Berriak Osasuna

Gobernu Kontseiluak adostu du 1,5 milioi euroko dirulaguntza ematea Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia osasun ikerketako institutuei (Gobernu Bilera 2019-10-22)

2019.eko urriak 22
  • Gailu medikoen eta osasun-teknologiaren probak egiteko eta testatzeko eta, besteak beste, talentua erakartzeko jarduerak sustatzen saiatuko dira
  • Neurria Euskadi 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren, RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren eta Osasun Ikerketako eta Berrikuntzako Estrategiaren zabalkundean kokatzen da

Eusko Jaurlaritzak gaur adostu du 1.530.000 euroko dirulaguntza ematea Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuei, honako helburu nagusi hauek dituzten lau proiektu sustatzeko: gailu medikoak eta osasun-teknologia baliozkotzea eta testatzea, talentua bultzatzea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarerako beharrezko aktibo teknologikoak osatzeko zentroei teknologikoki gaikuntza ematea eta I+G+b programen koordinazioa ziurtatzea.

Erabakia Euskadi 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren, RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren eta 2020rako Osasun Ikerketako eta Berrikuntzako Estrategiaren zabalkundean kokatzen da; arlo nagusietako bat osasun-ikerketa da, Euskadin osasun-sistemaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia hobetzearen zerbitzura ezagutza sortzeko duen ahalmena dela eta.

Osasun Ikerketako Institutuak, osasun-hobekuntzei lotutako eginkizunekin lotzeaz gainera, funtsezkotzat jotzen dira, halaber, hiru esparru estrategiko horien barruan ezarritako helburuei erantzuteko. Eragile aktibo dira lehentasunezko arlo tematikoetan, eta, era berean, biozientzia-osasunaren eremuan ekimen estrategikoetan parte hartzen dute.

Testuinguru horretan, gailu medikoak eta osasun-teknologiak balioztatzeko eta erakusteko prozesuak areagotu eta bizkortzeko beharra egiaztatu da, Innosasun programaren barruan produktuen garapenari laguntzeko; programa horren bidez, euskal osasun-sistema publikoaren eta industriaren arteko edo lotutako beste eragile batzuen arteko elkarreragina eta lankidetza antolatzen dira. Programa horrek euskal osasun-sistemaren funtzionamendua berrikuntza-arloko garapenetarako proba-banku gisa bultzatzen du.

Hori horrela, gaur onetsitako akordioak Medtech ekimena sustatzea aurreikusten du; ekimen horren helburua da euskal osasun-sistema publikoa bultzatzea, Osasun Ikerketako Institutuen bidez, proba-bankuen eginkizunean. Baina, gainera, akordioak beste hiru jarduketa-ildori dirulaguntzak ematea aurreikusten du, besteak beste, Talento ekimenari; hura giza kapitala sendotzera bideratzen da, ikertzaileen egonaldien bidez, langile klinikoak ikerketara erakartzeko BAME ondoko sustapenaren bidez edo ikerketa-lanak areagotuz, langile kliniko ikertzaileen liberazioaren bitartez.

Renove ekimena, aktibo teknologikoak sendotzekoa eta berriztatzekoa, eta I+G+b Integrazioaren ekimena dira dirulaguntzaren helburu diren jardueren beste bi jarduketa-ardatzak.

Jarduera horiek osatzeko, erabaki da 1.530.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea Osasun Ikerketako Institutuei. Zenbateko hori honela banatuko da: 350.000 euro Bioarabari, 690.000 euro Bizkaiari eta 490.000 euro Biodonostiari.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko