Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak Turismo.as foroan parte hartu du Oviedon, www.tveuskadi.net Internet bidezko telebista aurkeztuz.

2011.eko apirilak 13

Turismoko zuzendari Isabel Muelak Euskadiko Internet bidezko telebista aurkeztu du Turismoaren eta Teknologiaren Nazioarteko Foroaren III. edizioan. 

2010ean abian jarri zenez geroztik, Eusko Jaurlaritzaren kanal berriak 68.000 bisitaldi baino gehiago izan ditu; gainera, bisitariek 988.000 orri baino gehiago ikusi dituzte. 

Turismoaren eta teknologiaren sektoreetako 300 profesional baino gehiago bertaratu dira foroaren hirugarren ediziora. 

Apirilaren 12tik 14ra bitarte, Turismo.as Turismoaren eta Teknologiaren Nazioarteko Foroaren III. edizioa egiten ari da, Oviedon. Besteak beste, Facebook, Google, Iberia, Tripadvisor, Alsa, Tooway, SEGITTUR Turismoaren Teknologiak eta Berrikuntza Kudeatzeko Estatu Sozietatea eta Red.es bertaratu dira aurtengo edizioan parte hartzera. Horiekin guztiekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muela bertaratu da, 2010. urtean martxan jarritako www.tveuskadi.net turismoko telebista-kanalaren funtzionamendua eta abantailak aurkezteko. 

Iaz, abuztuaren 4an, Gasteizko jaietako txupinazoarekin batera, Internet bidezko telebista-kanal berria inauguratu zuen Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko erakargarriak ezagutzeko interesa duten guztientzat. 

Turismoko zuzendariak komunikazio-sistema berri horren ezaugarrien berri eman du, orain artean 68.725 bisitaldi eta ikusitako 988.000 orri baino gehiago erregistratzeaz gain 36 ekitaldi baino gehiago zuzenean eman dituena. www.tveuskadi.net telebista-kanala oso parte-hartzailea dela nabarmendu nahi izan du Muela andreak. Gainera, telebista eta telebistaren edukiak gizarte-sareetan parteka daitezke, hala nola facebooken eta twitterren, besteak beste. 

Turismoaren eta teknologien sektoreetako 300 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte foroan, eta, funtsean, gizarte-sareek turismoaren sektorearentzat oro har -eta Espainia marka atzerrian ezagutarazteko bereziki- duten garrantzia aztertu dute. Ildo horretatik, Isabel Muelak adierazi du kanal berri hori Euskadiko turismoarentzat oso garrantzitsua izaten ari dela. 

Foroa lau egunetan banatu da, eta egun bakoitzean gai bat jorratu da: ekintzailetza, autonomia-erkidegoak (Turismoko zuzendariak une horretan hartu du parte), teknologiek turismoaren sektorean duten garrantzia, eta, azkenik, ospe handiko turismo blogerrak. Azken atal horrek Andy Jarros, Jack Montomery eta Alastari Mckenzie izan ditu partaide. Foroa amaitutakoan, bloger horiek bidaia bat egingo dute Kantauri itsasoan zehar, helmuga baten sustapena hobetzeko moduak aztertzeko, eta, jarraian, liburu bat argitaratuko dute bidaia hori oinarritzat hartuta. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 13a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan