Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak, Eusko Legebiltzarrean, pixkanaka aplikatuko den eta adostasuna lortzea helburu duen Eskaintza Publikoaren eredu berria aurkeztu du

2019.eko urriak 08

Dokumentuak Jimenez Asensio irakaslearen, Arartekoaren, IVAPen, UPV/EHUren, elkargo profesionalen edo talde politikoen ekarpenak jaso ditu, urtebetez 30 bileratan garatutako parte hartzeko prozesu bati esker

Neurri berrien artean, epaimahaiak zozketa bidez hautatzea proposatzen da, azterketen amaierako zehaztapenean ausazko elementu bat sartzea edo proba praktikoa prestatzeko lana pertsona bakarrari ez agintzea, edota beste neurri berritzaile batzuk

 

Nekane Murga Osasun sailburuak, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eta Pilar Uriarte Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariarekin batera, gaur arratsaldean, Eusko Legebiltzarrean, “Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) eredu berria” aurkeztu du. Dokumentua parte hartzeko prozesuaren ondorio izan da, eta prozesu horren helburua “adostasuna” lortzea izan da, “Osakidetzan, duela 36 urte sortu zenetik, sekula egin den plantilla berritzerik handienari” ekin ahal izateko araudi-esparrua izateko, esan du sailburuak. 

Aurkeztutako dokumentuak 5 eremutan antolatutako 37 hobekuntza-neurri jaso ditu: (1) araudi-eremua, (2) plangintza-eremua,(3) alderdi orokorrei buruzkoa, (4) epaimahaiei buruzkoa eta, azkena, (5) azterketei buruzkoa.

Nekane Murga sailburuak azaldu du dokumentua urtebetez garatutako parte hartzeko prozesu baten emaitza dela, eta haren helburua “ahalik eta adostasun gehiena duen araudi-esparrua lortzea” dela.

 

PARTE HARTZEKO ETA ADOSTASUNEKO EREDUA

Osasun sailburuak dokumentuaren izaera parte-hartzailea nabarmendu du; oinarri gisa Jimenez Asensio irakasleak eginiko proposamen eta gomendioak ditu. Halaber, Arartekoaren, IVAPen, UPV/EHUrekin, elkargo profesionalen edo talde politikoen ekarpenak ere jaso dira. Hamaika hilez jardun da lanean, eta 30 bilera inguru egin dira, ideiak jaso eta egiaztatzeko. 

“Helburua izan da eragile parte-hartzaileen ahalik eta adostasun eta onarpen handiena duten neurriak hautatzea”, esan du Nekane Murga sailburuak. Hori horrela, eragile guztien gogoa eskertu du.

 

EZAUGARRI OROKORRAK

LEPen eredu berriak lau ezaugarri orokor ditu:

 

  1. Pixkanaka ezarriko da.
  2. 3 helburu zehatz ditu: enpleguaren egonkortasuna; belaunaldi-txandaren erronkari erantzuteko berriztapena, eta talentu berria erakarri ahal izateko
  3. Segmentutan banatuta dago, alegia, elkarren artean ezaugarri desberdinak dituzten lau lanbide-talde ditu gogoan.
  4. Eredu irekia da eta, beraz, neurri berriak sartu ahalko dira, honako hauen ondorioz, besteak beste: akordioak, aurrerapen teknologikoak edo lortutako esperientzia. Gainera, aurrerantzean egingo diren adostasuneko ekarpen berriak ere sartuko dira.

 

“Araudi-esparru hori orain sekula baino garrantzitsuagoa da”, esan du sailburuak; izan ere, “Osakidetzan, duela 36 urte sortu zenetik, plantilla berritzeko sekula egin den prozesurik handiena egingo da datozen urteotan”.

 

NABARMENTZEN DIREN NEURRIAK

LEPen eredu berriak bost eremu handitan batzen diren 37 neurri jaso ditu:

 

Araudia (3 neurri)

Gai horri buruzko araudia eguneratzearekin zerikusia duten neurriak jaso dira, besteak beste, postu funtzionalak berrikusi eta eguneratzearekin edo araudi-esparru egonkorra eta zehatza emango duen Osakidetzako hautaketarako eta postuak betetzeko prozesuen arauketa garatzearekin zerikusia dutenak.

 

Plangintza (4 neurri)

Lau neurri jaso ditu eta, haietan, Osakidetzako giza baliabideen egungo egoeraren ebaluazioa egiteaz gainera, zenbait helbururi, besteak beste egonkortasunari, berritzeari eta birdefinizoari erantzungo dieten hautaketa-prozesuen plangintza berria aurreikusten da. Horela, LEP masiboak alde batera utzi eta prozesu urriagoak eta arinagoak egiteko apustu egiten da, horiek azkarrago ebatzi ahal izateko. 

 

Orokorra (7 neurri)

Hirugarren eremua orokorra da, eta prozesuen diseinuan eta edukian du zeharkako eragina. 

Lehiaketa (oposizioa) Osakidetzako langileria finkora jotzeko sistema orokor gisa ezartzen da. Hala ere, kasu bakoitzean bete behar diren postuen ezaugarrietara egokitzen den berrikuntza-osagaia sartzen duten proben formatuak pixkanaka sartu ahal izateko aukerak ere aurreikusten dira, esaterako: egituratutako jokabide-elkarrizketak sartzea edo espezializazio handiko postu batzuetarako proiektu eta memoriak aurkeztea.

 

Epaimahaiak (9 neurri)

Eredu berriak, besteak beste, honako neurri hauek planteatzen ditu:

  • epaimahaikide kopurua murriztea
  • epaimahaiaren eraketa zozketa bidez hautatzea
  • betebehar etikoak eta kideen eskubide eta betebeharrak jasoko dituen jokabide-kodea onestea
  • tribunalen kideentzat formakuntza programa bat abian jartzea.

 

Azterketak (14 neurri)

Dokumentuak honako hauek proposatzen ditu:

  • epaimahaikideei probak prestatzeko eta zuzentzeko eskuliburu operatiboa
  • IVAPi proba teorikoak test formatuan prestatzeko agindua ematea
  • gainera, proba pratikoak prestatzeko lana pertsona bakarrari ez agintzea aurreikusten da, pertsona horrek amaierako edukia ezagutu ez dezan.
  • Gainera, proben amaierako zehaztapenean, ausazko elementua sartuko da, hautaketa-prozesuan parte hartzen duen inork probaren amaierako edukia ezagutzen ez duela ziurtatzeko.
  • Pixkanaka egituratutako jokabide-elkarrizketak sartzeko aukera aurreikusten da, hautagaien curriculum-azterketan sakontzeko; halaber, gaitasunak egiaztatzeko proba berriak sartzea aurreikusten da, izaera pilotu gisa.
  • Genero-berdintasunaren gaia sartuko da proba teorikoen edukietan.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 8a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak