Eu

Arabako Mugikortasun Agintaritzak martxan jarriko du urtarrilean BAT txartela telefono mugikorraren bidez kargatzeko app bat

2019.eko urriak 24
  • Aplikazioa proba fasean dago, interesa duten pertsonek parte hartu ahal duten proiektu pilotu bat dela medio
  • Kargatzeko makina bat ere instalatuko du Logroñoko geltokian
  • Aurrera egingo du BAT, BARIK ETA MUGI txartelen elkarreragingarritasunean

Arabako Mugikortasun Agintaritzak martxan ipiniko du datorren urtarrilean gailu mugikorretarako aplikazio bat, aukera emango duena BAT txartela kargatzeko eta hiri arteko foru garraiorako, Tuvisa-ren lineetarako eta Gasteizko tranbiarako ordainketa sistema honetako beste gestio batzuk egiteko. Helburua da BAT txartelaren erabilera erraztea, tranbiaren geltokietan, banku entitateen kutxa automatikoetan eta Euskotren-en bulegoetan errekargatu beharrik gabe.

Arabako Mugikortasun Agintaritza – AMAk tresna berri hau abiarazteko egutegia erabaki zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailaren egoitzan egindako bilkuran, bertan Garraio sailburuordea, Antonio Aiz, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua, Javier Hurtado, eta Vitoria-Gasteizko Udaleko Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzia, Amaia Barredo, izan zirelarik.

Aplikazioa momentu hauetan proba fasean dago, proiektu pilotu bat dela medio, zeinean parte hartu ahal baitute interesatuta daudenek, email bat bidaliz helbide honetara: batnfc@euskotren.eus. Euskotren harremanetan jarriko da posta elektronikoz, eta aplikazioa deskargatzeko lokarria emango du. Proba pilotuan parte hartzen duten erabiltzaile guztien artean, bizikleta elektriko bat zozketatuko da.

Halaber, Arabako Mugikortasun Agintaritzak erabaki zuen BAT txartela kargatzeko makina bat instalatzea Logroñoko autobus geltokian, zerbitzua eskaintzeko hiri horretatik abiatu edo hartara iristen diren hiri arteko foru garraioko autobusak erabiltzen dituzten milaka bidaiariei. Makina hau funtzionamenduan egongo da datorren urtean, 2020an, eta Gasteizko autobus geltokian dagoenari gaineratuko zaio.

AMAn ordezkaturik dauden hiru instituzioek, halaber, konpromisoa hartu zuten erakunde arteko organo hori partzuergo nortasun juridikoaz hornitzeko eta elkarlanean jarraitzeko Euskadin garraio publikoa ordaintzeko dauden hiru txartelen elkarreragingarritasunean (BAT Araban, BARIK Bizkaian eta MUGI Gipuzkoan) aurrera egiteko, Euskadiko Garraio Agintaritza – AGEren elkarreragingarritasun txostenaren esparruan.

Helburu horrekin, EGAk datorren azarorako Erlkarreragingarritasun Mahairako deia egingo du. Hartan Jaurlaritzak, Arabako Mugikortasun Agintaritzak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Gipuzkoako Lurraldeko Garraio Agintaritzak hartzen dute parte. Bilkuraren helburua da BARIK eta MUGI txartelen elkarreragingarritasuna osatzea Tuvisa-n, Alavabus-en autobusetan eta Eskualdeko Garraio Zerbitzuan.

AMA koordinaziorako aholku organo bat da, Araban mugikortasuneko eskumenak egikaritzen dituzten eta garraio operadore moduan diharduten erakundeek osatua. Haren osaera parekidea da, eta lehendakaritza txandakakoa: Eusko Jaurlaritzak dauka lehendakaritza 2019an, joan zen urtean ardura hori Arabako Foru Aldundiari egokitu ondoren, eta Vitoria-Gasteizko Udalak izango du erantzukizun hori 2021ean.

2018an eratutako organo hau, Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailari eratxikita dago eta, besteak beste, arlo honetako politikak eta estrategiak batera jartzeko eginkizuna dauka, Arabako herritarrei garraio sistema integrala, kalitatezkoa, segurua, jasangarria eta iristerraza eskaintzeko; eta garraio publikoko zerbitzuak eta azpiegiturak planifikatu eta koordinatzeko erabakiak hartzea.

Azken helburua, Arabako herritarrei ematen dien garraio zerbitzu publikoa hobetzea da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Hurtado (Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua), Amaia Barredo (Vitoria-Gasteizko Udaleko Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzia)