Eu

Artolazabal: “Lantegi Batuakek Sestaon desgaitasuna duten pertsonen enplegurako eta prestakuntzarako duen zentro berriak bat egiten du Ezkerraldeko kohesioa leheneratzeko eta hobetzeko ekimenarekin”

2019.eko urriak 16
  • “Euskadin garatzen den enplegu inklusiboaren kudeaketa nazioarteko erreferentea da”

Sestao, 2019 10 16

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, honako hau esan du: “Lantegi Batuakek Sestaon desgaitasuna duten pertsonen enplegurako eta prestakuntzarako duen zentro berriak bat egiten du Ezkerraldeko kohesioa leheneratzeko eta hobetzeko ekimenarekin, haren lan-, prestakuntza-, ekonomia- eta, batik bat, gizarte-jardueraren bidez”.

 

Lantegi Batuaken zentro berria gaur goizean aurkeztu da; jarduera elektronikoetan espezializatuta dago, eta Ezkerraldean desgaitasuna duten 100 pertsonentzako lan-aukerak sortzea aurreikusten du. Gaur egun, 70 pertsonak garatzen dute beren jarduera zentroan; haietatik, % 82k adimen-desgaitasuna edo desgaitasun fisikoa edo sentsoriala edo gaixotasun mentala du.

Beatriz Artolazabal sailburuarekin batera, aurkezpenean Susana Gorbeña eta Txema Franco Lantegi Batuakeko presidenteak eta zuzendari nagusiak, Gorka Martínez BBK fundazioko zuzendari nagusiak, Iosu Bergara Sestaoko alkateak eta Unai Rementería Bizkaiko Ahaldun Nagusiak parte hartu dute.

Guztira, 3.094 pertsonak lan egiten dute eta hobetzen dituzte beren gizarte-gaitasunak Lantegi Batuaken. Haietatik, % 83k desgaitasunen bat du. Desgaitasuna duten pertsonen langabezia-ratioa %16 da. “Inklusiorako ekimen horren ondorioz, haietako asko enplegu arrunteko lanetan hasten dira. Okupatuta dauden eta desgaitasuna duten pertsonen % 60k enplegu arrunta du”, esan du Artolazabalek.

“Enplegu bat lortzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren apustu nagusia prestakuntza da, kontuan hartuta gero eta ezinbestekoagoa dela lanpostu batera edo beste batera sartzeko, bai zentro berezietan, bai lan arruntean. Lantegi Batuakek funtsezko lana egiten du gure gizartearentzat. Emaitzen kontuaren –ekonomikoak eta sozialak– zifrek hala berresten dute. Zuon bezeroak hazten dira, fakturazioa hazten da, interes soziala hazten da eta, gaur, hemen, Sestaon, gure jarduera positiboki hazten doa”, esan du Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak.

Euskadi erreferente

Artolazabalen hitzen arabera, “Euskadin garatzen den enplegu inklusiboaren kudeaketa nazioarteko erreferentea da, eta hala egiaztatzen dugu beste foro batzuetan eztabaidatzen den bakoitzean, besteak beste, Europako Parlamentuan edo Batzordean.  Lantegi Batuakek, alderdi askotan, garapen jasangarrirako helburuen garapenean parte hartzen du, eta etorkizuneko ikuspegi handiarekin eta profesionaltasunez egiten ari da. Euskal erakundeok ekimen honekin gaude, beste fundazio eta elkarte batzuk bezala”.

“Egun batzuk barru, Eusko Jaurlaritzak enplegu-zentro berezien dekretua onetsiko du; haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin zerikusia duten programa eta zerbitzuak arautuko dira, bai eta Euskadiko enplegu-zentro berezien erregistroa ere”, esan du Artolazabal sailburuak.

“Badakigu nolako garrantzia duten enplegu-zentro bereziek, enplegu-sortzaile, gizarte- eta lan-integrazioaren eragile, eta inklusioaren, integrazioaren, elkartasunaren eta kohesioaren eragile diren aldetik” esan du Artolazabalek.

Enplegu-zentro berezien bidez egiten den lan-formula tresna handia da desgaitasuna duten pertsonen lan-integraziorako, Lantegi Batuakek Sestaon duen zentro berriak bide ematen du kontratatutako desgaituek gizarte- eta lan-ohiturak eskuratzeko, ekoizpen-sisteman sartzeko eta beren enplegagarritasuna hobetzeko. Zorionak Lantegi Batuaki eta haren plantilla eredugarriari, Europa sozialagoa eraikitzeko lanean euskal gizarte-kohesioa hobetzen laguntzeagatik, kontuan hartuta Euskadi Europa sozial horretan nabarmendu egiten dela haren ekimenagatik, lanagatik eta garatzeko gaitasunagatik”, esan du Beatriz Artolazabalek, amaitzeko.

Elektronika

Lantegi Batuakek Sestaon duen zentro berria jarduera elektronikoetan espezializatuta dago, eta Ezkerraldean desgaitasuna duten 100 pertsonentzako lan-aukerak sortzea aurreikusten du. Gaur egun, 70 pertsonak garatzen dute beren jarduera zentroan; haietatik, % 82k adimen-desgaitasuna edo desgaitasun fisikoa edo sentsoriala edo gaixotasun mentala du.

Instalazio haietan, BBK Sestao Elektronika dago; hura ekimen aitzindaria da desgaitasuna duten pertsonetara egokitutako lanbide-heziketaren eremuan, eta elektronikako ziurtagiri profesionala eskaintzen du. Hartan, ikaskuntza-metodo berritzaileak eta material egokituak erabiltzen dira.

Zentro berriaren industria-jarduera, nagusiki, ekipamendu elektrikoko ondasunen mihiztatzean, kableatuan eta zirkuitu elektronikoen fabrikazioan oinarritzen da. Energiaren sektoreko balio-kate osoko produktu eta soluzioak dira, besteak beste: sorkuntza, kontrol eta banaketa elektrikoa, energia berriztagarrietarako ekipamendua –eolikoa eta fotovolatikoa– eta sare adimendunak.

SestaoBarri zentroko inbertsio globala, lurra eskuratzea, eraikuntza eta ekipamendua barne, 4 milioi eurotik gorakoa izan da. Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza izan du, gizarte-azpiegituren inbertsiorako, Eusko Jaurlaritzarena, ekoizpen-ekipamendurako, eta Sestaoko Udalarena, beste gizarte-ekipamendu batzuetarako. Era berean, BBKk BBK Sestao Elektronika sortzea bultzatu du, lanbide-heziketako zentro egokitua.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Txema Franco, Susana Gobeña, Iosu Bergara, Unai Rementería