Eu

Eusko Jaurlaritzak bi diru-laguntza izendun onartu ditu euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Liga eta futboleko Euskal Herriko Kopa antolatzeko (Gobernu Bilera 2019-10-22)

2019.eko urriak 22
  • Halaber, Gobernu Kontseiluak 15.000 euroko diru-laguntza onartu du mendi lasterketetako Euskal Selekzioi laguntzeko

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, bere gaurko bileran, 60.000 eta 25.000 euroko bi diru-laguntza izendun onartu ditu Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Liga eta futboleko Euskal Herriko Kopa antolatzeko, hurrenez hurren. Lehiaketa biak euskal kirol-esparrua kontuan hartuta egiten dira. Halaber, Gobernu Kontseiluak 15.000 euroko diru-laguntza onartu du mendi lasterketetako Euskal Selekzioa laguntzeko.

EBRC-Euskal Errugbi Ligari ematen zaion diru laguntzari dagokionez, aurten jokatzen hasi diren errugbiko mugaz gaindiko txapelketa honen antolakuntza laguntzea du helburua. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak bultzatzen dute, Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko (Rugby 64 departamenduko batzordea) errugbi federazioekin batera. Proiektuak hiru modalitate ditu: serie 1, serie 2 eta emakumezkoen lehiaketa. Uda honetan, lehenengo aldiz, serie 1 antolatu da, eta bertan lehiatu dira Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Ordizia, Hernani, Getxo eta Bera Bera. Irabazlea Aviron Bayonnais izan da.     

Kirol ikuspegiaren aldetik, proiektu honek euskal errugbia bultzatu nahi du Iparraldeko taldeen maila aprobetxatuz eta, era berean, Iparraldeko taldeei hazteko aukera eskainiz, bai masa sozial aldetik bai harrobiaren ikuspuntutik. Horrez gain, Euroeskualdearen proiektua eta Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria ardatza Europan sendotzeko aukera ematen du ekimenak, baita mugaren bi aldeen arteko loturak estutzeko ere.

Bestalde, Euskal Herria Kirolari zuzendutako diru-laguntzari dagokionez, emakumezkoen Euskal Herriko Kopa eta horren gizonezkoen bertsioa dena, Euskal Herriko Txapela, antolatzen laguntzea da helburua. Lehiaketa honetan euskal futbol talde onenak batzen dira urtero. Emakumezkoen txapelketaren kasuan, orain dela bederatzi urte jaio zen, Athleticek zazpi txapelketa irabazi dituelarik eta Realak bi. Gizonezkoen txapelketari dagokionez, lehiaketak denboraldiko derbi guztien emaitzak hartzen ditu kontuan, eta neurketa horien arabera sailkatzen ditu taldeak. Denboraldiaren amaieran bi sailkatu onenak elkarren aurka arituko dira. Athletic eta Eibar izan dira bi irabazleak (lehen finala bertan behera geratu zen epailearen erabakiz).

Azkenik, Euskal Mendizale Federazioari zuzendutako diru-laguntzaren kasuan, helburua da mendi lasterketetako Euskal Selekzioaren ibilbidea bultzatzea. Diru-laguntza horri esker, selekzio honetako korrikalariek laguntza ekonomikoa izan dute urte osoan mendiko lasterketetako Munduko Kopako probetan parte hartzeko. Asteburu honetan Italian jokatu den Kopako finalean bost euskal kirolarik parte hartu dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko