
Gobernuak baimena eman du 400.000 euroko dirulaguntza emateko Goiztiri, Cear, Euskadiko Gurutze Gorria eta Afroamericana elkarteei, iragaitzazko migratzaileak hartzeko (Gobernu Bilera 2019-10-08)
- Ahultasun bereziko egoeran eta gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonak
Gobernu Kontseiluak Goiztiri, Cear-Euskadi, Gipuzkoako Gurutze Gorria eta Afroamericana elkarteei 400.000 euroko dirulaguntza emateko baimena eman du, ehun mila bakoitzari, iragaitzazko migratzaileak hartzeko, ahultasun bereziko egoeran eta gizarte-bazterketa larrian baitaude pertsona horiek. Kopuru hori Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak kudeatuko du.
Residentes Afroamericanos elkartearen kasuan aurreikusten da proiektua harrera-lanerako finantzatuko dela; arreta berezia eskainiko zaio emakumeen, adingabeen, nerabeen eta gazteen ahultasunari. Goiztiri Elkarteak, Bilbo Handiko Ezkerraldea jarduketa-eremu nagusia duen irabazi-asmorik gabeko erakundeak, harrera-proiektu bat egingo du, eta hark 8 plaza izango ditu, bakoitza 4 plazatako bi etxebizitzatan banatuta.
Gipuzkoako Gurutze Gorriak bere harrera-baliabidea iragaitzazko pertsonei egonaldian zehar eskaintzen die, eta helburu du Gipuzkoako lurraldean finkatzea erabakitzen duten pertsonekin ondoko gizarte- eta lan-integraziorako oinarriak jartzea. CEARek gizarteratzeko ibilbideetan laguntzen die narriadura fisikoa izateagatik, gizarte- eta familia-laguntzarik ez izateagatik edo baliabide ekonomikorik ez izateagatik ahultasun-egoeran dauden eta gizarte-babeserako sistemako bestelako baliabideetara jotzeko aukerarik ez duten arreta-kolektiboko pertsonei.
Estatura iristen direnek beren plangintzaren arabera egitea aurreikusten duten Afrikatik Europako Iparralderako ibilbidean, Euskadi ardatz estrategikoan dago; beraz, Andaluziako kostaldeetan hartzen dituztenean sarrien eskatzen duten helmugetako bat da. Kalkulatzen da migrazio-prozesuan Euskadira iristen diren pertsonek, % 3k eta % 5ek bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan geratzeko nahia adierazten dutela. Azken hilabeteetan jasotako datuak aintzat hartuta, Euskadira 8.662 pertsona heldu dira 2018ko ekainetik 2019ko martxora, Penintsulako hegoaldeko mugatik.