Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Sei autonomi erkidegok SPRIko barnetegi teknologikoekin bat egin dute

2011.eko apirilak 14

 

Sei autonomi erkidegok  SPRIko barnetegi teknologikoekin bat egin dute

Euskadin diseinatutako esperientzia hau Extremadurara esportatu zen eta iaz 10 barnetegi antolatu ziren han.

  • Barnetegia zuzendaritza-karguentzako bi eguneko prestakuntza trinko bat da, eta bi egun horietan zehar parte-hartzaileei erakusten zaie nolako abantailak lor ditzaketen jarduera ekonomiko edo profesionaletan teknologia berriak erabiliz gero.
  • Industria Sailak SPRIren bitartez antolatutako ekimen hau duela lau urte jarri zen martxan, eta harrezkero 500 enpresak baino gehiagok parte hartu dute.
  • Sei autonomi erkidego elkartuko dituen barnetegia hilaren 14an eta 15ean ospatuko da Zeanuriko hotel batean.

 Asturias, Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Leon, Katalunia eta Aragoiko erkidegoetako ordezkariak Euskadin, zehazki, Zeanurin elkartuko dira apirilaren 14an eta 15ean ospatuko den Barnetegi Teknologikoan parte hartzeko.

 Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren bitartez (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) diseinatu zuen duela lau urte Barnetegi Teknologikoaren eredua eta iaz beste autonomia batzuei zabaldu zitzaien prototipo gisa, zehazki, Extremadurari eta Andaluziari. Extremadurak bere IKT prestakuntza eskaintzan sartu zuen ekimena eta hamar barnetegi eskaini zituen, EAEko metodologia eta irakasleekin.

 Lehen barnetegiaren arrakasta eta gainerako erkidegoek produktua ezagutzeko eta inportatzeko duten interesa ikusita, Industria Sailak gainerako autonomiei ere zabaldu die gonbidapena eta hitzordua deitu du aste honetarako.

 Barnetegi Teknologikoa duela lau urte jarri zen martxan eta helburutzat dauka enpresetako kudeatzaile eta zuzendaritza karguei prestakuntza trinkoa ematea, ezagutzera emateko zein den teknologia berriek eskain dezaketen balioa. "Ezagutzen ez dudana ezagutu". Proiektua berezia da ingurune isolatu batean garatzen delako, hau da, barnetegi formatuan eta helburu berberak dituzten beste pertsona batzuekin batera.

 Lau urteko jardueraren ondoren, SPRIk 150 barnetegi antolatu ditu, non 517 erakundetako 1.634 zuzendaritza-karguk parte hartu baitute.

 Barnetegi Teknologikoa

Ingurune isolatu eta eroso batean egiten den 24 orduko erretiroa da Barnetegi Teknologikoa, bereziki diseinatua bertaratutakoek  beren antolakundeen etorkizunari buruzko gogoeta egin dezaten. Jardunaldiaren helburuak: parte-hartzaileek uler dezatela zeintzuk diren gizartean, enpresan zein negozio planteamenduetan dauden teknologiek eskaintzen dizkiguten balioa eta aukerak eta uler dezatela baita ere egungo Informazio Gizartea, erabaki hobeak hartzeko beren antolakundearen etorkizunari begira .

 Barnetegi hauen helburu nagusia da bertaratzen direnek argi izan dezatela antolakundeek berehala hasi behar dutela urratsak ematen bide berri honetan, teknologia aprobetxatzeko eta nondik hasi behar duten erabakitzeko. Barnetegietako taldeetan gehienez 12 pertsona bilduko dira,  eta pertsona horiek gai izan behar dute beren antolakundeetan eragina izateko (kudeatzaileak, zuzendaritza karguak...) edo sektore nahiz eskualdeetako kolektiboetan trakzio indarra egiteko ("palanka efektua").

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan