
Beatriz Artolazabalek zorionak eman dizkie beren “elkartasunagatik eta jarreragatik” udan garapen-bidean dauden herrialdeetan zeregin solidarioetan parte hartu duten Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako 100 kideei
- Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Barrian, garapen jasangarrirako helburuei eginiko ekarpena nabarmendu du
- Hurrengo deialdia 2020ko udarako
Barria, 2019 10 27
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskadiko ehun gaztek, udan, garapen-bidean dauden zenbait herrialdetan GGKE batzuekin batera lankidetza-eginkizunetarako eginiko “ahalegina eta lana” aitortu ditu. Barriako (Araba) foru-aterpetxean batu dira kooperante-taldea –haietatik ia % 80 emakumea– eta garapenerako gobernuz kanpoko 23 erakundetako ordezkariak; Artolazabalekin batera, uztailean, abuztuan eta irailean planteatutako eta lortutako helburuak aztertu dituzte.
Beatriz Artolazabalek honako hau adierazi die: “pozik gaude mundu osoko zenbait erkidegotan eginiko lanengatik eta, batik bat, zeuenganatu eta sendotu dituzuen balioengatik; elkartasunaren eta garapen pertsonalaren arloan esperientziak partekatu dituzue, eta hori zuon jarduketaren bereizgarri izango da bizitza osoan zehar. Horrek euskal gizartearen zutabeetako bat zehaztuko du: gure gazteria”.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau gogorarazi du: “egun batzuk barru, Nazio Batuek Giza Eskubideen Egun Unibertsala ospatuko dute; hartan, 2030eko Agendak, garapen jasangarrirako helburuen bidez, eskubide horiek betetzeko nola, zenbat eta noiz lan egin behar den zehaztuko du, herrialde guztiok batera lan egin dezagun, pobreziarekin amaitzeko, desberdintasunak murrizteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko. Euskal gazteria erabat konprometituta dago horrekin”.
GJH
“Garapen jasangarrirako helburuekin hartu duzue konpromisoa, eta hala egiten dute, halaber, gure lanbide-heziketako zentroek, unibertsitateek, elkarteek eta ikastetxeek, eta horrek guztiontzako onurak ekarriko ditu; izan ere, eragina izateko gaitasuna erakusten du, GKHekin zerikusia duen prestakuntzarako interesa erakartzen du, aliantza berriak sortzen ditu, finantzaketa-iturri berrietara jotzeko aukera ematen du eta prestakuntza-zentro horiek positiboki zehazten ditu”, esan die Artolazabalek, Barrian batu diren ehuna kooperanteei.
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren jardueraren bidez, 5.000 pertsonak jaso dituzte onurak zuzenean Asian, Afrikan eta Hego Amerikan. Garapenerako gobernuz kanpoko 23 erakunderekin batera, pasa den udan, 100 euskal gaztek –gehienak emakumeak– 51 proiektutan parte hartu zuten, aterpetxe, ikastetxe, ludoteka, eskola-laguntzarako eginkizun, heziketa bereziko eta osasuneko zentro, emakume-elkarte, elkarte komunitario eta ingurumen-elkarteetan eta behartuta lekuz aldarazitakoekin.
Beatriz Artolazabalen iritziz, “eredugarria da euskal gazteriaren konpromisoa, eta gizarte konprometitua eta solidarioa erakusten du”. Laster, 2020ko udarako hautaketa-epea zabalduko da. Ekintza uztailean, abuztuan eta irailean garatu da, 15 estatutan: 5 Hego Amerikan, 4 Erdialdeko Amerikan, 4 Afrikan eta 2 Asian. Zuzeneko 5.000 pertsona onuradunei ez ezik, osasun-zentroetan elkarlanean jardun dutenek egunean 20 pertsona baino gehiagori ere eman diete arreta.
Beatriz Artolazabalekin batera, Barriako topaketan, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak Paul Ortega Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak eta Agurtzane Llano Gazteriako zuzendariak ere parte hartu dute.