Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek Kilometroak 2019 festaren irekiera ekitaldian parte hartu du, Zarautzen

2019.eko urriak 06

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea lagun zituela, 2019 Kilometroak festari irekiera emateko ekitaldian parte hartu du, Zarautzen.  

Bere hitzaldian, ikasturtez ikasturte hezkuntza sistema osoak premia berrietara egokitzeko eta eraldatzeko egiten duen ahalegina goraipatu du Uriartek. “Gure gizartea aldatzen doan heinean, aldaketa metodologikoak gertatzen diren neurrian, gu ere, gizarte bezala, behartuta gaude egoera berri horretara egokitzera. Arrazoi sinple batengatik: gure ikasleei zor diegulako. Hezkuntza sistema osatzen dugun eragile guztion ardura da ahalik eta hezkuntzarik egokiena eskaintzea gure seme-alabei. Familiek, irakasleek, zuzendaritza taldeek eta administrazioak ez dugu beste helbururik. Eta ez da nolanahiko ardura”, azpimarratu du.

Horrela bada, azken 30 urteetan euskal gizartean zein hezkuntzan gertatu diren aldaketa sakonak aipatu ondoren, datozen urteetarako ere hezkuntzak eguneratzen eta eraldatzen jarraitzeko duen premia nabarmendu du sailburuak, Hezkuntza Lege berri baten bidez. “Gure gizartea asko aldatu da azken 30 urteetan. Aipatutako aldaketa metodologikoak, teknologiak, kultura ezberdinetatik etorritako ikasleak edota euskarak izan duen bilakaera. Elementu hauen eta beste batzuen baturak osatzen dute gaur egungo Euskadi. Guztion artean egina eta guztiontzako. Eta beraz, guztion ardura da pauso berriak ematea, guztion altxorra delako. Eusko Jaurlaritzatik bagabiltza ahalegin horretan, eta esan behar dut eragile askoren babesarekin ari garela. Gure herriak, datozen 30 urteetarako lege berri bat merezi du. Gaurkotua eta indartua. Jakinda ez dugula erronka makala, zailtasunak ez gaitu atzera botako. Indartu dezagun batzen gaituena eta txikiagotu ditzagun desadostasunak. Gure ikasleen, gure gizartearen onerako izango da. Herri erronka dugu esku artean”, amaitu du Cristina Uriartek.

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatu du aurten Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, “Ni, hi, hura. Ikastola mundura!” leloarekin.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jerkoreka
    2019.eko urriak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 La consejera @C_UriarteToledo participó ayer en la apertura de @Kilometroak 2019, en Zarautz ➡︎ https://t.co/3E7uUsFrYf http…

Ekitaldiko kargudunak