Berriak Lehendakaritza
qrcode

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskararen Aholku Batzordearen gaurko bileran eta adostasuna zaintzeko tresna bezala duen garrantzia nabarmendu du

2019-10-09
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Gaurko bileran Arlo Sozioekonomikorako Euskararen Plan Estrategikoa edota Euskaraldiaren bigarren edizioaz mintzatu dira bertan bildu diren adituak        

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da euskara normalizatzeko ekimenak eta politikak koordinatzea helburu duen Euskararen Aholku Batzordearen gaurko bileran. Euskadiko Artxibo Historikoan egin da batzarra eta bertan Lehendakariak nabarmendu nahi izan du adostasunaren garrantzia: “Maiz errepikatzen ari da euskara bidegurutzean dagoela. Gaurko Batzorde hau aprobetxatu nahi nuke azpimarratzeko adostasunak izan behar duela, bidegurutze honetatik aurrera ere, euskararen aldeko politiken oinarria”. Horrez gain, Batzordean honako gaien inguruan mintzatu dira: Arlo Sozioekonomikorako Euskararen Plan Estrategikoa; helduen euskalduntzea eta euskaltegien doakotasuna; Euskaraldiaren bigarren edizioa eta hiztunen aktibazioa; genero eta hizkuntza berdintasuna; edota ingurune digitalaren euskalduntzea.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea alboan zituela, Lehendakariak nabarmendu nahi izan du Euskararen Aholku Batzordearen garrantzia euskararen inguruko adostasuna zaintzeko: “Euskararen Aholku Batzordea eta Euskararen Legea urte berean sortu ziren, 1982an. Bi mugarri horiek oinarri sendo bat partekatzen dute: adostasuna. Adostasuna funtsezkoa izan da gauden tokira iristeko eta, uste dut, gehiagotan azpimarratu beharko genukeela adostasun hori landu zutenen meritua. Orain arte bezala, Euskararen Aholku Batzordea izango da adostasuna eta sostengua uztartzen eta zaintzen jarraitzeko foroa”.

Era berean, Lehendakariak hitz egin du euskarak aurrean dituen erronken inguruan eta, besteak beste, lan-munduan pausoak ematearen garrantzia azpimarratu du. “Azken hamarkadetan ahalegin handia egin da belaunaldi berriak euskalduntzeko. Argi-ilunak gorabehera, gaur egun belaunaldi berriak dira euskara gehien ezagutzen dutenak eta gehien erabiltzen dutenak. Lorpen handia da. Badira urte batzuk belaunaldi horiek lan-mundura heltzen ari direla. Orain, beraz, bidea eman behar diegu beren lan-jarduera euskaraz egin ahal izan dezaten”, adierazi du.

Gai-zerrenda

Hauexek izan dira gaur jorratu diren gaiak:

  • Arlo Sozioekonomikorako Euskararen Plan Estrategikoa.
  • Euskalduntze-alfabetatzea: euskaltegien doakotasuna.
  • Euskaraldia: Ikerketa eta 2020rako aurreikuspenak.
  • Genero eta Hizkuntza berdintasunaren taldea.
  • Batzorde-ataletako lanak aurkeztu:
    • Ingurune Digitala
    • Gazteak
    • Toponimia
    • Terminologia

Aholku Batzordea

Eusko Jaurlaritzako zenbait sail eta erakunderen ordezkariak egoteaz gainera (Ogasuna eta Ekonomia Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hezkuntza Saila, HABE, EITB, IVAP), Euskararen Aholku Batzordean EAEko hiru foru-aldundiek, Euskaltzaindiak, Eudelek, hizkuntza-arloan adituak diren 39 pertsonak eta Eusko Legebiltzarrak proposatutako 5 kidek ere parte hartzen dute.

Euskararen Aholku Batzordeak bost batzorde-atal ditu eta urtean zehar biltzen dira beren agenden jarraipena egiteko:

  • Gazteria eta Euskara batzorde-atal berezia.
  • Euskara Ingurune Digitalean sustatzeko batzorde-atal berezia.
  • Euskararen Erabilera eta Gizarte Aktibazioa sustatzeko batzorde-atal berezia.
  • Toponimiako batzorde-atal berezia.
  • Terminologia batzorde-atal berezia.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)