Eu

NPLD-Coppieters Campus-a Donostian egingo da datorren astean

2019.eko urriak 08
  • NPLD-Coppieters Campusaren bigarren edizioak hizkuntza gutxituen aktibazio soziala izango du hizpide, eta Donostiako Miramar Jauregian egingo da urriaren 17an eta 18an. 
  • Bi egunetan zehar hizkuntza ez hegemonikoen erabilera sustatzeko Europa mailako esperientzien hiriburu bihurtuko da Donostia, hainbat hizkuntza-komunitateko ordezkariak bilduz: katalana, friulera, frisiera, galesera, galegoa, ladinoa, bretoiera, suediera, irlandera eta euskara.

Gasteiz, 2019/10/08       

2019ko NPLD-Coppieters Campusa Donostian egingo da urriaren 17an eta 18an, NPLD Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarrak, Coppieters Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatuta, eta Kataluniako Generalitatearen, Galesko Gobernuaren eta Frisiako probintziaren babesarekin. “Activating the social use of minority languages” (Hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatuz) izenburupean, bi egunetan zehar hainbat hizkuntza komunitateko ordezkariak bilduko dira Miramar Jauregian: katalana, friulera, frisiera, galesera, galegoa, ladinoa, bretoiera, suediera, irlandera eta euskara.

Campusak hizkuntza-politiken plangintzan ardura duten ordezkariak bilduko ditu, baita hizkuntza gutxituen arloan lan egiten duten askotariko erakundeetako kideak ere (elkarteak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak etab.). Bere helburua da, leku ezberdinetan hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatzeko egiten ari diren esperientziak aurkeztea eta eztabaidatzea. Era berean, bere parte-hartzaileentzat elkargune bat izateaz gain, Campusa, hizkuntza-politiken planifikazioaren eta ebaluazioaren inguruan praktika onak partekatzeko espazioa ere izango da.

Bi egunetako saio monografikoa izango da esperientzia euskaldun, katalan eta galestar ezberdinekin. Campusaren hasierako zatian, parte hartzaileek Euskaraldia aurkeztu eta aztertuko dute ikuspuntu ezberdinetatik: proiektuaren oinarri teorikoa, diseinua eta metodologia, komunikazioa, koordinazioa, etab. Bigarren zatian, katalana izango da aztergaia, batez ere, negozioen munduan duen erabilera. Amaitzeko, hirugarren zatian, galesa izango da hizkuntza protagonista, izan ere, familia barnean ematen diren aktibazio esperientziak aurkeztuko dituzte, belaunaldi ezberdinen artean hizkuntza transmititzeko orduan.

Honakoa Campusaren bigarren edizioa da, lehenengoa, Udinen, Friulin (Italia iparraldea), egin zen iaz, eta hizkuntza-politiken planifikazioa eta ebaluazioa izan zituen gai nagusi moduan. Bertan 17 hizkuntza-komunitateko 54 ordezkari bildu ziren (irlandera, galesera, friulera, mochenoa, zinbriera, ladinoa, sardiniera, euskara, katalana, suediera, finlandiera, frisiera, korsikera, okzitaniera, galiziera, breotiera, italiera). ARLeF (Friulerarako Eskualde Agentziak) , NPLD sareak eta Coppieters Fundazioak antolatu zuten lehengo edizio hura, Udineko Unibertsitatearen babesarekin.

Network to Promode the Linguistic Diversity (NPLD)

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra, NPLD (Network to Promote Lingüistic Diversity), 2007. urtearen bukaeran sortu zen. Europako hizkuntza konstituzional, eskualdeetako eta Estatu txikietako hiztunen interesak ordezkatzea du helburu nagusi, eta estatu nahiz autonomia erkidegoetako gobernuak, GKEak eta hizkuntza plangintzaren alorrean lanean diharduten erakundeak biltzen ditu. Bere helburua zera da: agintari politikoek hizkuntza aniztasuna zehar-balio eta Europar Batasunaren politikaren helburu gisa sustatzea. Ahots bakarrez diharduen oinarrizko plataforma da, Europako agintari politikoen eta Europar Batasuneko erakundeen aurrean hausnarketak, ekimenak eta ekintzak proposatzen ditu. Bere azken urteetako lanetako bat izan da Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria, Euskadik NPLD sarearen baitan izan zuen presidentzian sustatua.

Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ordezkatuta, NLPD sarearen eskubide osoko kide da 2009tik. Webgunea: www.npld.eu

Coppieters Fundazioa

Fundazio politikoa da, Europako Batasunak aitortua 2007. urtetik. Europako Batasunaren fundazio printzipioak behatuz garatzen ditu bere ekintzak. Europa mailako eta nazioarte mailako politiken ikerketa sustatzen du, batez ere, honako gaiak landuz: gizarte konplexuetan kultur eta hizkuntza aniztasuna, maila anitzeko gobernamendua, deszentralizazioa, konstituzio eta estatu erreformak, estatuen sezesioa eta autodeterminazioa, gobernu azpizentralen zuzendaritza politikoa eta ekonomikoa, gatazken konponbidea, giza eskubideak eta bakearen sustapena. Webgunea: https://ideasforeurope.eu/

*Campusa streaming  bidez jarraitu ahal izango da www.npld.eu ataritik.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2019.eko urriak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️ Donostia/San Sebastián acogerá la próxima semana el Campus NPLD-Coppieters 2019 ➡︎ https://t.co/hzkYtcVqZX

    📌 Tendrá como t…

  • @CamiladeEpalzaA
    2019.eko urriak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️ NPLD-Coppieters Campus-a Donostian egingo da datorren astean ➡︎ https://t.co/U1trHWftfn

    📌 Campusaren bigarren edizioak hiz…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak