Eu

URAk obrak hasi ditu Elorrio igarotzen duen Toloto errekaren hiri-tartea egokitzeko

2019.eko urriak 22

URAk obrak hasi ditu Elorrio igarotzen duen Toloto errekaren hiri-tartea egokitzeko. Obren bidez, aire zabaleko ibilgu berri bat eraikiko da Ibaizabalekin bat egin aurretiko 240 metroko ibai-tartean, eta bi zubi eraikiko dira zonaldeko ibilgailuen trafikoari eusteko. Jardueraren aurrekontua 1.608.594,55 eurokoa da.

Toloto erreka Ibaizabal ibaiaren eskuinaldeko ibaiadar bat da: 3 km inguru luze. Ibaizabalekin bat egin aurretik,  300 metroko tartean, egun,  Elorrioko herrigunetik igarotzen da, estaldura baten pean, kale-zoladuraren azpitik.

Errekaren azken zatiaren egungo egoerak zaildu egiten du ur askoko sasoien jario askea, eta uholdeak eragin ditzake, bai estalduraren ahalmen hidrauliko txikiagatik, bai ur gainean ibaian behera doazen gaiek buxadurak sor ditzaketelako (enborrak, deposituak …, ur-emari handiek eraman ditzaketenak). Bestalde, aipatutako tartearen egoerak gaur egun ez ditu betetzen indarrean dauden arau-xedapenak: ez lirateke baimendagarriak izango halako estaldurak eraikitzea edota, ibaiertzak egun diren moduan berriro urbanizatzea.

Egungo estaldura kentzeko eta ibilgua ibilbide berarekin mantentzeko proiektuak arazo ugari zituen: hasteko, estalkiaren gainean eraikinak zeudelako; eta, gainera, oztopo ugari zeudelako errekaren zabalera nahikoa lortzeko.

Hori dela eta, egungo ibilguaren ekialdean beste ibilgu berri bat egingo da; horri esker, aire zabaleko ibilgu bat sortu ahal izango da, oso hondatuta dagoen ibai-tarte bat naturalizatu ahal izango da, eta urbanizazioaren gutxieneko 5 metroko atzerapena betearaziko da, jabari publiko hidraulikoaren zortasunaren baliokidea.

Toloto errekaren zati berriak ezponda etzanak izango ditu, ezpondaren oinarrian aldaxkak landatuko dira eta ezpondaren goialdean zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira. Onartutako obra-proiektuak ibilgailu-trafikorako bi zubi eraikitzea barne hartzen du, 13,2 m argi-luze (alegia, zubiaren ertzetako euskarrien arteko distantzia), estribuek ibilgu berriaren zabalera estutu ez dezaten.

Lanok 21 m³/s-ko ur-emaria husteko adinako ahalmen hidraulikoa sortuko dute (Toloto errekaren 100 urteko errepikatze-denbora), eta Elorrioko hiriguneko uholde-arriskua (Ibaizabal ibaiaren eta Toloto errekaren uraldiek eragindakoa)   nabarmen murriztea lortuko dute, Ibaizabalen eskuinaldean.

Argazkiak: https://www.flickr.com/photos/uraagentzia/albums/72157711447476317

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak