Eu

Eusko Jaurlaritzak 320.000 euroko partida onartu du, kulturaren arloan publikoak sortu, fidelizatu eta areagotzeko diru-laguntza deialdia egiteko (Gobernu Bilera 2019-10-15)

2019.eko urriak 15
  • Laguntza-lerro hau bi urtekoa izango da lehen aldiz, eta kultura kontsumoa publiko berrietara hurbiltzeko ekimenak babestuko ditu

Eusko Jaurlaritzak 320.000 euroko partida onartu du bere gaurko bileran, kultur publiko berriak sortzeko deialdia abian jartzeko. Laguntza-lerro honen helburua da publiko kulturala sortu, fidelizatu eta areagotzeko ekimenak bultzatzea. Deialdia, lehen aldiz, bi urtekoa izango da.

Laguntza-lerro honek kultur politikak urrats bat harago eraman nahi ditu, kultur kontsumoaren esparruan ere arreta jarriz eta publikoak sortzea, fidelizatzea eta areagotzea bultzatuz. Helburua kultur sorkuntzaren eta publikoaren artean dauden oztopoak gainditzeko lan egitea da.

Helburu hori lortzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur publikoak sortu, fidelizatu eta zabaltzeko orduan bide eraginkor berriak proposatzen dituzten eragileen ekimenak babestuko ditu. Aurtengo deialdia bi urtekoa izatea da helburua, publiko berrien sorrera bultzatzeko aurkezten diren proiektuak sendoagoak izan daitezen eta denboran jarraipena izan dezaten.

Joan den uztailean Gobernu Kontseiluan aurkeztu zen 19/22 Kultura Planak euskal kulturaren ikusgarritasuna handitzeko beharra adierazten du, eta publiko berrien sorreran arreta finkatzeko beharra azpimarratzen du. Hala, planak adierazten du Euskadin sortutako kulturarekiko interesa, ezagutza eta aitortza areagotzea Eusko Jaurlaritzaren kultur politiken gakoetako bat dela –are gehiago euskaraz sortutakoaren kasuan–. Hala, azpimarratzen du beharrezkoa dela publiko berriak erakartzeko eta fidelizatzeko estrategiak sartzea sektoreko elkarte profesional guztien jardueretan.

Halaber, legegintzaldi honetarako Gobernu Programak, bere ekimenen artean, audientzien fidelizazioa eta publiko berrien sorrera bultzatzeko beharra aipatzen du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko