Eu

Eusko Jaurlaritzaren zorra murrizteko politikaren aurkezpena

2019.eko urriak 14

EUSKO JAURLARITZAK IA 600 MILIOI EUROTAN MURRIZTU DU BERE ZORRA 2019AN

  • Zorra 9.444M/€-tan geratu da, hau da, BPGren %12,3an
  • Euskadi, Estatu osoan zor gutxien duen Erkidegoa da
  • Azpiazuk adierazi duenez, zorra kitatzeak “Herrialde gisa dugun hipoteka” murrizten du, eta “etorkizunerako inbertsioa” da
  • 2019rako eta 2020rako hazkunde aurreikuspenek AIREFen abala jaso dute, eta erakundeak “zuhurrak” direla esan du, konfiantzazko agertokia ematen dutelako

Eusko Jaurlaritzak zorra murrizteko bere politika aurkeztu du gaur. Aurreikuspenen arabera, 2019an zorra 597 milioi eurotan murriztuko da. Eragiketa horren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren eta Sozietate Publikoen zorra (EKS-SEC perimetroa) 9.444 milioi eurotan geratzen da, hau da, BPGren %12,3an. Aurrekontu egonkortasunari buruzko arautegiak, 2019an %13,8ra arte zorpetzeko aukera ematen dio Euskadiri. Hori dela eta, euskal kontu publikoak, baimendutako zorra baino 1.000 milioi inguru beherago daude. Eusko Jaurlaritzako 2020rako egiten duen aurreikuspena, 9.291 milioi eurora arte murriztea da.

Horrela, Euskadi, Estatu osoan zor gutxien duen Erkidegoa bilakatu da. Horrek nabarmen hobetzen du kalifikazio agentzien aurrean dugun kalifikazioa, eta merkatuetara sarbide hobea izateko aukera ematen dio, kostu eta inbertitzaile aniztasunari dagokienez.

Hori guztia, legealdiaren hasieratik Eusko Jaurlaritzak zergak finkatzeko eta aurrekontua abagunera egokitzeko aurrera eraman duen estrategiari esker lortu ahal izan da. Jaurlaritzak badaki krisialdiaren urteetan ezinbestekoa izan dela gehiago zorpetzea, baina badaki, baita ere, baliabide gehiago dauden garaietan beharrezkoa dela kontu publikoak saneatzen joatea.

“Buelta eman diogu egoerari –adierazi du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak–. Orain, zorrak kitatzen eta Herrialde gisa daukagun hipoteka murrizten joateko behar adina baliabide ditugu”. Azpiazu Sailburuaren iritziz, zorra kitatzea “etorkizunerako inbertsioa” da, agertoki ekonomiko konplikatuagoen aurrean erantzuteko ditugun aukerak hobetzen dituelako.

597 milioi euroen amortizazioaren parte bat, 2019an aurreikusita zegoen 124 milioi euroko ohiko amortizazioari dagokio, eta bestea 473 milioi euroko aurretiazko amortizazioari (265,8 jaulkipenen erosketaren eta 207,2 maileguen aurretiazko amortizazioaren bitartez). 

Grafiko honek zorraren kostua eta bizia erakusten ditu. Bertan ikus daitekeenez, Eusko Jaurlaritzak bat egin du Europako herrialdeekin eta OCDErekin:

Euskal kontu publikoen bidea

2005etik 2020ra (2019 eta 2020 aurreikuspen moduan daude oraindik) euskal kontu publikoek egin duten bidea hau izan da:

2017ko datuak, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lortu ziren akordioen bitartez azaltzen dira. Horien bitartez, Euskadiko administrazioen eta Espainiako Gobernuaren arteko finantza harmonizazioa lortu zen. Kontabilitateko doikuntza hori kontuan izan barik, Eusko Jaurlaritzaren eta bere sozietate publikoen superabita 301 milioi eurokoa izango litzatekeen 2017an. Iaz, Foru Aldundien ekarpen handiagoen ondoriozko diru-bilketa emaitza onei esker, zifra hori 531 milioi eurora heldu zen. 2019rako aurreikuspena urtea 153 milioi euroko superabitarekin ixtea da, eta 2020. urtea 40 milioi euroko superabitarekin.

Hurrengo grafikoak, euskal kontu publikoek, BPGari dagokionez, izan duten bidea erakusten du:

Finantza egoera saneatuari eusteaz gain, kontu publikoetan superabita erakusteak, Finantzaren ikuspegitik Jasangarriak diren Inbertsioak –FJI-IFS– egiteko aukera ematen dio Eusko Jaurlaritzari. Inbertsio horiek ez dira kontuan hartzen gastuaren erregelan, eta inbertsio publikorako bultzada garrantzitsua dira. 2018an, FJI-IFS horietara zuzendu zen kopurua 54 milioi eurokoa izan zen, eta 2019an 100 milioi eurotik gertu egongo da, Jaurlaritzaren inbertsio esfortzua %15 handituz.

Euskal ekonomiaren hiruhileko txostena

Ogasun eta Ekonomia Sailak, 2019ko bigarren hiruhilekoari dagokion Euskal Ekonomiaren Hiruhileko Txostena argitaratu du. Hazkundea %2,2koa izan da, aurreko hiruhilekoan izandako tasa bera. Horrek amaiera ematen dio, momentuz behintzat, azken hiruhilekoetan bizi izandako moteltze prozesuari.  

Inguruko herrialdeekin alderatuta, euskal ekonomiaren hazkundea eurogunekoa (%1,2), Europar Batasunekoa (%1,4) eta Alemaniakoa (%0,4), Frantziakoa (%1,4) eta Erresuma Batukoa (1,2) baino nabarmen handiagoa da. Horrez gain, epealdi berean Espainiak lortutakoaren antzekoa da (%2,0).

Eustaten hiruhileko kontuen berrikuspenak eta inguruneari buruzko hipotesien eguneratzeak 2019 osorako Euskadiko BPGaren igoera %2,2an jartzera eraman dute Eusko Jaurlaritza, aurreikusitako agertokia baino hamarreko bat beherago soilik. 2020rako, %2,0ko aurreikuspenari eusten zaio. Aurreikuspen horiek AIREFen abala jaso dute joan den astean, eta erakundeak  “zuhurrak” direla esan du, konfiantzazko agertokia ematen dutelako.

Bi urteetan, barne eskaria izango da Euskadiko ekonomiaren motorra, eta kanpoko saldoaren ekarpena zerbait negatiboagoa izango da. Kontsumo pribatuak eta inbertsioak intentsitate pixka bat galduko dute, hiruhilekoek aurrera egin ahala. Beste alde batetik, industria egungo zailtasunak gainditzen joango da, baina aurreko urteetako erritmo handia berreskuratu barik. Eraikuntzak dinamismo handia erakutsiko du, eta zerbitzuek ere batez bestekoaren gainetik hazten jarraituko dute.

Epealdiaren ezaugarri nagusietako bat kanpoko saldoaren zeinu aldaketa izan da, BPGari ekarpen zertxobait positiboa egitera igaro baita, inportazioen (%2,6) eta, batez ere, esportazioen (%2,8) aldeko bilakaeraren ondorioz. Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza borrokaren, Europako produktuei ezarritako arantzelen igoeraren eta Brexitaren inguruko akordio faltaren ondorioz, besteak beste, nazioarteko harremanak kaltetzen dituen testuinguruan.

Hurrengo laukian, euskal ekonomiak 2005etik izan duen portaeraren bilakaera erakusten da, 2019ko eta 2020ko aurreikuspenak barne:

Lan merkatuak aldeko tonua izan zuen bigarren hiruhilekoan, enpleguak %1,7 egin batzuen gora, aurreko datua baino hamarreko bat beherago baino ez. Urte arteko hazkundea jardunaldi osoko 16.000 lanpostu baino zerbait handiagoa izan da, zerbitzuetan batez ere (%1,8). Industriak (%0,9) eta eraikuntzak (%3,3) ere garrantzi handia izan dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak