Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Itsasoarekin Euskal Herriak historian izan duen lotura azpimarratu du Pilar Unzaluk

2011.eko apirilak 12

Euskal Autonomia Erkidegoko ontzigintzan 2010ean zuzeneko 9.975 enplegu zenbatu zirela argudiatu du, 1.350 milioi euro fakturatu zirela, eta 945 milioiko esportazio-bolumena lortu zela

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak konfiantzaz adierazi du gaur Sinaval-Eurofishing azoka arrakastatsua izango dela, publikoaren eta parte-hartzearen aldetik, edizio honetan jorratuko diren ontzigintzaren eta arrantza sektorearen gaineko jardunaldi eta hitzaldietan.

Pilar Unzaluk eman dio hasiera gaur Barakaldoko BECen Sinaval-Eurofishing azokari, eta apirilaren 14ra arte iraungo du. Sailburuak ziurtatu duenez, "herri honen zati handi bat historian zehar itsasoari emana bizi izan da, bai arrantzagatik eta bai ontzigintzagatik. Eta gaur egun ere, ustiatzeko eta ekoizteko ereduetan sartu diren aldaketak gorabehera, itsasoarekiko lotura hori errealitatea da oraindik".

Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko ontzigintzan 2010ean zuzeneko 9.975 enplegu zenbatu zirela argudiatu du, 1.350 milioi euro fakturatu zirela, eta 945 milioiko esportazio-bolumena lortu zela. Ontziak eraikitzeko 10 kontratu berri formalizatu ziren, eta 21 eskaerako zorroa dago.

Arrantzaren kasuan, zuzenean sortutako 2.300 enplegu dauzkagu arrantza sektorean, eta horietako bakoitzagatik lehorrean beste hiru lanpostu daudela kalkulatzen da -saregileak, kontserba-industria, industria laguntzailea, etab.-; sektoreak duen garrantziaren ideia bat ematen digu horrek.

2011 Sinaval-Eurofishing azoka hautatu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Autonomia Erkidegoan arrantzaren arloan garatzen ari diren jarduererako batzuk erakusteko. Eusko Jaurlaritzak, apirilaren 12a eta 14aren artean BEC Bilbao Exhibition Center-en egingo den erakustaldian programatutako ekitaldien artean, stand bat edukitzeaz gain, bi zentroren laguntza izango du, hiru jardunaldi gauzatzeko: AZTI-Tecnalia teknologia-zentroa eta IMK Itsasmendikoi Landako eta Itsasertzeko Eremuen Prestakuntza, Sustapen eta Garapenerako Zentro Integrala.

Arrantzaren arloko energia-eraginkortasuna izango da lehen topaketaren ardatz nagusia, eta gaur egingo da. Saio horren helburua itsasertzeko autonomia-erkidegoek burututako proiektuak aurkeztea izango da: energia aurrezteko tresnak eta ekintza tekniko zehatzak erakutsiko dira, eta zenbait ontziteriatan egindako aplikazioen adibideak emango dira. Lehen jardunaldi hori arrantzaren, itsasoaren eta laguntzaileen sektoreei zuzenduta egongo da, bai eta profesionalen elkarteei eta herri-administrazioei ere.

Jon Azkuek irekiko du ekitaldia, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeak, eta ondoko hauek hartuko dute parte: AZTI-Tecnaliako ikertzaileek, Espainiako Ontzigintza eta Ozeano Ingeniarien Elkarteko ikertzaileek, Euskal Herriko Itsas Foroko ikertzaileek eta Enrique Lekuona S.L. eta Lasanaval OTN enpresetako profesionalek.

Bigarren jardunaldian arrantza-sektorearen erronkak izango dira eztabaidagai, eta hilaren 13an izango da. Ekitaldi horren helburua sektoreak aurre egin beharreko erronkak aurkeztu eta eztabaidatzea izango da, baliabideak zaintzeari eta merkatuan balioa emateari loturik. Balioespen hori arrantza-produktuen eko-ziurtapenak emango du, eta Europako Batasuneko arrantza-politikaren etorkizuneko erreformak ere bai.

Baliabideen zaintzaren eta arrantza-politikaren gaineko eztabaidan sakontzeko, ondoko hauek egongo dira jardunaldian: Franz Lamplmair, Europako Batzordeko Itsaso eta Arrantza Gaien zuzendari nagusia; eta Fuensanta Candela, Europako Batzordeko Atlantikoko Arrantza-tokiak Kontrolatzeko Unitatearen burua. Produktuen eko-ziurtapenaren inguruan, honako hauek izango dira hizlari: Lorenzo Motos, AZTI-Tecnaliako Itsaso Ikerketaren Unitatearen zuzendaria; Jacobo De Novoa, Bureau Veritas erakunde ziurtatzaileko Arrantza eta Akuikulutura Produktuen Lerroaren arduraduna; Paolo Bray, Friend of the Sea-ren zuzendari eragilea; eta Laura Rodríguez, MSC Marine Stewardship Council-en Espainiako eta Portugalgo gerentea.

Bigarren jardunaldi hori arrantza, kontserba, merkaturatze eta banaketa handien sektoreei zuzenduta egongo da; eta herri-administrazioei eta erakunde ziurtatzaileei ere bai.

Azkenik, hilaren 14an, itsasoaren inguruko prestakuntza eta segurtasunaren gaineko jardunaldi bat egingo da, eta horren bidez, itsasoaren inguruko prestakuntzaren arloko hitzarmenen eragina eta zabalkundea ezagutarazi nahi dira, itsasoko segurtasuna hobetzeko xedez.

Hausnarketa horretan, sektoreko profesionalei ez ezik itsasoa erabiltzen duten guztiei irekia, honako hauek egongo dira jardunaldian: Alberto Villa, Merkataritza Nabigazioko zuzendari nagusia; Juan Ignacio Gandarias, Itsasoaren Idazkaritza Nagusiko arrantza-antolamenduaren zuzendari nagusia; Juan Manuel Trujillo, European Transport Workers Federation-en presidentea; eta María José González, Cepesca-koa.

 

2 iruzkin
  • @IntraFish
    2011.eko apirilak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @friendofthesea: Paolo Bray is speaking at Sinaval Eurofishing http://www.irekia.euskadi.net/es/news/5750?t=1

  • @friendofthesea
    2011.eko apirilak 13

    Comentario de Twitter:
    Paolo Bray is speaking at Sinaval Eurofishing http://www.irekia.euskadi.net/es/news/5750?t=1

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)