; eta hamargarren postua 50 metro bularrean.

Txirrindularitzaren modalitatean, berriz, urrezko domina bat lortu zuten erloju kontrako proban, eta zilarrezko bat eta brontzezko bat kronoeskaladan. Bestalde, beste brontzezko domina bat ere lortu zuten banakako kriterium modalitateetako batean. Sprint modalitatean brontzezko beste bi domina lortu zituzten. Horiei batu behar zaizkie kronoeskaladako, errepideko, erloju kontrako eta banako kriteriumeko beste modalitate bateko laugarren lau postu. Azkenik, zilarrezko beste domina bat Taekwuondon lortu zuten.

Ertzaintzak 1997tik nazioarteko hamahiru txapelketatan parte hartu du, aurtengo hauek kontuan hartuta, eta guztira 125 atletak eta kirolarik parte hartu dute eta 253 domina lortu dituzte. Los Angelesen (AEB) 2017an egin zen azken edizioan Ertzaintzako 12 atletak parte hartu zuten, eta 19 domina lortu zituzten bost kirol-modalitatetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak