Berriak Segurtasuna
Eu

Berrehun motozalek jaso dute bide-segurtasunari buruzko formakuntza Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ekintza bateratu batean

2019.eko urriak 27

Helburua errepideetako istripuen tasa jaistea da, aurten, orain arte, 15 motozale hil baitira Euskadin

(2019/10/27)

Irailean eta urrian 200 motozale inguruk parte hartu dute Nafarroan, Los Arcoseko zirkuituan, Jaurlaritzak Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan antolatutako bide-segurtasuneko formakuntza-ekintzan. Partaideen % 70 inguru Euskadikoak izan dira eta gainerako % 30 Foru Erkidegokoak.

Guztira lau ikastaro antolatu dira irailaren 7an, 8an eta 14an eta igande honetan, urriaren 27an, eta hainbat ariketa egin dira zilindrada ertaineko eta handiko motozikleten gidatze segurua sustatzeko. Formakuntza-saioetako gaiak izan dira motozikleta kontrolatzeko teknikak, frenatzeko modu ezberdinak, hiriko eta hiriarteko trafikoan izan behar duten posizionamendua, trazadura eta segurtasun pasiboko neurriak, hala nola, airbaga duten eta istripua izanez gero lesioak izateko arriskua nabarmen murrizten duten jantziak.

Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren ’Nire gurpiletan jar zaitez - Ponte en mis ruedas’ Estrategiaren baitan antolatutako ekintza da, eta helburua du motozaleak behar bezala ez gidatzearen arriskuen inguruan sentsibilizatzea eta beste era bateko ibilgailuen gidariak bi gurpilen gainean ibiltzen direnen zaurgarritasunaren inguruan kontzientziatzea.

Formakuntza-jardunaldietan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuera izan da, eta herritarrak bide-segurtasunaren arloan kontzientziatzen jarraitzeko premia azpimarratu du: “Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzatik gidatze segurua sustatzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, Euskadiko errepideetan istripuen tasari amaiera emateko modurik onena horixe baita. Arreta berezia eskainiko diegu kolektiborik zaurgarrienei, eta horien artean motozaleak daude, txirrindulariekin eta oinezkoekin batera”.  

Bestalde, Díaz de Corcuera kezkatuta agertu da aurten gora egin duelako hildako motozale-kopuruak; izan ere, 15 motozale hil dira Euskadiko errepideetan, eta 2019an hildako gidarien erdia dira.

Bide-segurtasunari buruzko formakuntza bateratu hau Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan lankidetzan jarduteko izenpetutako lankidetza-protokoloan jasota dago.

Ildo berean, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak aktiboki parte hartzen du antzeko beste ekitaldi batzuetan ere, hain zuzen ere, bide-segurtasunari buruzko informazioa zabaltzeko. Horrela, urriaren 19an, esate baterako, Sodupeko Harley Egunean parte hartu zuen, eta bertan karpa bat instalatu zuen motozaleak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko materiala banatzeko.

Bestalde, Trafiko Zuzendaritzak ‘Euskadin bideko elkarbizitza sustatuz, mugikortasun seguru baten alde’ izenburua duen jardunaldi bat antolatu du Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan datorren azaroaren 27an.

Jardunaldiaren helburua esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea da, mugikortasun seguruagorako bidean aurrera jarraitzeko. Jardunaldian izena emateko interesa dutenek www.seguridadvialeuskadi.eus. gunean eman dezakete aforoa bete arte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak