Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadiren eragin eta posizonamendu indartua 2019ko Eskualde eta Hirien Europako Astean

2019.eko urriak 07

Euskadi nabarmentzen da hainbat eztabaida eta ekimenetan duen parte-hartze proaktiboagatik, 2019ko Eskualde eta Hirien Europako Astearen baitan.

 Hamabosgarren urtez jarraian, Euskadiren EBko Ordezkaritzak koordinatzen du Euskadiko eragile eta instituzioek 2019ko Eskualde eta Hirien Europako Astearen eztabaida eta mintegietan duten parte-hartzea. Saioak Bruselan egiten ari dira, urriaren 7tik 10era. Urteko zita hau beste aukera bat da tokiko eta eskualdeetako agintaritzek eragina izan dezaten europar agendan, baita ahots propioaz posizionatu daitezen ere, Europako desafio nagusien eta erronka globalen aurrean.

Euskadik aurkeztuko dituen jardunbide egokiek eta proposamenek gai hauekin dute zerikusia, besteak beste: berrikuntza eta lehiakortasuna eta horiek Europako eskualde-garapenarekin duten lotura; kultura eta sormenaren potentziala; euskal LHaren eredu berritzailea; jasangarritasuna; 2030 Agendak eta Garapen Jasangarriaren Helburuek (GJH) ezarritako desafioen eskualde-dimentsioa; eta automobilgintza eta garraio sektorea.

6.000 pertsona inguru etorriko dira Bruselara, 2003az geroztik europar instantziek antolatzen dituzten jardueretan -150 baino gehiago- parte hartzera.

 

Euskadiren agenda 2019ko Eskualde eta Hirien Europako Astean

2030 Agendari dagokionez, urriaren 9an, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkari Marta Marinen esku hartuko du “European regions in the 2030 Agenda: towards a Community of Practice” mintegian. Mintegi hori NRG4SD sarearekin batera antolatzen da, eta bertan aurkeztuko dira Euskadi 2030 Estrategia eta horren jarduerak, bigarren jarraipen-txostena eta Bonu Jasangarriak. Ekimen hori eskualde-dimentsioa GJHen europar Estrategian eta 2030 Agendan indartzearen ildotik doa.

Gisa berean, SPRIko Zuzendari Nagusi Alex Arriolak parte hartuko du Eskualdeen Lantaldeak automobilgintza sektorerako koordinatzen duen lan-bilera mugatuan. Lantalde horretan, Euskadi eskualde finkatuenetako bat da, baita ibilbide luzeena egin dutenetako bat ere. Helburua da europar eskualdeen interesak defendatzea europar instituzioen ad hoc erabaki eta politiketan.

Hezkuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuaren Zuzendari Rikardo Lamadridek eta TKNIKAko ordezkari batek  esku hartuko dute EARLALL sareak (presidentzia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarena da) koordinatutako hitzaldi banatan.  Eskualdeetako espezializazio-ekosistemak, konpetentzia digitalak eta nazioarteko dimentsioa indartzea izango da bi hitzaldietan jorratuko diren alderdietako bat. Saioetan, Europako hainbat instituzio eta eskualdek parte hartuko dute.

Beste alde batetik, ORKESTRA – Lehiakortasunerako Euskal Institutuak “Regional governance, competitiveness and social integration” ekitaldian esku hartuko du; bertan eskualde-gobernantza eta gizarte-aurrerabidearen arloko jardunbide egokiak aurkeztuko dira, Europako Batzordeak bultzatutako Regional Competitiveness Index ekimenaren baitan.

Kultura eta sormenaren industriei dagokienez, Europako Batzordearen Ikerketa Zentroaren  “Creative Cities Monitor” txostena aurkeztuko da. Izan ere, hor azpimarratzen dira Kultura eta Sormenaren industrien aldeko euskal ekosistema bultzatzeko xedez Eusko Jaurlaritzak abiatu dituen ekimenak; horri lotuta, Berrikuntzaren Euskal Estrategiarekin/ZTBParekin duen lotura ere azpimarratzen da, eta Donostia eta Bilboko datuak eskaintzen dira.

Mugikortasun-eredu jasangarrien alorrean, berriz, euskal aditu batek esku hartuko du Europako Batzordearen lankidetza-erakunde publiko eta pribatuak –Shift2Rail- antolatutako foroan, europar trenbide sektorearen baitan.

Eusko Jaurlaritzak gizarte-ekonomiaren aldeko ekimenaren partaidea denez, Euskadiren EBko Ordezkariak -Marta Marin- European Social Economy Regions 2019 (ESER) izeneko konferentzian esku hartuko du, ekimenean parte hartzen duten beste 53 eskualderekin batera. Konferentziaren helburua da jardunbide egokiak konpartitzea eta EBko politikak eraikitzen laguntzeko moduaz eztabaidatzea, gizarte-ekonomiari dagokionez, 2020az aurrera.

Azkenik, Gasteizek beste europar hiri batzuekin batera lankidetza bultzatzeko foro batean parte hartuko du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak