Eu

Itelazpik, beste telekomunikazio-azpiegitura batzuekin batera "III. UNIRED Foroa" antolatu du

2019.eko urriak 23
  • Matxalen Lauzirikak, Itelazpi Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietateko zuzendari nagusiak eta UNIREDen egungo presidenteak eman dio hasiera eta amaiera foroari
  • 5G teknologiak aukera emango du aplikazioak eta zerbitzuak garatzeko industria askotan, baina baita hirien eta gizartearen kudeaketa hobetzeko ere, arrakala digitala murrizten lagunduz
  • Azpiegituren operadoreek funtsezko zeregina izango dute 5G teknologiaren zabaltze arrazionalizatua eta iraunkorra egiteko
  • Abian daude dagoeneko lehenengo proiektu pilotuak, baina 2020ko ekainaren 30etik aurrera azkartuko da prozesua, 2. Zatikizun Digitala amaitutakoan

Pasa den urriaren 17an, ostegunean, egin zen Madrilen “III ForoUNIRED SmartTowers – 5G Erronkak eta aukerak” topaketa, UNIRED telekomunikazio-azpiegituren operadore nagusiak elkartzen dituen erakundeak antolatuta. Jatorriz oinarri autonomikoa zuen eta une honetan enpresa publikoak (Itelazpi, AST, Retegal, Nasertic eta Ibetec) eta estatu mailako proiekzioa duten enpresa pribatuak (Axión eta TelecomCLM) ere hartzen ditu.

Topaketa lau mahairen inguruan egituratu zen. Mahai horietan, erakundeetako eta hezkuntza sektoreko ordezkariek, operadore komertzialek, ekipoen fabrikatzaileek, hainbat industriatako ordezkariek eta azpiegituren operadoreek eurek parte hartu zuten. Ekitaldiari Matxalen Lauzirikak eman zion hasiera, Itelazpi Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietateko zuzendari nagusiak eta UNIRED elkartearen presidenteak. Azpimarratu zuenez 5G aukera bat izango da negozio eredu berriak eta sektoreko eragileen arteko lotura eredu berriak sortzeko. Azpiegiturek funtsezko egitekoa izango dutela gaineratu zuen, zerbitzuak zabaltzean nahiz zerbitzuak eskaintzean, izan ere nukleo handietara zein landa eremuetara iritsi behar dute.

Jardunaldian telefonia mugikorreko teknologia berri horrek izango duen garrantzia egiaztatzeko aukera izan zen. Hiru oinarri teknologikoak -abiadura, aldi bereko konexio kopurua eta, bereziki, latentzia,1 ms baino txikiagoa– hobetzen dituenez, aukera asko ematen dio sektore ugariri, batik bat mugikortasunekoei, industriakoei, osasunekoei eta aisialdikoei. Publiko orokorrari eta gizarteari dagokionez, teknologiak berrikuntzak ekarriko ditu hirien kudeaketan, ingurumena babestean, adinekoak zaintzean eta arrakala digitala murriztean.

Foroan, halaber, ondorio garrantzitsu bat atera zen: azpiegituren operadoreek funtsezko zeregina izango dute teknologia zabaltzean, bereziki populazio dentsitate handiko eremuetako hiri altzarietako Small Cells delakoak zabaltzean. Administrazioek eta gizarte erakundeek zabaltze arrazionalizatua eta iraunkorra egiteko eskatzen dute, eta horretarako, partekatze eredu bat gauzatu beharko da operadore neutro baten bitartez.

UNIRED foroaren lehen kapitulua 2016an jarri zen martxan, telebista komunikabide unibertsala eta doakoa defendatuz. Bigarren foroa 2017an egin zen Bilbon, “SmartTowers” izenarekin, eta telekomunikazio dorreek etortzekoak ziren zerbitzu berrietan izango zuten zeregin erabakigarria izan zuen ardatz. Bi urte geroago, aurreikuspen hura berretsi egin da eta pasadan ostegunean, hirugarren edizioan, egiaztatu ahal izan da azpiegituren kudeaketa eredua erabakigarria izango dela 5G teknologia zabaltzean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak