Eu

Euskal merkataritza bultzatzeko neurri berriak iragarri ditu Sonia Pérez Ezquerra sailburuak Legebiltzarrean izan den Osoko Bilkura Monografikoan.

2019.eko urriak 28

Osoko Bilkura Monografiko bat egin da gaur Legebiltzarrean, euskal merkataritzaren oraingo eta etorkizuneko egoeraren inguruan. Osoko Bilkuran, arlo honetan Gobernuak egindako jarduerak azaldu dizkie legebiltzarkideei Sonia Pérez Ezquerra sailburuak, eta neurri batzuk aurreratu dizkie bertan.

Sailburuak Legebiltzarreko taldeei eskatu die apustu egiteko euskal merkataritzaren alde, hurbileko gure merkataritza-ereduaren alde, horrek gizarteari ematen dion balio erantsia kontuan hartuta. Gainera, dei bat egin die kontsumitzaileei konpromiso bat har dezaten kontsumitzeko modu berri bat berenganatzeko, arreta handiagoa jarriko duena erosketaren balioan ekintza sozial gisa, eta ez bakarrik prezioan. Azkenik, herrialde-itun bat aldarrikatu du erosketa-eredu berrietatik eratorritako garrantzizko erronkei aurre egiten ari zaien eredu bat iraunaraztearren.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak euskal merkataritzaren oraingo egoera aztertu du, zeina aurre egiten ari zaion dualizazio-prozesu bati. Batetik, krisiaren ondoren, azken hiru urteetan hazi egin da enpresa sendoagoen portzentajea eta handitu egin da bai enpleguaren batez besteko tamaina saltokiko bai batez besteko inbertsioa, eta duela hiru urte baino marjina komertzial hobeagoekin.

Euskal Merkataritzak % 10,7 ekartzen dio BPGri eta Gizarte Segurantzara 138.091 afiliatu daude jardunean, aurtengo hirugarren hiruhilekoan. Euskal ekonomiaren guztizkoarekiko, jardunean dauden afiliatuen % 14,4 biltzen ditu merkataritzak. Bestalde, behera egiten jarraitzen dute saltoki txikien kopuruak eta merkataritza-mota horri lotutako enplegu autonomoak, nahiz eta Euskadiko merkataritza-dentsitateak mila biztanleko 12 ingurukoa izaten jarraitu, eta Espainiako eta Europako merkataritza-dentsitatea baino handiagoa izaten jarraitzen du; hortaz, bereizi egiten da euskal merkataritza.

Sailburuak azaldu duenez, sektorearen birmoldaketaren eszenario honetan, Gobernuak apustu egin du garatze-prozesuan diren merkataritza-proiektu bideragarriei zuzendutako laguntza-programen eta -lerroen alde, merkataria, hirigune komertzialak eta elkartegintza indartzea xedetzat duten politikekin. Gainera, Sailak apustu egin du enpresa-ehuna berritzearen alde, ekintzailetzara bideratutako programekin.

Digitalizazioa

Hausnarketa bat egin da Sailaren digitalizazio-lerroei buruz, zeinen oinarria diren nagusiki EUS COMMERCE programa eta lehia kudeatu eta hobetzeko lerroa, “Saltokitik enpresara” ekimenaren bitartez.

“Eus commerce” dagoeneko egituratuta dagoen programa bat da, 2017an martxan jarri zenetik bere deialdi guztietan eskaera nabarmena izan duena parte hartzeko interesa zuten enpresen aldetik, eta enpresa parte-hartzaileen salmenten, bezeroen eta errentagarritasunaren hobekuntzan oinarritu da. e-commerce-rekin, euskal saltokien online salmenten portzentajea % 35,3koa da; % 8,1eko gehikuntza 2017. urtearen aldean.

 

Modernizazioa eta ekintzailetza

Sailaren programen berritasun nagusia EMCO programa da, merkataritzaren arloan ekintzailetza bultzatzekoa. Sailak iragarri duenez, urte honetarako deialdirako % 80 gehitu da aurrekontu-zuzkidura merkataritzaren arloan ekimen berrien ezarpena handitzeko. Lehenengo edizioak enpresen 569 eskaera jaso zituen, eta 5.278.000€-ko inbertsioa egin eta 1.896.000€-ko dirulaguntza eman zen. Orain, bigarren edizioa ebaluatzen ari dira. Sailburuak nabarmendu egin du emakumeak betetzen duen paper garrantzitsua euskal merkataritza-eredua mantentzen, eta azpimarratu egin du programetan genero-ikuspegia txertatu izana; horretarako, diskriminazio positiboko neurriak aplikatu dira baremazioetan, emakumearen ekintzailetzaren eta ahalduntzearen bidea hobetzeko.

EMCO bezalako programetan, politika hauen egokitasuna aditzera ematen digute datuek: dirulaguntza jaso duten enpresa gehienak, % 69, emakumeak titulartzat dituzten erakundeak dira, gutxienez % 50eko partaidetza-portzentajearekin. Portzentaje horrek gora egiten du % 88ra arte Araban eta % 78ra arte Gipuzkoan; Bizkaian, berriz, % 62koa da.

Hiriguneetako merkataritzaren dinamizazioa, Hirigune, eguneratu egin da Gida Planarekin bat etorriz eta % 25 jarduera gehiago ditu joan den edizioaren aldean. Hirigunek ahalbidetu egiten ditu, ematen dituen dirulaguntzekin, gure merkataritza modernizatzeko eta bizirik irauteko hauek bezalako elementu garrantzitsuak: bizikidetzarako kaleak sortzea, merkataritza-guneak oinezkoentzat egitea, egokitzapenak eta azpiegiturak kalez kaleko salmenta-eremu egokiak eta duinak edo banaketa-eremuak sortzeko.

Merkataritzako Ekipamenduak Modernizatzeko programak (MEC) areagotu egin du zazpi puntutik gorako bere palanka-efektua inbertsio propioaren gainean. Legebiltzarrean sailburuak adierazi duenez, ekitaldi honetan apustu egin da laguntza-premia handiena duten merkataritzako sektoreen alde, irizpide sozialak txertatu izanari esker; horrek, hobarien bitartez, lehentasuna eman dio enplegu finkoari edo emakumea berdintasun-baldintzetan lan-merkatuan txertatzeari. Programa honek 13.487.000 euroko inbertsio induzitua ahalbidetu du; 349 enpresari lagundu zaie 1.054.054 euroko dirulaguntzarekin.

Prestakuntza

Sailburuak bere agerraldian iragarri duen berritasunetako bat izan da “Euskal Retail Prestakuntza” programa berria sektorearen profesionalizazioa sustatzeko helburuz, eta horretarako baliabideak eta ezagutza emango dira euskal saltokietan negozio-eredu lehiakorrago batera bideratutako eraldaketari arrakastaz heltzen laguntzeko. Ekitaldi honetan, programa berri honek 400.000 euroko aurrekontu-zuzkidura izango du berau abian jarri eta aurreneko ekintzak burutzeko; ekintza horietako bat neurrirako prestakuntza izango da, segimendu pertsonalizatuarekin eta prestakuntza-premien diagnostikoarekin, besteren artean.

Hala, 2019an, ibilbide luzea izango duen apustu bati ematen zaio hasiera sektorearen lehiakortasunaren alde, giza kapitala indartzearekin baldintzak sortuko baititu prestakuntzarako ahalegin berritzaile eta denboran eutsia izango den baterako.

Elkartegintza

Sailburuak hausnarketa bat egin du euskal merkataritzaren arloko elkartegintzak betetzen duen zereginari buruz. Sonia Pérez Ezquerrak elkarte-ehunaren profesionalizazio handiago bat aldarrikatu du, sektorearen errealitate eta premia berrietara egokitu dadin.

Horretarako, iragarri egin da elkarteetako eta enpresa-erakundeetako egituren finantzazioa egonkorra indartzea, sektoreko elkarte-sistema beren ingurunean antolatzeko gai izan daitezen. 2019an irmotu egin da aurrekontu-ahalegina Euskomer eta Euskaldendak programetako kide diren Federazioetako egiturak babesteko pertsonalari eta ezarpenari dagokienez. Sektorearekin dagoen elkarrizketa etengabearen esparruan, Sailak urtean behingo 4 hausnarketa-foro jarri ditu martxan sektorearekin; hiru hilean behin izango dira, eta unean uneko egoeraren analisi bat egingo dute batera.

Turismoa Merkataritza Hibridazioa

2019an jarri da abian “Erosketa arduratsuko turismoa” izeneko programa. Proiektu honen asmoa da eskari turistikoaren dinamismoa hiriko saltoki tradizional eta berezien bultzadaren zerbitzura jartzea. Programa honek Turismoaren Mundu Erakundearen bermea du eta, garatu ondoren, Euskadin garatutako pilotajea eredutzat eramango du beste lurralde batzuetara. Gure tokiko produktua garatzea da programa honen helburua, bai orokorrean bai kalitateko elikagaien eremuan, baita tokiko modak eta artisautzak adierazten duten berezko identitatean eta diseinu propioan ere.

Udal azokak

Udal Azokak Euskadi Gastrononomika Produktuaren Klubean kide izango direla iragarri da, horrek berekin dakarren ikusgarritasuna kontuan hartuta, eta txertatu egingo dira ostalaritzarekin eta turismoarekin lotutako zeharkako ekimenen bitartez azokei nabaritasuna ematen lagunduko dieten proiektuetan. Datozen asteetan dinamizaziorako ekintzen programa bat martxan jarriko da Euskadiko zortzi azokatan.

Merkatuen Adimena, Behatokia.

Legebiltzarrean izan duen jardunean sailburuak taldeei iragarri dienez, berriro definitu eta jarriko da abian Euskadiko Merkataritzaren Behatoki berria, helburu hauekin: adierazleak, erreferentzia-ereduak izatea, konparazioak, ebaluazioak eta segimenduak ahalbidetuko dituztenak, baita informazio lagungarria ere erabaki estrategikoak hartzeko eta merkataritzaren sektoreari laguntzeko politikak definitzeko garaian.

Behatoki berri hau martxan jartzeko aurreikusita dauden jarduerak hauek dira: sektorearen egoeraren urteko txosten bat lantzea, merkataritzaren koiunturaren inkesta, DAFO sektorial bat, Merkataritzaren Barometro bat eta merkataritzaren eskariaren Barometro bat.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak