Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Eusko Jaurlaritzak eta fabrikatzaileek makina-erremintaren arloan Renove Plana aktibatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, lehiakortasuna indartzearren

2011.eko apirilak 13

José Luis Rodríguez Zapaterok makina-erremintaren sektorea oso garrantzitsua dela adierazi die sektoreko fabrikatzaileei, nazioartean eta esportaziorako potentzial handia duelako.

Bernabé Undak Makina-erremintako Espainiar-Txinatar Institutuari laguntza emateko eskatu dio Sebastián ministroari.

Sailburuak Euskadi bisitatzeko gonbita egin dio Txinako Kanpo Merkataritza Sustatzeko Kontseiluko zuzendariari; Kontseilu horrek ezarpenak egiteko baimena ematen die atzerriko enpresei.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak, makina-erremintako fabrikatzaileekin eta makina-erremintarako osagaien fabrikatzaileekin batera, Espainiako Gobernuko presidente Luis Rodríguez Zapatero jaunarekin bilera izan du gaur Pekineko Cervantes Institutuan. Presidenteak Txinan ezarpenak dituzten Espainiako enpresen talde bati harrera egin dio.

Bileran, Rodríguez Zapaterok zera adierazi die AFM (Makina-erremintako Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) eta AMT (Makina-erremintarako gehigarri, osagarri eta tresnen fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) elkarteetako ordezkariei, jakin badakiela sektorea oso garrantzitsua dela eta nazioartean eta esportaziorako potentzial handia duela. Gobernuko presidenteak onartu du izen on eta ospe handiko sektorea dela.

Fabrikatzaileek Rodríguez Zapaterori eskatu diotenez, Espainiak industrializazioa eta lehiakortasuna potentziatzeko premia du. Horretarako, makina-erreminta modernoa izatea ezinbestekoa da, teknologiaren aldetik industriaren premietara egokituta. Ildo beretik, sektoreak formulak bilatzeko eskaera egin du, enpresek produkzioko teknologia aurreratuak eskuratzeko aukera izan dezaten.

Hain justu, fabrikatzaileek eta Bernabé Unda sailburuak nazio osoan makina-erremintako beste Renove Plan bat aplikatzeko eskatu diote, Euskadin azken bi urteotan egin den moduan. Eta halaxe adierazi diote Industria, Turismo eta Merkataritzako ministro Miguel Sebastián jaunari. Plana aurrekontuetan aipatu aipatzen da. Ministroak azaldu du oso zaila dela plana martxan jartzea, ez dagoelako partida zehatzik horretarako, baina aurreratu duenez, ekitaldi honetan ezinezkoa baldin bada ere, 2012an egingo dute.

Bernabé Unda sailburuak Makina-erremintaren Espainiar-Txinatar Institutuari buruz ere hitz egin du ministroarekin izandako bileran. Cervantes Institutuarekin lotu du eta aipatu duenez, Txinako ikasleen eta gizartearen aurrean "erakusleihotzat har daiteke". Sailburuak proiektuari buruzko informazio gehiago bidaltzeko konpromisoa hartu du, EAEko eta Madrilgo administrazioek zentro hori indartzea komeni baita.

SPRIren bulego berria Pekinen

Gaur, SPRIk bulego bat zabaldu du Pekinen eta EAEko hainbat enpresa bertan izan dira; hala nola Lantek, Arteche edo iGeo.

Txinako Kanpo Merkataritza Sustatzeko Kontseiluko zuzendari Sui Jianmin jaunarekin ere egin dute bilera; Kontseilu horrek ezarpenak egiteko baimena ematen die atzerriko enpresei eta industria garatzeko feria eta ekitaldiak ere antolatzen ditu.

Bilera horretan, informazioa elkartrukatu dute. Sui Jianmin jaunak esan duenez, EAE oso ongi ezagutzen du. Sailburuak Euskadi ezagutzeko gonbita egin dio, euskal enpresen potentziala zuzenean ezagutu dezan eta EAEko ETEen sareari azal diezaion Txinan badutela lehiatzeko aukerarik haiek ere.

Bileran beste gai bat ere aipatu da; hain zuzen ere, Txinako agintariek herrialdearen iparraldean garapena bultzatu nahi dutela eta horretarako, energia berriztagarrien -bereziki, energia eolikoaren- garapenari bultzada handia emango diotela. Hain zuzen ere Gamesa enpresak kokagune horretan irekiko du planta berri bat, aurten Txinan bi planta berri zabaltzea aurreikusita baitu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)