Berriak Lehendakaritza
Eu

Kalitatezko parte-hartzea, herritarrentzako bermea

2011.eko apirilak 15

Donostian Herritar Digitalaren Nazioarteko II. Kongresua egiten ari da

Donostian, egun hauetan, teknologia berriek egungo gizartean duten papera eztabaidatzen ari dira. Herritar Digitalaren Nazioarteko II. Kongresuaren bigarren jardunaldian jorratutako gaien artean, “Herritarrek benetan parte hartu nahi dute?” izenburuko mahai-ingurua gailendu da. Nagore de los Ríos Gobernu Irekia eta Interneteko Komunikazioaren zuzendariaren ustez, “ez daude parte hartzeko prest, orain arte ez diegulako bidea erraztu”. Eusko Jaurlaritzak Irekiaren bitartez konpondu nahi du arazo hori. Azaldu duenez, “kalitatezko parte-hartzea bermatu behar da, herritarrek beren ekarpenak gobernuari laguntzen dietela ikusi behar dute”. Horretarako, “aktiboki entzutearen” alde agertu da, “herritarrek oharrak egiteko eta beren interesak azaltzeko erabiltzen dituzten esparruetara irten behar dugu.

Nagore de los Ríosek Kursaalen (Donostian) egin den topaketan esku hartu du, eta bertan, Eusko Jaurlaritzaren parte-hartze handia egon da.

Besteak beste, Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazio sailburua eta Andoni Unzalu Herritarren Parte-hartzerako idazkari nagusia izan dira kongresuan.

Lourdes Auzmendi, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak administrazio irekian hizkuntza bultzatzeari buruz hitz egin du, eta Alberto Ortiz de Záratek, Herritarren Arretarako zuzendariak, “Datu publikoak irekitzearen inguruko lau ikuspegi” izenburupeko mahai-inguru batean parte hartu du.

Euskadi estatu-mailako erreferente bihurtu da Eusko Jaurlaritzaren datuak irekitzeko planari esker. Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen plan hori aztergai bihurtu da administrazio elektronikoari buruzko foro nagusietan, eta Europa mailan, jarduerarik onenetako bat bezala baloratua izan da.

Hitzaldi, mahai-inguru, esperientzia-panel eta tailerren bidez, adituek arduradun politikoek sare sozialetan duten presentzia analizatu dute, baita herritarrekiko ezartzen den harreman-mota berria ere; horrez gain, datu publikoak irekitzeak gobernuentzat, enpresentzat eta gizartearentzat ekar litzakeen zailtasunak eta aukerak aztertu dira eta komunikabideek arlo horretan duten papera analizatu da.

Hitzordu honetan, Administrazio elektronikoan gaur egun arte garatu diren erreferente nagusiak eta berrikuntza publikoko plan berriak ezagutzeko aukera egon da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)