Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak Itsas Salbamenduko eta Meteorologiako eskumenen transferentzia osoa eskatu du

2019.eko urriak 24

Gogoratu du Eusko Jaurlaritzak jarri dituela Gurutze Gorriaren esku honek bere lana egiteko behar dituen erreskateko ontziak

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriak 23.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak Itsas Salbamenduko eta Meteorologiako eskumenen transferentzia osoa eskatu du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantzaren Batzordean. Sailburuak bere esku-hartzean gogoratu du Eusko Jaurlaritzak jarri dituela Euskadiko Gurutze Gorriaren esku honek bere lana egiteko erabiltzen dituen erreskateko ontziak, SASEMAR – Estatuko Itsas Salbamendu eta Segurtasuneko Sozietateari laguntzeko ere erabiltzen direnak.

 

“Salbamendu-lanak egiten ditugu, kasu askotan SASEMAR sozietatearekin lankidetzan jarduten dugu, baina eskumena oraindik eskualdatu gabe dago”, adierazi du Segurtasun Sailaren arduradunak. Bestalde, azpimarratu du bi eskumenak, Itsas Salbamendua eta Meteorologia, Gernikako Estatutuan aitortuta daudela, “Euskadiko segurtasun publikoaren kudeaketarekin lotura estua duten bi arlo izanik”.

 

Beltrán de Heredia sailburuak gogoratu du Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartzeko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 12.10 artikuluan ezartzen dela Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola Estatuko legeria exekutatzea, besteak beste, Euskadiko itsasertzari dagozkion Estatuko uretako itsas-salbamendua. Gaur egun jada 14 dira Jaurlaritzak Gurutze Gorriaren esku utzitako ontziak, eta Arriluzen (3), Bermeon (2), Ondarroan (2), Getarian (1), Donostian (2), Pasaian (1) eta Hondarribian (2) daude.

 

Segurtasuneko sailburuak legebiltzar-agerraldi batean aldarrikatu du eskumenaren transferentzia, eta azaldu du Polizia Judizialaren Koordinazio Batzorde Nazionalak ezin dituela ordezkatu Euskadiko Segurtasun Batzarraren eskumenak, hori izanik Ertzaintzaren eta segurtasun-indar eta -kidegoen arteko koordinazioaren ardura duen erakundea. Testuinguru horretan, sailburuak adierazi du Polizia Judizialaren Koordinazio Batzorde Nazionalak martxoaren 12an egindako bileraren ostean Ertzaintzak eta bere itsas-zerbitzuek eurei dagokien jarduera betetzen jarraitzen dutela. “Ez dira galdu, ez eta aldatu ere, Ertzaintzaren eskumenak, eta eskumen horiek Gernikako Estatutuan ezarrita daude, eta ez Estatuko administrazio-organo baten aldebakarreko erabaki baten bidez”, azaldu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak