Berriak Osasuna
Eu

Udan indartu egin du Osakidetzak herritarrentzako arreta osasun-zentroetako langileen ordezkapen gehiagorekin

2019.eko urriak 25

Udako Estaldura Planean 2,6 milioi euro gehiago inbertitu dira, hau da, erizainen eta administrarien 7.000 lanaldi gehiago eta estaldura handiagoa Familia Medikuntzako eta Pediatriako kontsultategietan

Osasun Sailak eta Osakidetzak eutsi egiten diote euren elkarrizketa-borondateari Lehen Mailako Arreta indartzeko aukera emango duten neurrietan aurrerapausoak ematen jarraitzeko

 

Osakidetzak ebaluatu egin du gaur, Mahai Sektorialean, Udako Estaldura Plana, ekaineko bileran aurkeztua, eta uztailean, abuztuan eta irailean aplikatua, profesional gehiagok oporrak hartzen dituzten urteko hilabeteetan herritarrentzako arreta-maila bermatzeko. Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Diegok azaldu duenez, joan den udan estaldura handiagoa eman da ordezkapenetan aurreko urteen aldean. Zehazki, 2018an baino 7.000 lanaldi gehiago bete dira, eta familia-medikuek eta pediatrek ematen duten arretaren estaldura handiagoarekin batera, egin den inbertsioa 2,6 milioi euro gehiago izan da 2018ko aldi berean egindakoaren aldean.

Hori, ordea, ez da neurri bakarra inpaktu ekonomikoa izan duena, Lehen Mailako Arretako Estrategiaren garapenean, Mahai Sektorialean aztertu izandakoa. Neurri horrez gain, ondokoak ere ebaluatu dira ekonomikoki: 2019an Lehen Mailako Arretan gehitu diren langileak; irailean iragarritako LEP deialdia familia-medikuentzat eta pediatrentzat; lehen mailako arretako zentroetan egindako inbertsioak; eta estrategiak izan duen inpaktu ekonomikoa Osakidetzak pertsonal-gastuetarako bideratzen duen partidan.

Bilera amaitzean, Osakidetzako zuzendari nagusiak "deitoratu" egin du ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariak bileran izan ez izana. Juan Diegok bere martxa kritikatu du, batez ere "lehen mailako arretarekin zerikusirik ez" duelako, gaurko bileraren gai "nagusia".

 

UDAKO ESTALDURA PLANA

Udako hilabeteetan populazioak dituen asistentzia-premiei erantzutearren, langileen portzentaje handiago batek oporrak hartzen dituenean hain zuzen, uztailean, abuztuan eta irailean ezartzeko neurri batzuk planteatu zituen ekainean Osakidetzak, eta 2018ko aldi berarekiko, 2,6 milioi euro gehiago inbertitu dira ondorioz; horietatik 1,2 milioi fakultatiboei dagozkienak (medikuak eta pediatrak) eta 1,4 milioi erizainei eta administrariei.

Horrek ahalbidetu du aurreko udan baino % 9 gehiago izatea erizainen eta administrarien lanpostuak estaltzeko lanaldiak; 7.000 lanaldi guztira. Gainera, 414 gainjartze-lanaldi gehiago egin dira, ia % 10 gehiago 2018ko udan baino. “Bete egin dugu, baita gainditu ere, gure konpromisoa udan Osakidetzako langileen ordezkapenak estaltzekoa”, ziurtatu du Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak.

Juan Diegok bileraren ondoren nabarmendu duenez, Lehen Mailako Arretako pertsonala indartzeko Osasun Saila eta Osakidetza egiten ari diren apustua "irmoa da”, udako datuek erakutsi bezala. Neurri horiei duela gutxi hartutako beste batzuk gehitu behar zaizkie, Lehen Mailako Arreta Estrategia abiaraztean, zeinak 35 neurri zehatz jasotzen dituen asistentzia-maila hori indartzeko, kontuan izandako osasun-sistemarako sarrerako atea dela herritarrentzat.

 

LANGILE GEHIAGO LEHEN MAILAKO ARRETAN ETA LEP 2019

Neurrietako bat da pertsonal-baliabideak eta baliabide materialak indartzea, eta ildo horretatik, duela gutxi Gobernu Kontseiluak onetsi egin du 46 lanpostu berri sortzea Familia Medikuntzan eta Erizaintzan; asistentzia-eskari handiena duten Lehen Mailako Arretako zentroetara bideratzen diren plazak dira. Gainera, dagoeneko martxan dago 215 lanpostu betetzeko hautespen-prozesua Familia Medikuentzat eta Pediatrentzat, eta 2020ko lehenengo seihilekoan egingo da proben deialdia. Bestalde, nabarmentzekoa da Euskadik lortu duela prestakuntza sanitario espezializatuko egoiliarren eskaintza handiena bere historian. Gehikuntza horrek eragin zuzena izan du Lehen Mailako Arretan, non 2019an 22 lanpostu gehiago zenbatu diren 2018an zeudenen aldean; beraz, 1,2 milioi euro gehitu da gastua kontzeptu honetan, 2018aren aldean.

Bestalde, gaur izandako Mahai Sektorialean, Osakidetzak azpimarratu egin du bere borondatea elkarrizketarako eta akordioak lortzeko Lehen Mailako Arreta indartzeko aukera emango duten neurrietan aurrerapausoak ematen jarraitzearren.

 

INBERTSIO HANDIAGOA LEHEN MAILAKO ARRETAN

Eusko Jaurlaritzak Lehen Mailako Arretarekin hartua duen konpromisoa islatuta geratu da 2020rako Aurrekontuen Proiektuan. Astearte honetan Gobernu Kontseiluak onetsia, proiektuan jasota geratu da Osasun Sailak eta Osakidetzak inbertsioetarako bideratutako hiru eurotatik bat Lehen Mailako Arretako zentro berriak eraikitzeko edo orain daudenen ekipamenduak berritzeko izatea eta aurrekontu horietan aurreikusikoaren arabera inbertsio-maila parekoa izango da 2021ean.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriak 25

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak