Berriak Osasuna

Araba ESIk AUO Txagorritxuren barrualdea apaindu du kanpaina honen bidez: “Eskailerak igoz, hobeto sentitzen gara”

2019-10-23

Bisualki erakargarriak diren espazioak sortu dira pazienteentzako, haien familientzako eta profesionalentzako ospitale-espazioa humanizatzen duten paisaia-irudi handiekin

Ekimen honek, zalantzarik gabe, erabiltzaileen osasuna eta ospitaleko ingurunea hobetuko ditu

“Eskailerak igoz, hobeto sentitzen gara” kanpaina abian jarrita, Araba ESIk bizi-ohitura osasungarriak garatzea proposatzen du eskailerak igogailuaren alternatiba gisa erabiliz.

 

Ekimen hau Xavier Ribas Araba ESIko pneumologoak sustatu du, eta Bartzelonako Itsasoko Ospitaleko langileek sortu duten ideia hori ekarri du gure erakundera. ESIko profesional sanitarioek parte hartu dute kokalekuak aukeratzen eta mezu motibagarriak egiten, hala nola: “Gorbeako Gurutzera heldu zara. Arabako gailurrik inportanteenetako bat da eta Euskal Herriko Parke Naturalik handienean dago. Ikuspegi ikusgarriak eta 20.000 hektarea baino gehiagoko ingurune babestua gozatzeaz gain, zure bizi-kalitatea eta osasuna laguntzen ari zara”.

Kanpaina honen helburua da egunerokotasunean ariketa sustatzea, solairu bakoitzean Arabako gailur enblematiko baterako igoera simulatuz, eta horrela osasuna eta natura batuz Araba ESIn.

Horretarako, AUO Txagorritxuk ospitaleko zenbait barne-espazio apaindu ditu, bisualki erakargarriak diren espazioak sortu dira, pazienteentzako eta haien familientzako, erabiltzaileentzako eta profesionalentzako ospitale-espazioa humanizatzen duten pasaia-irudi handiekin. Halleko espazioek, igogailuen barrualdeak, bizikleten aparkalekuak eta ospitaleko 10 solairuek, eskaileren aldean, elementu geografiko ezagunen irudiak erakusten dituzte, Arabako kobazulo, mendi eta parke desberdinetarako igoera sinbolizatzeko.

Kokaleku horiek gailurren altuera-ordenaren arabera daude kokatuta, AUO Txagorritxu osatzen duten solairuetan zehar:

  1. soto-solairua: Mairuelegorretako kobazuloa
  2. soto-solairua: La Lezeko kobazuloa
  3. behe-solairua: Eraztun Berdea
  4. solairua: Olarizu
  5. solairua: Zaldiaran
  6. solairua: Tologorri
  7. solairua: Udalaitz
  8. solairua: Toloño
  9. solairua: Anboto
  10. solairua: Gorbea

 

Pasaien irudiek mendi edo kobazulo bakoitzaren informazioa jasotzen dute, baita osasuna eta egoera fisikoa hobetzen dituzten jardueren gomendioak ere. Ekimen horrek, zalantzarik gabe, arabarren osasuna hobetuko du, baita ospitaleko ingurunea ere.

Kontuan izan behar da eskailerak igotzeak onura handiak ekartzen dizkiola osasunari. Astean 55 eskailera-tarte baino gehiago igotzeak gutxitu egiten du goizegi hiltzeko arriskua. Aldi berean, maila bakoitzak eguneroko jarduera fisikoaren 30 minutuko helburura hurbiltzeko balio du, gaixotasun kardiobaskularren intzidentzia murrizten da, garuna oxigenatzen da eta estresa murrizten da, eta errendimendua eta kontzentrazioa hobetzen dira. Eta ingurumenerako onurak ere lortzen dira, argindar kontsumoa eta atmosferara berotegi efektua duten gas isurketak murriztuz.

Ekimen honen bidez, Araba ESIk ohitura osasungarriak sustatu nahi ditu, Osasun Sailarekin koordinatuta, Arabako biztanleen osasuna hobetzeko. Osasuna sustatzeko kulturak herritarren artean lekua hartzen jarraitu behar du, eta, hori garatzeko, ezinbestekoa da osasun publikoko politikei lehentasuna ematea. Politika horiek Osasun Sailaren 2013-2020 Osasun Planean jasota daude, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, eta herritarren jarduera fisikoaren praktika sustatu behar da, Euskadiko Jarduera Fisikoaren Planean zehaztutako jarraibide eta estrategiei jarraikiz.

 

Vitoria-Gasteizen, 2019ko urriaren 23an

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko