Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Komunikazio politikoko formula zaharrek “ez dute funtzionatzen”

2011.eko apirilak 14

Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazio sailburuak adierazi du “teknologia berriekin iraganarekin apurtu dela” eta “parte hartu nahi duten” pertsonengana iritsi dela

Teknologia berriek gobernua eta herritarren arteko harremanak aldatzea ekarri dute, “gobernatzeko modua aldatu da”, ziurtatu du Justizia eta Herri Administrazio sailburuak. “Elkarrekintza-aukerak amaigabeak direla” eta “formula politiko zaharrek dagoeneko ez dutela funtzionatzen” gehitu du. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren betebehar eta konpromisoetako bat “opakotasunaren” aurrean “gardentasuna eta parte-hartzea” bilatzea dela gogorarazi du.

Idoia Mendiak Eusko Jaurlaritza gardentasuna eta herritarrekiko hurbiltasuna lortzeko egiten ari den ahaleginak azpimarratu ditu. Euskadiren OpenDataren papera gailendu du, “lizentzia irekiekin datuak askatzea” dakar eta. Mendiaren hitzetan, helburua “gizarteari dagokiona itzultzea da, herri-administraziook haien diruarekin lortu duguna itzuli egiten diegu”. Sailburuak esan du Irekia “komunikaziorako eta gardentasunerako ataria” dela eta bertan herritarrei “beren gobernuaren inguruko ikuspegi hurbila” ematen zaiela.

Justizia eta Herri Administrazio sailburuak, Idoia Mendiak, gaur goizean Herritar Digitala Nazioarteko II. Kongresuari hasiera eman dion ekitaldian parte hartu du Donostian. Bere esku-hartzean, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio sailburuak politikan jarduteko modu berriak aipatu ditu, hau da, herritarren parte-hartzean oinarrituta daudenak. Horiek hainbat alderditan ikusten dira, adibidez, datuak zabaltzea (open data) eta open government (gobernu irekia) delakoa.

Mendiak Gobernuak datozen asteetan onartuko duen Berrikuntza Publikorako Plana aipatu du. “Nobedadea plana lantzeko prozesuan datza”; izan ere, “190 pertsonak baino gehiagok esku hartu dute eta sare sozialak erabili dira”.

Teknologia berriek arduradun politikoen eta herritarren arteko harremanean duten eragina da kongresuaren gai nagusia, eta bertan, Eusko Jaurlaritzako zuzendari bik esku hartuko dute bihar. Alberto Ortiz de Záratek (Herritarrentzako Arreta) ‘Datu publikoak irekitzearen inguruko lau ikuspuntu’ mahai-inguruan parte hartuko du. Nagore de los Ríosek (Gobernu Irekia eta Internet), berriz, ‘Herritarrek benetan parte hartu nahi dute?’ mahai-inguruan esku hartuko du.

Herritar Digitala Nazioarteko Kongresuak urtero topagune bihurtu nahi du ‘ziber-herritarrak’ kontzeptuaren esparruak aztertzeko eta gizarteak-sareak aurkezten dizkigun egoera berriei buruz eztabaidatu eta hausnartzeko eta egoera horiek ezagutu eta gainditzeko. Edizio bakoitzean, etorkizuneko gizartea zehazteko gai estrategikoak argitzen saiatzen da: hezkuntza-eredu berri baten diseinua, demokrazia parte-hartzailearen kontzeptua berriz definitzea eta IKTek mundu-mailan dakartzan arriskuen prebentzioa.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia