Elkarlan Sariak
Berriak Hezkuntza
qrcode

Cristina Uriarte sailburuak Arroako eskola txikia bisitatu du

2019-10-09
  • Ikasturte hasiera dela eta, Arroako (Zesto) eskola txikira bisita egin du Hezkuntza sailburuak, Euskal Hezkuntza Sisteman dauden 51 eskola txikiek egiten duten lana bistaratzeko helburuz

  • Arroako eskola txikiak Haur eta Lehen Hezkuntzako 57 ikasle ditu aurten bere geletan

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Olatz Garamendi Administrazioa eta Zerbitzuen sailburuordearekin eta Gipuzkoako Hezkuntza ordezkari Gema Gonzalez de Txabarrirekin batera, Arroako eskola Txikia bisitatu du gaur goizez, Zestoan, ikasturte berriaren hasiera dela eta. Eskolako zuzendaria, Arantxa Osa, izan dute gidari bisitan.

Zestoako Arroa Behea auzoan kokaturik, Arroa Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak 2-12 urte bitarteko 57 ikasle ditu ikasturte honetan: horietatik 23 Haur Hezkuntzakoak dira (2-5 urte), eta gainerako 34 ikasleak Lehen Hezkuntzakoak (6-12 urte). Haur Hezkuntzako neska-mutilak bi gelatan banatuta daude, eta Lehen Hezkuntzakoak aldiz, ziklotan antolatzen dira (hiru gelatan: 1-2 mailak; 3-4 mailak; eta 5-6 mailak).

Eskolako instalazioak eta zenbait ikasgela bisitatu ondoren, Uriarte sailburuak bilera izan du bertako zuzendaritza taldearekin, klaustroko kideekin zein familien ordezkariekin. Bilera honetan, ikasturte hasierari loturiko hainbat gai aztertu dituzte, eta baita eskola publiko honetako arduradunek egindako iradokizunak jaso ere.

Bertaraturiko hedabideen aurrean, eskola txikiek egiten duten lanaren balioa azpimarratu du Uriarte sailburuak, bai hezkuntzaren ikuspegitik, baina baita herri txikiei ematen dieten bizitzaren aldetik ere. “Euskadin eskola txikiek egiten duten lanaren garrantzia nabarmendu nahi dut. Familiek hezkuntza-eskaintza erakargarria aurkitzen dute hauetan, hurbileko hezkuntza-komunitate txiki baten baitan. Hurbiltasun horrek familientzat erakargarri egiten ditu eskola hauek, eta baita kokaturik dauden herri edo auzoentzat ere. Ziurrenik, herri hauek bizitza galduko lukete eskolarik ez balute. Garrantzitsua da administraziotik eskola hauei babesa ematen jarraitzea, eta familiek ere hauen aldeko apustua egiten jarraitzea”.

Alde horretatik, gogorarazi beharrekoa da 2019-2023 eperako Hezkuntza-azpiegituren Planak bere ardatz estrategikoen artean jasoa duela landa eremuetako hezkuntza-azpiegiturei bultzada ematea.

Eskola txikiak

Arroakoa egun Euskal Hezkuntza Sisteman lanean ari diren 51 eskola txikietako bat da: 26 Gipuzkoan daude, 20 Bizkaian eta 5 Araban, guztiak ere publikoak. Orotara, 2.900 ikasle inguru dituzte ikasturte honetan 51 eskola horiek.

Adin aniztasuna bultzatzen duten eskola publikoak dira eskola txikiak. Horixe dute ezaugarri nagusi eta bereizgarri. Hau da, neska-mutil gutxi bizi den inguruetan daudenez, adin desberdinetako ikaskideekin osatzen dira taldeak eskola txikietan. Gainera, landa eremuan edo biztanleria-dentsitate baxuko guneetan egon ohi dira kokatuta, eskuarki. Beharrak eragindako egoera horiek bertute bihurtzen jakin dute eskola hauek, eta bereizgarri dituzten ezaugarriok hezkuntza-aukera aberasgarriak garatzeko ematen duten aukera baliatuz, lan-dinamika eta metodologia berritzaileak ezartzen asmatu dute eguneroko jardunean.

Gorago esandako horren adibide bikaina da Arroako eskola txikia. Ikasturte berri honetan zehar proiektu eta tailerren bidezko ikaskuntzan sakontzen jarraituko dute, eskolak dituen instalazio berriei esker, hein handi batean. Arroako neska-mutilek matematiketako edukiak horretarako berariaz antolatu diren “guneetan” ikasten eta aplikatzen dituzte. Gainera, ikasturte amaierarako eskolako irratia ere martxan ipiniko dute. Datozen ikasturteetarako, berriz, jorratzen hasteko prest daukaten baratza curriculumean txertatzeko lanean hasita daude.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)