Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Euskadiko haur eta gazteen premiei eta beharrei buruzko azterlana

2011.eko apirilak 14

 

  • Sexuak tabu izaten jarraitzen du gurasoekiko harremanetan
  • Euskadiko nerabeek uste dute irudi fisikoa garrantzitsua dela onartua izateko
  • "Umetzat hartzen gaituzte oraindik"; leporatzen diete nerabeek familiei

 

Edertasun estandarrak ez betetzeak besteen isekak edo gizarte-isolamendua eragin dezake. Hori uste dute Euskadiko nerabeek, zeinek garrantzi berezia ematen baitiote irudi fisikoari. Hori da Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gaur Euskadiko haur eta nerabeen beharrizan eta eskariei buruz aurkeztu duen txostenaren ondorioetako bat.

Azterlan hori, beste hainbat txosten eta lanekin batera, oinarri gisa erabiliko da Euskadiko Haur eta Nerabeen I. Plana egiteko. Plan hori urte honen amaiera alderako onartuko da, eta haur eta nerabeen ongizatea lortzeko politika publikoak jasoko ditu. Txosten hori Haur eta Nerabeen Behatokiaren lehenengo emaitza da. Behatoki hori ikuspegi@k izenaren pean sortu berri den Gizarte Gaietako behatokien sarearen barruan kokatzen da. Sare horretan sartzen dira, baita ere, Gizarte Gaiei, Familiari eta Immigrazioari buruzko behatokiak.

Haur eta nerabeei buruzko txostena hainbat eztabaida-taldetan oinarritu da, 6 urtetik 16ra bitarteko 194 adingaberen, 84 irakasleren eta 91 gurasoren partaidetzarekin, eta horri esker gazteen iritzia jaso ahal izan da, kezkatzen eta interesatzen dituzten gai nagusiei buruz.

Familiarekiko komunikazioari dagokionez, txikienak (6 urtetik 12ra bitartekoak) kexu dira gurasoek ulertzen ez dituztelako, baina hala ere gustuko dute haiekin denbora gehiago igarotzea. Edertasuna baloratzen dute, eskolan estimazioa izateko garrantzitsua delakoan. Osasuna eta elikadura ere aintzat hartzekoak dira. Ohitura osasungarriak baloratzen dituzte, etorkizunean arazorik ez izateko; hala ere, nahiago dute janari lasterra. Beraien ustez, gauza dira gurasoak konbentzitzeko gustuko ez duten janaria beste batez alda dezaten.

Ikasketek aspertu egiten dituzte, nahiz eta etorkizunerako garrantzitsuak direla uste duten. Pagari dagokionez, 5 eta 15 euro bitarte jasotzen dute astean.

Bestalde, nerabezaroan (12 urtetik 16ra) gurasoekiko komunikazio-arazoak areagotu egiten dira. "Oraindik umetzat hartzen gaituzte", baieztatzen dute. Erosoago sentitzen dira beren berdinekin. Gizarte-sareen bidez komunikatzen dira haiekin, han lotsa gutxiago sentitzen baitute; eta jadanik ez dute familiarekin egoteko interesik.

Irudi fisikoaren presioa sentitzen dute, eta edertasun-estandarrak ez betetzeagatik beren lagunek barre egingo dieten beldur dira. Heldu ahala presio hori arinduz joango delakoan daude. Sexualitatea tabu da familiekiko elkarrizketetan.

Ikasketetan desmotibatuta daude irakasgaien erabilgarritasun praktikoa ikusten ez dutelako, baina ulertzen dute oinarrizko ikasketa-mailarik gabe nekez iritsiko direla heldutasunera eta lan-merkatura.  Eguneroko ekonomian gutxiago aurrezten dute, batez ere urteak bete ahala. Telefono mugikorra da lagunekin eta familiarekin komunikatzeko tresna nagusia. Mugikorrik gabe ezin litezkeela bizi esatera ere iristen dira.

Etorkizunari begira, zoriontsu izateko beharrezkotzat jotzen dute bikotean bizitzea (batez ere neskek), norberaren etxebizitzaren jabe izatea eta lan egonkorra edukitzea.

Txosten horrez gain, ikuspegi@k behatokien sareak 176 adierazlez osatutako sistema sortu du, urtero zenbatu eta eguneratu ahal izango den informazio-tresna gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeen egoeraren jarraipena egin ahal izateko.

2 iruzkin
  • @latejo
    2011.eko apirilak 18

    Comentario de Twitter:
    @irekia Estudio sobre necesidades y demandas de la infancia y adolescencia de Euskadi http://www.irekia.euskadi.net/es/news/5772

  • @Ikirax
    2011.eko apirilak 15

    Comentario de Twitter:
    Estudio sobre necesidades y demandas de la infancia y adolescencia de Euskadi http://bit.ly/gWjtJQ via @irekia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)