Berriak Hezkuntza

Hezkuntza komunitateak bat egin du EiTB Maratoiarekin

2019-10-12
  • Hezkuntza Sailak, ikasleek, familiek eta irakasleek EiTB Maratoia Txokoan antolaturiko jardueretan hartu dute parte, EiTB Jaiaren baitan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Osasun Sailak bezalaxe, bat egin du aurten EiTB Maratoiarekin. Ekimen honek haurren minbizia izango du ardatz, eta gaixotasun horren inguruko sentsibilizazioan eta diru-bilketan ipiniko ditu ahaleginak, 2019ko edizio honetan.

Horregatik, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eta Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak EiTB Jaiaren baiatan antolaturiko “EiTB Maratoia Txokoan” parte hartu dute gaur eguerdian, Barakaldoko BECeko 2. Pabilioian.

Egunean zehar hainbat ikastetxetako ikasle, familia eta irakasle gune horretan antolatu diren tailer eta jardueretan parte hartzen ari dira, jolas giroan noski, baina EiTB Maratoiak aurten duen helbururako dirua biltzeko asmoa bazterrean utzi gabe. Adibidez, marrazketa tailerrean parte hartu dute, eta ondoren BECen bertan erakusketa solidarioa osatuko dute. Ikasle guztien artean, marrazkiz marrazki, erakusketa horren euskarri izango diren panelak betzen ari dira.

Gainera, ikasturtean zehar eta EiTB Maratoiaren baitan, ikastetxe hauek haur minbizia ezagutzeko, honen inguruan kontzientzia hartzeko eta elkartasuna erakusteko hainbat jardueratan parte hartuko dute.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)