
Duela lau urte Mondragon Unibertsitatean titulua eskuratu zuten ikasleen okupazio-tasa % 97koa da
- 2015eko promozioko egresatuen % 3 baino ez dago langabezian; % 90 lanean dago eta gainerako % 7ak prestakuntzarekin jarraitzen du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren azken txostenean 2015eko promozioari buruz jaso diren datuen arabera
- Azken urteotako enplegagarritasun-daturik altuenak dira, eta okupazio-tasa % 97koa dela erakusten dute
- Emakume egresatuen enplegagarritasun-tasa da nabarmentzekoa; % 94koa da
DSS, 2019 10 23
Mondragón Unibertsitatean 2015eko promozioan titulua eskuratu duten gazteen okupazio-tasa % 97koa da. Haietatik, % 88k prestakuntzaren araberako enplegua du, beren unibertsitate-prestakuntzaren araberakoa. Promozio horretako egresatuen % 3 baino ez dago langabezian, eta gainerako % 7ak prestakuntzarekin jarraitzen du. Horiek dira Lanbide Eusko Jaurlaritzako Euskal Enplegu Zerbitzuak Mondragón Unibertsitateko 2015eko promozioko egresatuen inguruan eginiko azken laneratze-inkestaren datuek erakusten dutena; inkesta gaur aurkeztu dute, Hernanin, Orona fundazioan, Beatriz Artolazabal sailburuak eta Vicente Atxa errektoreak.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau nabarmendu du: “Mondragón Unibertsitateko ikasleek, gaur egun, enplegu osoa eta ona dute, bai eta beren ikasketekin zerikusia duen lana ere. Prestakuntza gehiago, hizkuntzak, espezializazioa eta talde-lana bezalako gaitasunak sustatzea funtsezkoak dira, enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa lortzeko. Inkesta horren datuek erakusten dute Mondragón Unibertsitateak nolako gaitasuna duen merkatuaren beharretara egokitzeko. Bost urtean baino ez, langabezia % 22,7koa izatetik % 3,4koa izatera igaro da.
Txosteneko emaitzek Unibertsitateko enplegagarritasun-tasaren eta beste oinarrizko adierazle batzuen emaitza oso onak erakusten dituzte, bai lehen enplegua bilatzeko orduan, bai hura betetzeko orduan. Enplegagarritasun-datuak azken urteotako altuenak dira, eta enplegu-tasa oso altua erakusten dute; hori guztia enpresek eta erakundeek benetan dituzten beharretara oso bideratuta dauden ikasketen eta prestakuntza praktikoaren ondorioz lortu da. Bertan, gainera, praktikak egiten dira, ikasleen proiektuak eta prestakuntza duala derrigorrezkoa da eta enpresekin elkarlanean ikerketako eta transferentziako proiektuetan parte hartzeko aukera dago eta horrek erraztu egiten du enplegura jotzeko kanala.
Lan-bizitzan sartzeko inkesta 2018an egin zien Lanbidek Mondragón Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko, Enpresagintza Fakultateko eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko 2015eko promozioko 700 ikasle egresatu ingururi. Inkesta horretatik ondorioztatzen da 2015eko promozioko hamar ikasletik bederatzi lanean ari direla eta erdia baino pixka bat gehiago emakumea dela (% 52). Enplegu-tasa pixka bat altuagoa da emakumeen kasuan, % 93,5ekoa baita, eta langabezia-tasa % 1,2koa.
Fakultateen araberako analisia
Fakultateen araberako analisiak erakusten du Goi Eskola Politeknikoan 2015eko egresatuen okupazio-tasa % 95ekoa dela, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoena % 98koa eta Enpresagintza Fakultatekoena % 93koa. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Haur Hezkuntzako titulazioak % 0ko langabezia du; Lehen Hezkuntzako eta Ikus-entzunezko Komunikazioko graduetan, prestakuntzaren araberako enplegua % 88koa eta % 86koa da, hurrenez hurren. Bestalde 2015ean Goi Eskola Politeknikoan ematen ziren sei ingeniaritzak aztertuta ikusten da prestakuntzaren araberako enplegua % 100ekoa dela eta, Industria Elektronikako, Informazio Sistemen Ingeniaritzako eta Informatika Ingeniaritzako graduen langabezia-tasa % 0koa dela. Era berean, Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean ematen den LEINN Lidergo Ekintzaileko eta Berrikuntzako graduan, prestakuntzaren araberako enplegua % 83koa da.
Lehen enplegua bilatzeko batez besteko denborak oso emaitza positiboak ditu, eta, batez beste, lau hilekoa da. Prestakuntza akademikoa da alderdirik erabakigarriena lehen enplegua aurkitzeko orduan (% 54), gero lan-esperientzia (% 33), ezaugarri pertsonalak eta gizarte-ingurunea eta hizkuntzen ezagutza. Mondragón Unibertsitateko ikasle guztiek praktikak, proiektuak edo enpresa eta erakundeetan prestakuntza duala egitearen ondorioz aurretiko lan-esperientzia izatea eta, beraz, lan-orientazio ona izatea oso positiboki balioesten ditu enplegu-emaileen % 33k.
Enpleguagatiko gogobetetasuna ere Lanbideren laneratze-inkestak erakusten duen beste datu garrantzitsu bat da. 2015eko egresatuen % 88k bere prestakuntzaren araberako enplegua du, bere prestakuntza-profilaren araberakoa. 0tik 10era bitarteko eskalan, 2015eko promozioko egresatuen kolektiboak 8 batekin balioesten du bere gogobetetasuna, bere lanean betetzen dituen eginkizunen ondorioz, 7,5 batekin bere lan-egonkortasuna eta hazteko aukerak eta 7 batekin enpleguarekiko gogobetetasun orokorra.
% 84k Euskadin lan egiten du
Lantoki geografikoa enpresaren beste datu esanguratsu bat da. Promozio horretako titulatuen % 84 Euskal Autonomia Erkidegoan ari da lanean, eta % 13k baino ez du egiten lan Euskaditik kanpora. Lanaldi osoan lanean ari diren egresatuen batez besteko soldata garbia 1.625 euro da.
Enplegura jotzeko kanala ere azterlaneko datu esanguratsua da, eta nabarmentzen da unibertsitatea eta egresatuek praktikak, proiektuak edo prestakuntza duala egiteko duten gizarte- eta lanbide-ingurunea funtsezko elementuak direla lehen enplegua bilatzeko, bien artean % 40 baino gehiago dela. Unibertsitatearen eta irakasleen balorazioa dela eta, 0tik 10era bitartean, 8 punturekin baloratu dituzte irakasleak, eta, batez beste, 7,5ekin, jasotako irakaskuntza.





