Berriak Osasuna
Eu

Pertsona ardatz duen arretari buruzko nazioarteko osasun jardunaldia euskadin izango da

2019.eko urriak 28
  • Ekimen honek hamasei herrialdetako 50 parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu gaur eta bihar, aztertzeko Pertsona Arretaren Ardatz bihurtzeko prozesua nola ezartzen ari den hainbat herrialdetako ospitaleetan eta lehen mailako arretako zentroetan.
  • Europako COST 15222 sarearen ekimena da, eta helburu nagusia da arreta medikoan kostuen kontrola zabaltzeko ikerketa eta garapena sustatzea, arretaren kalitatea hobetzen den bitartean.
  • Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteak (Osatzen) babes zientifikoa eta administratiboa emango dio ekitaldiari.

 

Gaur hasita eta bihar (urriak 29) arte, COST 15222 sarearen Atención Centrada en la Persona - ¿Qué es y cómo se ha implementado en Europa? jardunaldia egingo da. Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak antolatu dute, BioCruces Bizkaia ikerketa-institutuaren bitartez, Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkartearen (Osatzen) laguntzarekin.

Jardunaldia Osasun Sailaren Bilboko egoitzan izango da, eta Pertsona arretaren ardatz bihurtzeko prozesua hainbat herrialdetako ospitaleetan eta lehen mailako arretako zentroetan nola ezartzen den aztertuko dute. Gainera, interbentzioaren eraginkortasunari eta ezarpenari buruzko ikerlanen emaitzak azalduko eta eztabaidatuko dituzte. Zazpi herrialdetako hamabost adituk zuzenduko dute ekimena.

Bigarren ikastaroaren –lehena Suediako Göteborg hirian egin zuten iaz– helburuak honako hauek dira:

  • Pertsona ardatz duen arretaren esku-hartzeetako osagai nagusiei buruzko proposamen komuna egitea, baita maila ezberdinetan (mikro, meso, makro) eta arlo ezberdinetan (adibidez, ospitalea, lehen mailako arreta) agertzeko moduei buruz ere.
  • Pertsona ardatz duen arretako ebidentzian oinarritutako jardunbideak nola ezartzen diren eta ezarpen hori sistematikoki nola aztertzen den ulertzea.
  • Aztertzea pertsona ardatz duen arreta hainbat herrialdetan nola ezartzen den (Suedia, Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak eta Euskadi kasu), eta azterketa horien emaitzak eta eragina.

 

Horretarako, hamasei herrialdetako 50etik gora parte-hartzailek hainbat gai jorratuko dituzte: osasun-profesionalak pertsona ardatz duen arretan nola prestatzen eta trebatzen diren, arreta mota honen eraginkortasunean eragina duten testuinguru-faktoreak aztertzeko zer marko erabil daitezkeen eta, estrategia politikoen bidez, pertsona ardatz duen arretari gehiago atxikitzea nola lortu.

Sinposio bat, talde txikietan egiteko jarduerak, tailerrak eta mahai-inguru bat izango dira.

 

Erronka: pertsona ardatz duen arreta eta osasun-emaitzak

Ikastaro hau antolatu izanak argi uzten du berriz ere Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak pertsona ardatz duen arretaren aldeko apustua egiten duela. Horixe da Osakidetzaren erronkak eta proiektu estrategikoak 2017 - 2020 dokumentuko erronketako bat, eta sistemaren eta pazienteen arteko harremana eraldatzea eskatzen du. Ildo horretan, osasun-sistema publikoa garen heinean, pazientearentzat eta gizartearentzat benetan baliagarria dena ebaluatu behar dugu, eta prozesua eta pazienteek duten rola birdiseinatzeko haien iritzia kontuan hartu behar dugu. Halaxe, «pertsona ardatz duen arreta» kontzeptua indartzen da.

 

Informazio gehiago: EEC ESIren komunikazio-bulegoa: 94 600 6428

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau