Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak familia eta lana bateratzeko laguntza-dekretu aitzindaria onetsi du (Gobernu Bilera 2019-10-22)

2019-10-22
  • Laguntzaren xedea: eszedentzia diruz lagunduko da 112 egunen (16 aste) eta Gizarte Segurantzan ordaindutakoaren araberako prestazio gisa diruz lagundutako egun-kopuruaren arteko aldearen ondoriozko denboraldian
  • Eskakizunak: semearen edo alabaren zaintza eta babesa; erroldatzea; semeak edo alabak ezingo dute haur-hezkuntzako ikastetxe publikoan edo pribatuan matrikulatuta egon; gurasoek jaiotzagatik eta zaintzagatik Gizarte Segurantzaren eremuan dagokien laguntzako prestazioa agortuta izan behar dute; beste gurasoak lan-jardueran hasita egon beharko du, lanaldi osoan; ezin da lanaldi-murrizketan egon; edoskitze-baimena izan dezake
  • Laguntzaren zenbatekoa: diruz lagunduko den jarduketa hasi aurreko hileko kotizazio-oinarria; hilabetetik beherako aldietan: kalkulu proportzionala
  • Eskabide bakarra egin daiteke, diruz lagundu daitekeen jarduketa amaitzean
  • Semeak edo alabak urtebete eta 3 hilabete betetzean amaituko da eskabidea aurkezteko epea

Gobernu Kontseiluak, gaur goizean, familia eta lana bateratzeko laguntzen dekretua onetsi du; dekretuak Eusko Jaurlaritzak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez datorren azarotik aurrera emango dituen laguntzak arautzen ditu. Laguntzak honako hauei zuzentzen zaizkie: semeak edo alabak zaintzeko lan-eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden langileak; mendekotasun-egoeran dauden edo muturreko osasun larriko egoeran dauden familiartekoak zaintzeko lan-eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden langileak; semeak edo alabak zaintzeko edo mendekotasun-egoeran dauden edo muturreko osasun larriko egoeran dauden familiartekoak zaintzeko lan-eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden langileak ordezkatzeko laguntzak; eta seme edo alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak.

“2008ko Familiei Laguntza emateko Euskal Legea dugu abiapuntu. Haren helburu nagusietako bat honako hau da: “ondoko baldintzak betetzen dituen familia-eredu bat sendo dadin bultzatzea: autonomia, kide guztien arteko errespetua eta bi bikotekideen arteko berdintasuna, biek ala biek ere lanbidean eta maila pertsonalean aurrera egiteko aukera berberak dauzkatela eta partekatzen dituztela. Izan ere, eredu hori bat dator gizartearen balio demokratikoekin”, esan du Beatriz Artolazabal sailburuak.

Familia- eta lan-erantzukizunak bateratzea sustatzen dugu, bai eta emakumea lan-merkatuan sartzea eta bere lanbide-karrera garatzea ere; horretarako, gizon eta emakumeen erantzunkidetasuna finkatu behar da familia-eremuan, bereziki seme-alaba adingabeen zaintzan eta hezkuntzan eta mendekotasun-egoeran edo muturreko osasun larriko egoeran dauden pertsonentzako arretan”, esan du Artolazabalek.

2003an arautu ziren familia eta lana bateratzeko lehen laguntzak eta, harrezkero, estaldura zabaldu egin da eta hobetu egin da ondoko dekretuetan familia eta lana batera daitezen sustatzeko diruz lagundutako ekintzen araudia.

“Eusko Jaurlaritzaren iritziz, familia eta lana bateratzea gure lehentasunetako bat da. Gaur egun, gizarte-eragile guztiak, enpresak eta administrazio publikoak kontziente gara ez dela bakarrik norberaren eta familiaren eremura mugatzen, eta, kontziliazioari bide eman ezean, gizarte- eta ekonomia-kostu handia izango genukeela: gaixotasunak, estresa, eskola-porrota, haur-babesgabezia, errendimendu baxua eta lan-absentismoa edo txandakatze handia enpleguan. Gizartea gero eta kontzienteagoa da gurasoek beren familiei dedikazio gehiago eskaintzeak eta beren bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren arteko oreka handiagoak prebentzio-ondorioak dituela eremu guztietan”, esan du Artolazabalek.

Estimulua

Artolazabalen iritziz, “egiaztatu da familia-estimulu hori positiboa dela motibazioan eta produktibitatean, eta txandakatze txikiagoa eragiten duela enpleguan; izan ere, langileak pozago daude duten bizi-kalitatearekin. Dekretu honek zabaltzen eta hobetzen dituen familia eta lana baterako laguntzen bidez, Eusko Jaurlaritzak prozesua lan-harremanen kontzeptu berrirantz sustatzen du, non familia eta lana orekatu egiten baitira eta zuzenean egiten baitie mesede familia eta enpresei eta zeharka gure gizartearen garapenari. Helburu hori lortzean, Europar Batasuneko gizarte aurreratuenekin bateratuko gara; haietan, pertsonak eta familiak beren espazioa dute”.

2018ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta Eudelek Familia eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Ituna sinatu zuten, eta Familia eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Ituna zabaltzeko eta gauzatzeko plangintza-tresna nagusia Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Familiei Laguntza emateko Erakundeen arteko IV. Plana izan da.

Dekretua, semeak edo alabak zaintzeko lan-eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden langileentzako laguntzak direla-eta, bi jarduketa-lerrotan banatzen da: lan-eszedentziako egoeran dauden langileentzako laguntzak, gurasoek urtebetetik beherako haurra jaiotzeagatik eta zaintzeagatik hartutako laguntzako prestazioen aldiak parekatzeko. Eta 3 urtetik beherako seme edo alaba adingabeak zaintzeko lan-eszedentziako egoeran dauden eta 12 urtetik beherako seme edo alaba adingabeak zaintzeko lanaldi-murrizketan dauden langileentzako laguntzak.

Gizarte Segurantzaren eremuan adingabearen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko laguntzako prestazioa  ez da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa, eta, hori dela eta, diruz laguntzen den forma juridikoa bizitzako lehen urtean zehar semeak eta alabak zaintzeko eszedentzia da.

Laguntza horren helburua da, semea edo alaba jaio ondoren, bi gurasoek jaiotzagatiko eta zaintzagatiko laguntzako subsidioetan hartutako denboraldiak parekatu ahal izatea eta, horrela, iraupen bereko aldia izateko eskubidea edukitzea –16 aste–, zeina besterenezina eta ordaindua izango baita, baina ezingo baita aldi berekoa izan.

“Horren bidez –esan du Artolazabalek–, zaintzaren emakume-rola apurtzea, aitak eta gizonak zaintzaren eginkizunetan sartzea eta semeak edo alabak bi gurasoekin duen lotura sendotzea da helburua; izan ere, ikerketa zientifikoak  frogatu du bizitzako lehen hilabeteetan sortzen diren loturak hazkuntzaren gainerako etapetan mantendu eta luzatzen direla, eta hori babes- eta indar-faktorea dela arrisku-egoeretan. Neurri horren bidez, gainera, emakumeek enplegura jotzeko duten aukeretan eta beren lan-karreretan zaintza-lanek duten penalizazioa murrizten da".

Laguntza horren xede diren pertsonak honako hauek dira: inoren konturako langileak, sozietate kooperatibistetako lan-bazkideak edo langile bazkideak  eta beren konturako langileak edo langile autonomoak. Azken kolektibo horrek laguntza horretara jotzeko, langile bat kontratatu beharko du diruz lagundu daitekeen jarduketaren aldi osoan, Gizarte Segurantzaren eremuan langile autonomoentzako familia- eta lan-bizitza bateratzeko neurriek izan duten garapenarekin koherentzian..

Gainera, laguntzaren araudiak kontuan hartzen ditu sistema publikoa osatzen duten gizarte-prestazioaren kooperatiben arteko sistema duten beren konturako langileen edo langile autonomoen araudi berezian jaso diren kooperatibetako langile bazkideak, aintzat hartuta oso lan-kolektibo garrantzitsua dela Euskal Autonomia Erkidegoan. Kasu horretan, laguntzaren zenbatekoa da Gizarte Segurantzaren eta kooperatiben arteko sistema horren kotizazio-oinarrien baturaren % 100.

Gurasobakarrak

Laguntza horren arauketak, halaber, guraso bakarreko familien egoera ere hartzen du aitzat, familia horien seme eta alabentzat bidegabekeria eragin ez dezan, bi gurasoen erantzunkidetasuna posible ez delako.

Gainera, ahultasun-egoera handieneko kolektiboak bereziki babesteko, laguntzen kopuru ekonomikoa areagotu egingo da, honako kasu hauetan: guraso bakarreko familiak, familia ugariak, mendekotasun-egoera larrian, mendekotasun handiko egoeran edo % 50eko edo gehiagoko desgaitasunaren egoeran dagoen pertsonaren bat duten familia-unitateak eta genero-indarkeriaren biktima den pertsonaren bat duten familia-unitateak.

Eskatzailea gizona bada, areagotu egiten dira laguntzak hartzeko gehieneko denbora-mugak. Laguntzen datuak aztertuta ondorioztatzen da goranzko joera txikia dagoela gizon eskatzaileen kasuan:  2013an, semeak edo alabak zaintzeko kontziliazio-laguntzak eskatu zituzten gizonen ehunekoa % 6,47 izan zen eta, 2017an, % 8,25.

Eusko Jaurlaritzak joera hori suspertzen du, familia-erantzukizunen onarpen orekatua lortzeko eta, horrela, Euskadi Europan genero-berdintasunaren indizeetan lehen lau herrialdeen artean kokatzeko, aintzat hartuta XI. Legegintzaldiko Gobernu Programaren konpromisoa dela (2016 – 2020).

Familia eta lana bateratzeko dekretu honetako neurriek bete egiten dituzte Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Legearen printzipioak, eta koherenteak dira nazioarte-esparruan Europar Batasuneko eta Nazio Batuetako erakundeek defendatzen dituzten ekintza-ildoekin, eta haiek bat datoz Gizarte Eskubideen Europako Zutabearekin, Europako Batzordeak haurretan inbertitzeko eta desabantailen zikloa apurtzeko egiten duen gomendioarekin eta garapen jasangarrirako 2030eko Agendarekin.

Laguntzen zenbatekoa

Inoren konturako langileen, sozietate kooperatibetako bazkide langileen edo lan-bazkideen eta beren konturako langileen edo langile autonomoen kasuan, laguntzaren zenbatekoa diruz lagunduko den jarduketa hasi aurreko hileko kotizazio-oinarria izango da.

Beren konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian dauden eta sistema publikoa osatzen duen gizarte-prestazioen kooperatiben arteko sistema duten kooperatibetako bazkideen kasuan, laguntzaren zenbatekoa Gizarte Segurantzako eta kooperatiben arteko sistema horren kotizazio-oinarrien batura izango da, diruz lagunduko den jarduketa hasi aurreko hileko kotizazio-oinarriei dagokiena, eta laguntza horren zenbatekoa sekula ezingo da izan une bakoitzean indarrean dagoen Gizarte Segurantzako gehieneko kotizazio-oinarria baino handiagoa.

Eszedentzia eskatu duen pertsonak hura hilabetetik beherako aldietarako eskatu duenean, laguntzaren zenbatekoa modu proportzionalean zehaztuko da. Eszedentzia aldizka hartzen denean, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko aintzat hartuko den kotizazio-oinarria diruz lagunduko den jarduketa lehenengoz hasi den hilaren aurreko hilekoari dagokiona izango da. 

Atal honetan diruz laguntzen diren eszedentzia-aldiek ez dute zenbatzen, hurrengo ataleko 18. artikuluan araututako gehieneko mugen ondorioetarako. Eskabideak aurkezteko epea dela-eta, laguntza atal honetan diruz lagundutako jarduketa amaitzean eskatu beharko da, eta eskabideak aurkezteko epea diruz lagunduko den jarduketari dagokion urtea amaitzen denetik 3 hilabete igarota amaituko da.

Eskabideak instantzia normalizatuan aurkeztuko dira; hura Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Arreta emateko Zerbitzuaren bulegoetan –Zuzenean– emango da, eta zuzenean deskargatu ahalko da egoitza elektronikotik (https://www.euskadi.eus/sede). Emandako laguntzak ordainketa bakarraren bidez izango dira eraginkorrak, gehienez 2 hileko epean, laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

Laburpena

Liburuxka

 

 

 

 

3 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @eajpnvbizkaia
    2019-10-22

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 El Gobierno Vasco aprueba un pionero decreto de ayudas a la conciliación familiar y laboral ➡︎ https://t.co/dKuSL6cSZa https…

  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2019-10-22

    Comentario de Twitter:
    🔵 Eusko Jaurlaritzak familia eta lana bateratzeko laguntza-dekretu aitzindaria onetsi du ➡︎ https://t.co/7UCA09i5LD https://t.co/psYrOYzhQD

  • Argazkia SN Robot
    @misarriaga
    2019-10-22

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 El Gobierno Vasco aprueba un pionero decreto de ayudas a la conciliación familiar y laboral ➡︎ https://t.co/dKuSL6cSZa https…

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko