Eu

Elektromugikortasuna, berrikuntza teknologikoa eta esnekiak Eusko Jaurlaritzak Suitzara egin duen bisitaren ardatz nagusiak

2019.eko urriak 11
  • Tapiak Irizar euskal enpresak Schaffhausen-en abian jarriko duen autobus elektrikoaren proiektu berria bultzatuko du
  • Agendak erakunde- eta merkataritza-ikuspegia bateratzen ditu, eta urriaren 14tik 18ra bitartean garatuko da

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, datorren astean, Suitzara bidaiatuko da, Europaren erdialdeko herrialdeko enpresak eta zentro teknologikoak zenbait sektoretan egiten ari diren ekintza esanguratsuenak ezagutzeko. Sektore horiek, besteak beste, honako hauek dira: mikrozehaztapena, mugikortasuneko azpiegituren fabrikazioaren automatizazioa eta digitalizazioa edo esnekien eratorrien ekoizpeneko berrikuntza.

Javier Zarraonandia Industriako sailburuordea eta Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea sailburuarekin batera izango dira, merkataritza- eta erakunde-ikuspegia bateratuko dituen misioan; hartan, Irizar euskal enpresak Schaffhausen hirian egin dezakeen proiektua bultzatuko da, izan ere, bertan, 15 autobus elektriko hornitzeko eta zerbitzua betetzeko behar duten errekargaren azpiegiturarako lehiaketa irabazi dute. Proiektu horretan, energia hiritik igarotzen den Rin ibaiaren indarraren bidez sortuko da.

Euskal ordezkaritzak esnekien dibertsifikazioarekin, ekoizpenarekin, banaketarekin eta salmentarekin zerikusia duten gaietan ere jarriko du fokua, Luzernan EMMI taldearen egoitza nagusira egingo den bisitan. EMMI enpresa ertaina zen, eta, gerora, nazioarteko merkatuan lider gisa finkatu da; bere produktuak 60 herrialde baino gehiagotan saltzen ditu. Kaiku, 2015etik, EMMI taldean parte hartzen duen enpresetako bat da.

Europar Batasunean ez dagoen herrialde bateko elikadura-politikaren ikuspegia eta elikaduraren balio-kate osoa ezagutzeko, euskal ordezkaritza Suitzako Gobernu Federaleko Nekazaritzako Bulego Federaleko ordezkariekin batuko da.

Berrikuntza Suitzan

Bidaiaren agendan berrikuntza ere osagai garrantzitsua da; izan ere, Estatuko idazkariarekin eta Ekonomia Gaietako, Hezkuntzako eta Ikerketako Departamentu Federaleko Alde biko Harremanen zuzendariarekin bilerak izateaz gainera, euskal ordezkaritzak beste zenbait zentro ere bisitatuko ditu, besteak beste: INNOSUISSE, unibertsitateen eta industriaren arteko ezagutzaren transferentzia eta teknologia sustatzen duen Berrikuntzaren Sustapenerako Suitzako Agentzia; EHT Zürich, enpresarekiko elkarlanean buru den unibertsitate publikoa, edo ABB, Lenzburg-eko instalazioan egin duen digitalizazio-proiektuagatiko saria jaso duena.

Bisita horietan, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko zentro teknologikoen sarearen gaitasunak nabarmenduko ditu; zentro horiek, duela hilabete gutxitik hona, BRTA (Basque Research & Technology Alliance) markapean koordinatuta lan egiten dute.

*Ekimen garrantzitsuenen ikus entzunezko informazioa bidaliko da komunikabideetara

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak