Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Lehendakariak Txina bisitatu zuenez geroztik, Euskadiko bi enpresa ezarri dira bertan, eta beste lau beren inbertsioa azkentzen ari dira

2011.eko apirilak 14

Eusko Jaurlaritzak eta Jiangsu-ko agintariek enpresetan trebakuntza duten ikasleen elkartrukea bilatuko dute.

Txinako erakundeek Txinan inbertitzen jarraitzeko eskatu diote Mondragon Korporazioari, eta horretaz gain, unibertsitateen arteko harreman handiagoa bilatuko dute. 

Bernabé Unda sailburuak Txinako probintziako agintariekin zehaztu du gobernadoreak Euskadira egingo duen hurrengo bisitaldia.

Sailburua bihar bertaratuko da Mondragon Korporazioa buru den enpresa-parkera; enpresa parke horren hedadura 265.000 m2 da, eta finkatutako 11 enpresa, 1.000 langile eta 170 milioi euroko inbertsioak ditu.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda jaunak gaur izan du Euskadiren eta Txinaren arteko merkataritza-harremanek izandako aurrerakada egiaztatzeko aukera, Jiangsu probintziako agintariekin egindako bilera batean. Izan ere, Patxi Lopez lehendakaria buru izan den enpresa-misioaren ondoren (joan den urteko urrian gauzatu zen misio hori), Euskadiko bi enpresa txertatu direla zehaztu da (Ormazabal eta Fagor Ederlan), eta beste lau konpainia toki horretan proiektu berriak azkentzen ari dira.

Besteak beste, gai horri heldu dio Unda sailburuak Jiangsu-ko agintariekin gaur egindako bileran. Txinako erakundeen izenean, Jiangsu Probintziako Herri Asanbladako Batzorde Iraunkorreko lehendakariorde Bai Suning andrea bertaratu da elkarrizketara. Erakunde horren zuzendari gorenak -aldi berean gobernatzaile-kargua duenak- lehendakariarekin bilera bat izan zuen urrian, eta hemendik gutxira, Euskadi bisitatuko du.

Bazkari batekin amaitu den elkarrizketa horretan, etorkizuneko bisitaldia jorratu da, eta Txinako agintariek horrekiko interes handia erakutsi dute. Bilera horretan beste hainbat pertsonak ere hartu dute parte, zehazki, honako hauek izan dira: Plangintza eta Estrategiako sailburuorde Pedro Gómez Damborenea, SPRIren Txinako ordezkari Miren Madinabeitia, SPRIk Pekinen duen bulegoaren arduradun Mikel Yang, Mondragon Korporazioko lehendakari José María Aldecoa, Mondragon Korporazioko lehendakariorde Iñaki Otaño, Mondragon Korporazioko Nazioarte-saileko arduradun Josu Ugarte, Korporazioaren Asiako arduradun Germán Lorenzo, eta Mondragon Korporazioaren Txinako korporazio-ordezkari Jimmy Yang.

Txinako erakundeen aldetik, berriz, honako hauek izan dira bileran: Kanpo Gaietako bulegoko zuzendari Zhang Lirong, Teknologia Batzordeko zuzendariorde Yu Jun, Kanpoko Batzordeko kide Qi Xin Hua, Kanpo Gaien Europako eta Afrikako bulegoko arduradun Sun Baei, eta Merkataritza Departamentuko zuzendariorde Jiang Xin.

Azken horiei dagokienez, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Arantxa Quirogari Txinako probintzia bisitatzeko gonbita egiteko aprobetxatu dute sailburuaren bisitaldia. Halaber, Euskadiren eta Jiangsu probintziaren arteko lankidetzan askoz ere gehiago sakontzea nahi dutela adierazi dute.

Ikasle-elkartrukea

Euskadiren teknologia-ahalmenaren jakinaren gainean daudela frogatu dute Txinako agintariek, eta baita bi eskualde horietako unibertsitateen eta teknologia-zentro eta enpresen arteko akordio bat (enpresetan trebakuntza duten ikasleen elkartrukea faboratzeko) lantzeko interesa adierazi ere.

Jiangsu-ko erakundeek Mondragon Korporazioak Txinan duen txertatze-maila handia nahiz botere teknologikoa balioesten dute. Horri dagokionez, talde kooperatiboko arduradunei eskakizun bat helarazi diete, Asiako herrialde horretan inbertitzen jarraitzeko eskakizuna, hain zuzen ere. Orobat, Mondragon Unibertsitatea tokiko unibertsitateekiko lotura bilakatzeko prest daudela adierazi dute, proiektu horretan Euskadiko beste hainbat unibertsitate ere sar daitezkeela alde batera utzi gabe.

Jiangsu-ko erakundeek garrantzi bereziki handia eman diete zenbait gairi, hala nola energiarekin eta iraunkortasunarekin loturikoei, Txinan duela gutxi onetsitako bost urteko planaren zutabeetako bat baita arestian adierazitakoa.

Euskadiko enpresak Txinan

Eusko Jaurlaritzako arduradunak, Mondragon Korporazioko zuzendariekin batera, Jiangsu probintziako Kunshan hirira joango dira bihar, Txinako bidaiarekin jarraitzeko. Bertan, Euskadiko taldea buru den enpresa-parkea bisitatuko dute, baita instalazioen handiagotzea ere. Gainera, toki horretan txertatutako Euskadiko enpresa batzuetara ere bertaratuko dira.

Urriko enpresa-misioaz geroztik (lehendakaria izan zen misio horren buru) gauzatutako jarduerak errepasatu ditu sailburuak. Orain arte, industrialde bat sortzeko 1. eta 2. faseak amaitu dira; industrialde horren hedadura 265.000 m2 da, eta finkatutako 11 enpresa, 1.000 langile eta 170 milioi euroko inbertsioak ditu.

Lehendakariaren bidaiaren ostean eta tokiko agintariekiko akordioa sinatu ondoren hasitako hirugarren fasean, 100 enplegu emango dituzten bi enpresa sartuko direla konprometituta dago jadanik: Ormazabal eta Fagor Ederlan.

Laugarren faseak, bestalde, Txinan inbertitzea erabaki duten Euskadiko lau enpresaren proiektu berriak ditu mahai gainean dagoeneko. Konpainiek eman behar dituzte ezagutzera beren proiektuak. Hasiera batean guztira 85 enplegu sortuko dituztela aurreikusi dute.

Nianjing, 2011ko apirilaren 14a

Adierazpen, irudi edota audio gehiago nahi izanez gero, Irekia webgunean sar zaitezke: https://www.irekia.euskadi.net/eu

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)