Berriak Lehendakaritza
Eu

MUGAK-ek arkitekturaren geroari begiratuz ekin dio aurtengo edizioari, eta Peña Gantxegi saria eman die Ane Arce eta Iñigo Berasategiri

2019.eko urriak 10
  • Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela egin da sari-banaketa. ELE arkitektura-estudioak aipamen berezi bat jaso du, eta finalera iritsi dira Amaia Arana, Carlos Garmendia, eta LA-NA Architects eta MUGARA arkitektura-estudioak

  • Bigarren edizio honetan, herritarrek ere hirigintzaz eta arkitekturaz gogoeta egin dezaten lortzea da Nazioarteko Arkitektura Bienalaren helburua; izan ere, gure herri-hirietako hirigintza eta arkitektura zenbat eta hobeak izan, hainbat eta handiagoa izango da bertako bizilagunen bizi-kalitatea

Gaur hasi da MUGAK Bienalaren bigarren edizioa, Euskadiko Arkitektura Institutuan (EAI-IAE),eta denok ere arkitekturaren geroari begira jarriz ekin nahi izan dio, euskal arkitekto gazteentzako 2019ko Peña Gantxegi sariakbanatuz. Bertan izan da Iñigo Urkullulehendakaria, eta hark eman die saria Ane Arce eta Iñigo Berastegiri, biak ere bilbotarrak, 30 eta 31 urtekoak hurrenez hurren, eta AZAB estudioaren sortzaileak.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatua da Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala, eta aurtengo edizioan, kulturarekin estu loturiko hogeita hamarren bat erakunde eta elkarte aritu dira laguntzaile modura; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala. Hurrengo abendura bitartean, hainbat ekitaldi egingo dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Eduardo Mangada-k, Eva Prats-ek eta Moises Puente-k osatu dute epaimahaia, bai eta Rocío Peña-k(Peña Gantxegi Artxiboa) eta Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura zuzendariak ere. Epaimahaikideen arabera, bi saridunek konfiantza erabatekoa omen dute “arkitekturak hiria aldatzeko duen gaitasunean, eta arkitekturari erabilera berriak ematen ahalegindu dira". Bi arkitekto gazteen lanean artean, epaimahaikideek Mallabiko (Bizkaia) Herriko Plaza nabarmendu dute. 

ELE arkitektura-estudioakaipamen berezia jaso du. Eduardo eta Eloi Landia durangarrek (33 eta 30 urtekoak hurrenez hurren) sortua da ELE arkitektura-estudioa, eta "beren praktika onengatik eta espazioak nahiz materialak bikain erabiltzeagatik" eman diete aipamen berezia. Haiek eginak dira, besteak beste, Durangoko Kurutziaga ikastola berritzeko lanak.

Finalista gisa, diploma bana jaso dute Amaia Arana aretxabaletarrak (31 urte), Carlos Garmendia iruindarrak (36 urte), LA-NA Architect estudioaren sortzaile Sara Navazo gasteiztarrak eta Edorta Larizgoitia bilbotarrak (32 urtekoak biak), eta MUGARA estudioaren sortzaile Ander Rodríguez Korta beratarrak (32 urte).

Denak dira arkitekturaren profesionalak, eta denek daramate lanean 10 urte baino gutxiago Euskadin, edo denek eskuratu dute titulua erkidego horretan. Haien lanak ikusgai egongo dira Donostian dagoen Euskadiko Arkitektura Institutuan, gaurtik hasita eta abenduaren 12ra arte, asteartetik igandera. 

Urkullu lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, hirigintzak eta arkitekturak gizarte-ongizatean eta -kohesioan duten eraginaz jabearazteko balio beharko luke Bienalak. “Izan ere, arkitektura eta hirigintza kalitatezkoek lotura zuzena dute bizi-kalitate pertsonal nahiz kolektiboarekin".

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak zorionak eman dizkie saridunei, eta etorkizunerako onena opatu die, eta esan du “MUGAK erreferente bihurtu dela nazioartean, eta harrera egiten diela arkitekturaren, hirigintzaren eta diseinuaren alorretan puri-purian dauden joerei eta kezkei”.

Peña Gantxegi Artxiboaren zuzendariak, Rocío Peña-k, aurtengo edizioko lanen kalitatea azpimarratu nahi izan du, eta aurtengo edizioan ere epaimahaia hain kalitate handikoa izatea guztiz poztekoa dela aitortu du. Garrantzi handikotzat jo du, gainera, kanpotarrak izatea etorkizuneko euskal arkitektoen lanak saritzen dituztenak.

Sari-banaketaren karietara, Pedro Astigarraga Bienaleko komisarioak zera nabarmendu du: hurrengo bi hilabeteetan ehunetik gora jarduera egingo direla Donostian, Bilbon eta Gasteizen, eta jarduera horien guztien bidez, MUGAK askotariko joeren topagune bihurtuko dela, eta horrek aukera aparta emango digula denoi arkitekturaren inguruan hitz egin, eztabaidatu eta hausnartzeko, eta arkitekturak zientziekin eta arteekin dituen loturez eta diziplina horiek guztiek gure habitatak eta bizimoduak hobetzeari begira duten garrantziaz gogoeta egiteko.

Aurtengo edizioak erakusketa nagusi bat izango du: ‘Sistemen diseinua: Ulm-eko Eskola eta Braun konpainia’. Erakusketa urriaren 25ean hasiko da, eta bi egoitza izango ditu: Euskadiko Arkitektura Institutua (EAI) eta San Telmo Museoa. Ordura arte, ordea, nahi duenak aukera izango du beste bi ekitaldi garrantzitsu bertatik bertara ikusteko: batetik, ‘Arkitektura kontzientea’ erakusketa, EHUn;eta, bestetik, ‘Loturak: artea eta arkitektura' zikloa, Ekain, Altxerri, Arteko eta Kurarte-galerietan, Donostiako garrantzitsuenak laurak.

Lehen egunetako hitzaldi-sorta ere oso aipagarria da: urriaren 17an, Cluster Habic klusterraren eskutik, Sandra Barclayeta Jean Pierre Crousseperutarren hitzaldia entzuteko aukera egongo da, eta urriaren 18an, berriz, Nieto Sobejano Arquitectosbulegoko kideak etorriko dira gurera UPV/EHUko Arkitektura Eskolaren eskutik; lehenago, urriaren 11n, TopArte ekimenak eta Bizkaiko COAVN elkarteak antolaturik, arkitekturan sormen-prozesuak duen garrantziari buruzko hitzaldi-sorta bat antolatu da Bilboko Guggenheim Museoan, eta 'Sormena. Hiria. Paisaia’ jardunaldiak, berriz, Gasteizko Artium Museoan, Arabako COAVN elkartearen eskutik. Geroago etorriko dira gurera Rafael Moneoeta Álvaro SizaPritzker saridunak.

Peña Gantxegi sariaz

Peña Gantxegi Artxiboak antolaturik, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzaren laguntzaz, Peña Gantxegi sariak XX. mendeko bigarren erdiko euskal arkitekto gailenari zor dio izena. Luis Peña Gantxegik Donostiako Arkitektura Eskola sortu zuen, eta bere lan ugarien artean, Vista Alegre dorrea (Zarautz, 1959), Trinitate plaza (Donostia, 1963), Teniseko plaza (Donostia, 1976) eta Haize Orraziaren aurreko gunea aipatu behar dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak