Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Unda jauna Danobat-en Txinako bulego berrietara joan da

2011.eko apirilak 12

Mondragon Korporazioaren makina-erremintaren banaketa biltzen duen Danobat Group taldearen lehen merkatu bilakatu da Txina

Sailburua AFM elkarteko hainbat ordezkarirekin joan da CIMT Azokara, eta Mondragon Korporazioko lehendakariarekin topo egin du; Azoka horretan Espainiako estatuko 19 enpresak (gehienak, Euskadikoak) hartzen dute parte.

"Txina bizkor ari da aurrera egiten, eta Euskadiko enpresek badakite zehaztasun handiko makinak -esaterako Euskadikoak- behar dituen merkatu horretan egon behar dutela. Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat dugu, hain zuzen, industria osoa gaitzen duen eta lehiakorrago bilakatzen duen sektore horretan egotea", adierazi du sailburuak.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak makina-erremintaren eta makina-erremintaren osagarrien Euskadiko hainbat enpresaren pabilioiak bisitatu ditu gaur CIMT Azokan (China International Machine Tool Show), Pekinen.

Unda jauna AFM Makina-erremintako Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteko hainbat ordezkarirekin joan da CIMT Azokara; Donostian dago aipatutako elkartearen egoitza.  Bertan egiaztatu ahal izan duenez, sektore horrek indar handia du Txinan, eta horretaz gain, herrialde horrek teknologiari dagokionez bere industria osoa gaitzen duen sektore baten aldeko apustua egin du.

CIMT Azoka neurri eta eragin handienetakoa dugu makina-erremintaren munduko topaguneen artean. Azoka horretan Espainiako estatuko 19 enpresak (gehienak, Euskadikoak) hartzen dute parte, eta fabrikazio-teknologien alorrean dituzten nobedadeak erakutsiko dizkigute azoka-esparruko E2 pabilioiaren barruko erakusketarako 1.474 metro koadroetan. Honako enpresa hauek dira: Autopulit, Bost, Danobat Group, Etxe-tar, Fagor Automation, Ipiranga, Ibarmia, Integi, Juaristi, Kendu, Korta, Laip, Lantek, Metra, Nicolás Correa, Spirsin, Shuton, Roscamat eta Zayer, AFMri edota AMTri atxikitako enpresak, hain zuzen.

Txina lehentasunezko merkatua dugu makina-erremintako Espainiako enpresetarako. Gaur egun, sektore horretako ekoizle, kontsumitzaile eta esportatzaile nagusia da mundu osoan. Hazteko itxaropenak oso positiboak dira, eta horregatik, AFMri atxikitako enpresa ugarik jadanik merkataritza- eta/edo ekoizpen-instalazioak dituzte merkatu horretan.

Sailburuak Mondragon Korporazioko lehendakari José María Aldecoa jaunarekin egin du topo Danobat taldearen stand-ean; bertan adierazi duenez, garapen teknologiko handia duen herrialde baterako -adibidez, Euskadirako- oso garrantzitsua da Azokan eta Txinako merkatuan egotea.

"Txina bizkor ari da aurrera egiten, eta Euskadiko enpresak badakite serieko produktuak eta zehaztasun handiko makinak -esaterako Euskadikoak- behar dituen merkatu horretan egon behar dutela. Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat dugu, hain zuzen, industria osoa gaitzen duen eta lehiakorrago bilakatzen duen sektore horretan egotea", adierazi du Unda jaunak. Halaber, sailburuak nabarmendu duenez, merkatu nazionalaren berreskurapena motel doan edota egonkor gelditzen ari den egungo garai honetan garrantzitsua da Euskadiko industria-ahalmena atzerrira eramatea.

Danobat-en inaugurazioa

Danobat taldeak Pekingo erdialdean irekitako ordezkaritzaren inaugurazio-ekitaldira ere joan da sailburua. Talde kooperatibo horren nazioartekotze-maila oso handia da; horrela, 28 urteko esperientzia izan du Txinan (20 urte berezko bulegoarekin), nazioarteko hainbat merkatutan oso ezaguna den marka bat edukitzeaz gain.

Mondragon Korporazioaren makina-erremintaren banaketa biltzen du enpresa horrek, eta modu aktiboan hartu du parte Taijin-eko Makina-erreminta Institutuan, erakunde horretan presentzia handia edukiz.

Txina herrialde erabakigarria da Danobat taldearentzat, Euskadiko kooperatibaren lehen merkatu bilakatu baita dagoeneko; horrela, Danobat taldeak nazioartekotzearen eta merkatuak bilatzearen aldeko apustu garrantzitsua egin du.

Bulego berriak 700 metro koadroko zabalera du, 28 langilek egiten dute lan bertan (saltzaileak eta zerbitzu teknikokoak), eta horretaz gain, urte honetako amaieran 32 langile izango dituela espero da.

Danobat taldeak jadanik 500 makina baino gehiago instalatu ditu Txinan. Azken urte honetan, 30 milioi euroko eskaerak izan ditu, eta hemendik bi urtera 60 milioira iristea aurreikusi du. Fakturazio hori AFM azokan aurkeztutako enpresa guztiei dagokienaren erdia da. Danobat taldeak 290 miloi euro fakturatzen ditu urtean.

Danobat Group taldeak Txinan duen ordezkaritza Txinako merkatuko zerbitzura bideratuta dago batez ere. Hainbat sektoretan saltzen du, hala nola trenbide sektorean, sektore aeroespazialean eta energia-sektorean, batez ere, energia eolikoaren sektorean. Estatu-sektoreak dira horiek, eta honenbestez, Txinako gobernua da taldearen bezeroa.

Kooperatiba ordezkaritza-bulego bakar bat edukitzetik "Fice" deritzona izatera aldatu da, hots, inportatzeaz eta esportatzeaz gain toki-monetarekin lan egitea ahalbidetzen duen enpresa-formula batera. Jarritako kapital guztia propioa da.

Danobat-en bulegoen inaugurazioan, Eusko Jaurlaritzaren politikak atzerrira begiratzen duela eta Espainiako enpresak Asiako herrialde horretara iristearen aldekoa dela nabarmendu du sailburuak Txinako agintaritzen aurrean. Euskadik SPRIren bi bulego ditu Pekinen eta Shanghain; SPRI duela zortzi urtez geroztik dago Txinan, eta herrialde horretan finkatzen lagundu die Euskadiko 200 enpresa-proiekturi. Makina-erremintaren sektorearekin lotutako enpresak horren adibide garbiak dira.

Adierazpenetarako, irudietarako eta audiorako sarbidea izateko, Irekian sar zaitezkete: https://www.irekia.euskadi.net/eu

 

 

4 iruzkin
  • @DANOBAT
    2011.eko apirilak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Bernabé Unda jauna Danobat-en Txinako bulego berrietara joan da. http://bit.ly/fjpQFq

  • @DANOBATGROUP
    2011.eko apirilak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Bernabé Unda, Danobatgroup-ek Txinan ireki dituen bulego berrien inaugurazioan izan da http://bit.ly/g3Z3wq #Danobat #Soraluce

  • @Soraluce
    2011.eko apirilak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Bernabé Unda, Danobatgroup-ek Txinan ireki dituen bulego berrien inaugurazioan izan da http://bit.ly/g3Z3wq #Danobat #Soraluce

  • @DANOBATGROUP
    2011.eko apirilak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Bernabé Unda jauna Danobat-en Txinako bulego berrietara joan da. http://bit.ly/fjpQFq

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)