Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriolak borondatea eskatu die indar politiko guztiei etxebizitza gaietan benetako konpromiso tinkoetara iristeko eta demagogiak alde batera uzteko

2011.eko apirilak 13

 Iñaki Arriola, Etxebizitzako sailburuak gaur zehaztu ditu Legebiltzarrean Sailak abian jarritako etxebizitzari buruzko politikaren lerro nagusiak.

 Arriolak defenditu egin du indarrean dagoen Itun Soziala, dagoeneko 79 eragile sozial, profesional eta ekonomikok sinatu dutena. Itun Sozialean hartutako konpromisoak Hiria Birgaitu eta Berroneratzeko 2010-2013ko Plan Estrategikoan bildu eta garatu dira, eta haren printzipio estrategikoak urte amaieran Gobernuak onartuko duen Etxebizitzari buruzko Lege aurreproiektura eraman dira.

 Hona hemen Etxebizitza Sailaren erronkak: 

  • Lehenengo erronka etxebizitza eskuratzeko aukerak erraztea da, batez ere alokairura bideratutako politikak bultzatuz. Plan Zuzentzailean aurreikusita dago hurrengo lau urteetan eraikuntza berriko babes publikoko etxebizitzen %40 alokairukoa izatea. Horretarako, baliabide publikoak modalitate honetara bideratuko dira lehentasunez, planaren indarraldian etxebizitza eskuratu duten familien %58k alokairu erregimenean eskuratzea lortzeko. 

 

  • Bigarren erronka da eraikinak birgaitzeko eta hiriak berroneratzeko politika berri aitzindaria bultzatzea, etorkizuneko soluzio efiziente eta iraunkor gisa. Hori guztia, azken urteotako hazkunde soilik hedakorraren aurrean hiri konpaktuaren aldeko apustuaren barruan.

 Plan Zuzentzaileak lerro hauetan egin nahi du aurrera:

  • Garapen iraunkorragoa lortzea.
  • Lurzoruaren alferreko kontsumoa saihestea.
  • Konponbidea ematea hirigune zaharretako etxebizitza premiei, etxebizitza berrien demanda gutxituz.
  • Kohesio sozial handiagoa lortzea.

 

  • Hirugarren helburu estrategikoak lurzorua modu iraunkorragoan eta orekatuagoan kudeatzea du xede.

 Hortaz, aurreko planetatik herentzian jasotako lurralde-desoreka zuzentzeko asmoa du Jaurlaritzak.

 Lege Aurreproiektua

 Etxebizitza Sailak landu eta urte amaieran Gobernuak onartuko duen lege aurreproiektuak, Konstituzioan jasotako etxebizitza izateko eskubidearen kontzeptua garatzen du batetik, eta arautegi zabal eta sakabanatuan ordena jarri nahi du, bestetik.

 Legearen helburu nagusia da herritarrek etxebizitza duin eta egoki bat izateko duten eskubidea gauzatzeko behar diren baldintzak bultzatu eta arauak ezartzea, eta printzipio hori, etxebizitza izateko zailtasun handiak dituzten pertsonek epaitegietan exijitu ahal izango duten benetako eskubide bihurtzea. Etxebizitzaren funtzio soziala definitu eta garatzen du, halaber.

 Krisi ekonomikoa

 Etxebizitzako arduradunen lana krisi ekonomiko eta finantziero sakoneko testuinguruan garatzen ari da.

 Hala eta guztiz ere, susperraldian sartu gara eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak babes publikoko 4.950 etxebizitza eraikitzen hastea lortu du EAEn 2010ean, aldi berean eraikitzen hasi diren etxebizitza libreen (2.572)  hi halako, hain zuzen.

Orain arte ez da horrelakorik sekula gertatu Euskadin, izan ere babes publikoko etxebizitza gehien egin den aldietan ere, egiten ziren etxebizitza libreen kopurua babesekoen bikoitza baitzen.  Horrela bada, 2010ean Euskadik gainditu egin du egiten hasi diren babestutako etxebizitzen Estatuko batez bestekoa.

 Inbertsio pribatu alternatiboaren bila

Krisi egoeretan adimena zorroztu beharra dago, eta higiezinen sektorea berpizteko soluzio berritzaileak bilatu, eredu ekonomiko-finantziero berriak baliatuz.

 Ildo horretatik, Etxebizitza Sailak lanean dihardu finantzazioa lortzeko kanpoko funtsetatik eta Europako inbertsio-funtsetatik eta programetatik.

 Kanpoko inbertso-funtsekin eta Europako Inbertsio Bankuarekin dago harremanetan, zenbait akordio ixteko aukera aztertzen. Horiek ondo atera ezkero, Plan Zuzentzailean hartutako konpromisoak betetzeko moduan ginateke legegintzaldian, gobernua zorpetu gabe, alegia.

 Udalak

 Arriolak beharrezkotzat jotzen du, halaber, legezko baliabideak eta mekanismoak jartzea, Tokiko Administrazioei malgutasun handiagoa emango dietenak, administrazio horiek beren bitartekoak unean-unean duten premia ekonomikora eta sozialera egokitzeko, alegia. Egoera horrek krisian jarri du sistema, eta agerian geratu da indarrean dauden arau- eta prozedura-arloko alderdiak berrikusi egin behar direla eta formula berritzaile berriak bilatu, lurzorua merkatuan jartzea ahalbidetuko dutenak.

 Araudiak

 Etxebizitza Saila berrikusten ari da indarreko arautegi zabal eta sakabanatua, haren zehaztapenak egungo egoera sozio-ekonomikora egokitzeko. Aztertzen ari da baita, lege-aldaketak planteatzea, lurzoruaren kudeaketa, etxebizitzak egitea eta hiria berroneratzea oztopatzen dituzten xedapenak zuzentzeko.

 Adostasuna.

 Sailburua eskuzabal eta jarrera irekiarekin joan da Legebiltzarrera, etxebizitza-politikan neurririk egokienak garatzen lagunduko dituzten akordioak eta adostasunak lortzeko prest. Akordioa eta adostasuna inoiz baino beharrezkoagoak dira eraikingintzaren eta etxebizitzaren sektorean eragin berezia duen egungo egoera ekonomikoan.

 Arriolak borondatea eskatu die indar politiko guztiei etxebizitza gaietan konpromiso benetako eta tinkoetara iristeko, eta behin eta berriz errepikatzen diren proposamen hutsalak alde batera uzteko. Sailburuaren iritziz, etxebizitzarena eragin soziala duen gai sentsiblea da, errealitatetik hurbil dauden jarrerak eskatzen dituena. Horregatik, konpromiso politikoz eta erantzukizunez jokatzearen beharra azpimarratu du.

 Arriolaren ustez, honako gaietan lortu beharko lirateke akordioak eta adostasunak: 

  • Etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboaren definizioa, edukia eta ondorioak.

 

  • Bizitegirako lurzoruaren mobilizazioa bultzatzeko neurriak; etxebizitza libreek eta babestuek jasaten dituzten kargen arteko oreka ekonomikoan eragina izango duten neurriak -prozedurazkoak nahiz oinarrizkoak-, eragiketak bideragarriak izan daitezen.

 

  • Alokairura bideratutako etxebizitza programak laguntzeko neurriak eta jarduerak.

 

  • Alokairurako etxebizitza- eta birgaitze-politikak laguntza fiskalak eduki ditzaten proposamenak.

 

  • Hirien berroneratzea eta eraikinen birgaitzea bultzatuko dituzten neurriak eta ekimenak.

 

  • Soluzio finantzieroak eta lankidetza publiko-pribatuak, Sailaren aurrekontu-ahalmenaren osagarri izango direnak eta aurreikusitako helburuak lortzen lagunduko dutenak.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)