Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak plaka-ikurrak banatu dizkie erretiroa hartu duten 180 ertzaini eta azken urtean hil diren ertzainen senitartekoei

2019.eko urriak 19

Iurretan egin den ekitaldiaren buruan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da

Iurreta, 2019ko urriak 19.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak azken urtean erretiroa hartu duten ertzainak eta aurten hildako ertzainen familiak omendu ditu. Sailburuarekin batera bertan izan dira Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo, Ertzaintzaren buru Josu Bujanda eta Segurtasun Saileko hainbat ordezkari eta Ertzaintzako hainbat agintari. Ekitaldia Iurretan egin da, eta Ertzaintzako kide izatearen bereizgarria den plaka-ikurra banatu zaie bertan zeuden 180 ertzainei.

 

Bosgarren urtez jarraian egin da Iurretako Ertzaintzaren egoitzan azken urtean hildako ertzainen familiei eta erretiroa hartu duten ertzainei plaka-ikurrak emateko ekitaldia, euskal gizartearen zerbitzura Ertzaintzan egindako lana eta arduraldia eskertzeko.

Segurtasuneko sailburuordeak 2015eko martxoaren 13an onartu zuen plaka-ikurrak ematea arautzeko ebazpena, Ertzaintzan egindako lana eta izandako arduraldia gogoratzeko eta balioesteko.

Iurretan egindako ekitaldian, Ertzaintzaren burua den Josu Bujandak, Herritarren Babeserako Ataleko burua den Garaikoetxeak, Inteligentzia Kriminaleko Alorreko burua den José María Iurrebasok eta Inteligentzia Bulego Nagusiko burua den Jon Ziarsolok eman diete plaka-ikurra erretiroa hartzeagatik, adinagatik, osasun-arrazoiengatik edo antzeko beste arrazoi batzuengatik zerbitzu aktiboa utzi duten 180 ertzainei. Omenduek ondoan izan dituzte lurralde-buruak eta unitate-buruak ere, eta haritz-hostoa daraman oroigarri bat jaso dute.

Ondoren, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak 2018an hildako ertzainen bederatzi familiei eman dizkie plaka-ikurrak. Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok eta Ertzaintzaren buru Josu Bujandak ere agurtu dituzte familiak.

“Plaka-ikurrarekin batera jaso duzuen diplomak gogoratzen digun bezala, “Izan direlako gara, garelako izango dira”, kulturaren transmisioaren eta bilakaeraren oinarrizko printzipioa izanik. Harro egon zaitezte gizarte honen bilakaera sozialean eta kulturalean gure autogobernuaren oinarrizko zutarrietako batetik, Ertzaintzatik, lagundu izanaz”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arduradun gorenak, eta gogoratu du datorren ostiralean beteko dela Gernikako Estatutua onartu zeneko 40. urteurrena.

“Estatutuari esker hiru urtean ernaberritu ahal izan zen 36ko Ertzaña eta jarri ahal izan zen abian zuen laguntzaz hazi den Ertzaintza. Erakunde hau euskal gizartearen zerbitzura egin duzuen lanaren isla da, eta gaur pozik egoteko eta zuei esker ona adierazteko arrazoia da”, azpimarratu du Segurtasuneko sailburuak.

Ertzaintzaren promozioei buruzko bideo batek eta Ertzaintzaren Musika Bandaren boskoteak eratu dute aurten erretiroa hartu duten edo hil diren ertzainak omendu dituen ekitaldiaren haria. Bertan omenduekin batera izan dira omenduen familiak, lankideak, sindikatuen ordezkariak eta Adepyr elkarteko (Ertzain Pentsiodun eta Erretiratuen Elkartea) eta Aserfaviteko ordezkariak.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2019.eko urriak 19

    Comentario de Twitter:
    @ertzaintzaEJGV Segurtasun Sailak plaka-ikurrak banatu dizkie erretiroa hartu duten 180 ertzaini eta... https://t.co/PRAD0pbb2B

Ekitaldiko kargudunak