What the Basque?!
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Euskadiko gazteen erdiak sare sozialetara konektatzea da ohetik altxatzean egiten duten lehen gauza, eta sarean aritzea oheratzean egiten duten azkena

2019-10-17
  • Gazteen Euskal Behatokiak “Euskadiko gazteak eta sare sozialak” ikerketa prestatu du
  • Ikerketa hori 2018ko abenduan Gazteen Euskal Behatokiak egindako telefono bidezko inkestan oinarritzen da. Guztira, 15 eta 29 urte bitarteko 1.512 gazte elkarrizketatu ziren telefonoz.
  • Instagram da Euskadiko gazteen sare sozialik gogokoena, Youtuberekin batera: % 74,1 Instagramera konektatzen da egunero, eta % 73,7, Youtubera
  • Internet eta sare sozialetan jarduera ohikoenak musika entzutea eta bideo edo tutorialak ikustea dira

VG 17 10 2019

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteen Euskal Behatokiak prestatutako “Euskadiko gazteak eta sare sozialak” ikerketak honako hau nabarmentzen du: “sare sozialak gazteen eguneroko biziaren zati garrantsitsua dira; gazte askorentzat sare sozialetara konektatzea da ohetik altxatzean egiten duten lehen gauza, eta sarean aritzea oheratzean egiten duten azkena”.

 

Gazteen arteko erdiak (% 49,0k) onartzen du askotan ohetik jaikitzean egiten duen lehena WhatsApp edo sare sozialak irekitzea dela, eta bost gaztetik batek (% 20,1ek) aitortzen du gauean oso berandu arte geratzen dela WhatsAppeko mezuak bidaltzen edo sare sozialetara konektatuta”.

 

Ikerketak sare sozialei lotutako zenbait alderdi jorratu ditu, esaterako: zein diren sare erabilienak, zein maiztasunarekin erabiltzen diren, zein sare duten gogokoen gazteek, zein den komunikazio-hizkuntza nagusia sare sozialetan, zein jarduerak garatzen dituzten gazteek Interneten edo sare sozialetan eta zein maiztasunekin, zer-nolako pertzepzioa duten norberak Internetez egiten duen erabilerari buruz, zein pribatutasun- eta segurtasun-neurri hartzen dituzten datu pertsonalen babesa eta norberaren edukietara sarbide mugatua bermatzeko, arlo horretan gurasoengandik aholkurik jasotzen duten, eta, azkenik, sare sozialetan jazarpena bizi ote duten, azken arlo horren inguruan artikulu ugari idatzi baitira eta ikerketa hau kuantifikatzen saiatu da.

 

Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariaren hitzen arabera, “WhatsAppa kontuan hartzen ez badugu, aintzat hartuta ia gazte guztiak egunero hartara konektatzen direla, Instagram da Euskadiko gazteek gogokoen duten sare soziala. Youtuberekin batera egunero gehien erabiltzen dena izateaz gainera (% 74,1 egunero konektatzen da Instagramera eta % 73,7 Youtubera), sare sozial bakarrean sartzeko aukera izango balute, Instagram aukeratuko lukete gazte gehienek (% 52,1)”.

 

Internet eta sare sozialetan jarduera ohikoenak musika entzutea eta bideo edo tutorialak ikustea dira. Gazte gehienek bi jarduera mota horiek egiten ditu egunero (% 86,3k musika entzuten du eta % 56,4 bideo edo tutorialak ikusten ditu egunero). Badira gazte gehienek egiten dituzten jarduera mota batzuk, baina erdia baino gutxiago dira horietan egunero aritzen direnak. Horien artean daude serieak edo pelikulak ikustea, prentsa irakurtzea, edozein motatako edukiak (argazkiak, bideoak, testuak...) argitaratzea, produktu edo zerbitzuak erosi edo saltzea, eta Skype, FaceTime edo antzeko plataformak erabiliz bideodeiak egitea.

 

 

 

 

Influencerrak

Hamar gaztetik batek (% 9,4k) dio “izan duela edo gaur egun baduela blog pertsonalen bat”, baina askoz ere gehiago dira (% 52,4) youtuber, gamer edo influencerren bati jarraitzen diotenak.  Bestalde, Euskadiko gazteen laurdenak baino gehixeagok (% 28,8k) dio azken urtean abiarazi edo sustatu duela Interneten edo sare sozialetan eztabaida edo salaketa sozialen bat, testu bat idatziaz edo irudi edo bideoren bat zabalduaz; “ziberaktibismo” deritzo jarduera horri.

 

Gazteen arteko gehien-gehienek (% 87,6k) diote hartzen dutela neurririk sare sozialetan pribatutasuna bermatzeko, halako moduan non soilik pertsona jakin batzuek ikusiko dituzten beren edukiak. Alabaina, % 14,1ek sare sozialen batera sartzeko pasahitza eman izan die beste pertsona batzuei, % 26,6k pertsonalki ezagutzen ez dituen pertsonen adiskidetasun-eskaerak onartzen ditu, eta % 23,0k aitortzen du ez diela inoiz baimenik eskatzen bere argazki eta bideoetan agertzen diren beste pertsonei (pertsona horien pribatutasuna bermatzeko neurri gisa), Internetera igo aurretik.

 

Egoera umiliagarriak edo jazarpenekoak ez dira arrotzak sare sozialen erabileran, batez ere ez bada kontuen pribatutasuna bermatzeko neurririk hartzen. Gazteen % 8,7k dio gutxienez behin ordeztu izan dutela beren identitatea sare sozialetan, eta % 7,2k jakinarazten du gutxienez behin norbaitek zabaldu izan duela sare sozialetan, bere baimenik gabe, bera agertzen den argazki edo bideo konprometitu, iraingarri edo lotsagarriren bat.

 

Gainera, gazteen % 17,9k dio noizbait sentitu izan duela norbaiten jazarpena etengabe mezuak bidaltzen zizkiolako, iruzkin desatseginak bidaltzen zizkiolako edo sare sozialen bitartez iraintzen zuelako. Eta jazarpenik sentitu ez badu ere, Euskadiko gazteen erdiak baino zertxobait gehiagok (% 52,4k) dio gutxienez behin irten izan dela sare sozialen batetik edo blokeatu izan duela norbait, haren mezu desatseginik ez jasotzeko.

 

Bestalde, sare sozialen erabilera zuzenari buruzko aholkuei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu gehiago direla gurasoei azalpenak eman dizkieten gazteak (% 76,6k, askotan eta noizbait egin izan dutela diotenen ehunekoak batuta), gurasoengandik halakorik jaso dutela diotenak baino (% 43,2).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)