Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarra itxi du Lehendakariak

2019.eko urriak 04
  • Mundu Batzarretik Ondorioen Dokumentu bat atera da 2020-2023 Laurteko Planean bilduko dena

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorza lagun zuela, Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarra itxi du. Mundu Batzarra 4 urtean behin egiten da, eta helburutzat du euskal gizataldeen eta euskal instituzioen arteko topaketa, lana eta lankidetza sustatzea. 

Bere jardunean, Lehendakariak, 2023. urtera begira, nabarmendu egin du zein garrantzitsuak diren euskal gizataldeen ekarpenak, ondorioak eta ideiak Euskadiren internazionalizazioan aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Hala, eskerrak eman dizkie euskal gizataldeei Mundu Batzarrean parte hartu izanagatik. “Zuen lana funtsezkoa da gure Herrialdearentzat eta oso baliagarria gure Gobernuarentzat”, gaineratu du.

Mundu Batzarrean zehar esperientziak kontrastatu eta ekimenak partekatu dira; garatzen diren jardueren emaitzak hobeto ezagutu ahal izan dira, eta gure geroari begira proiektu berrien burutazioak egin dira. Esperientzia, ekimen, ideia eta proiektu horiek guztiak Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzar honetako ondorioetan eta gomendioetan jasoko dira orain. Lehendakariak azpimarratu duenez, informazio horrek berebiziko garrantzia du Eusko Jaurlaritzarentzat, zeren eta, oinarri horretatik abiatuta, jardun instituzionalaren Plan berri bat landuko baita 2020-2023 aldirako. “Ikuspegi eta estrategia partekatua; ekimena eta etengabeko hobekuntza. Hor dago indarra, gure Herrialdearen arima eszenario globalean. Abangoardia maite duen antzinako Herrialde bat”, gaineratu du. Zentzu horretan, euskal gizataldeei laguntzen jarraitzeko Eusko Jaurlaritzak hartua duen konpromisoa azpimarratu du Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak. Marian Elorzak nabarmendu egin du erronka garrantzitsuak ditugula aurrean, baina “Diasporarik onena dugu haiei aurre egiteko; sarean lan eginez finkatuko dugu Euskal Komunitate Globala”, gaineratu du.

Euskal Etxeak bizitzen ari diren ingurune aldakorra aipatu du Lehendakariak, eta nabarmendu duenez “atzo balio izan zuenak zaharkitua eman dezake orain; gaur erabakitzen duguna biharko epe ertain/motz batean gainditua izango da”. Horregatik eskatu die komunitateei eta Euskal Etxeei adi egoteko korronte berrien, aldaketa sozialen eta joera globalen aurrean. “Gaur munduan euskaldun izatea aurrera doan Herrialde baten parte izatea da; etengabeko hobekuntzarako jarrera batekin etorkizunerako prestatzen saiatzen ari den Herrialde bat. Bere oinarriak sendotzen saiatzen ari den Herrialde bat, etorkizun oparoago bat eraikitzeko. Eta horixe bera da Euskal Etxeen jarrera”, gaineratu du.

Aurreko Batzarretako lan-dinamika aldatu egin dela azpimarratu du Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorzak, batzarkideei, Euskal Etxeetako ordezkariei, protagonismo aktiboa emateko. “Formatu honek bere helburua bete egin duela esan daiteke”, adierazi du. Zentzu horretan, azaldu duenez, baterako hausnarketa-taldeak sortzea sustatu da ibilbide desberdina egina duten pertsonen artean ondorio partekatuetara heltzeko. Bestalde, mugimendu migratzaileak direla eta, Idazkariak nabarmendu duenez, Euskal Etxeen rolak eboluzionatu egin behar du testuinguru horretan, sare-lanari lehentasuna emateko eta sare berriak eraikitzeko.

Ekitaldia Lehendakaritzan egin da, eta munduan sakabanatuta dauden euskal gizataldeen ordezkaritza zabal bat izan da bertan.

Gaztemundu programa

Kanpoko Euskal GizataldeenVII. Mundu Batzarra itxi aurretik, Gaztemundu programan parte hartu duten gazteei harrera egin die Lehendakariak.15 parte-hartzaileak, Argentina, Uruguai eta Estatu Batuetatik etorriak, Euskal Etxeetako etorkizuna dira. Irailaren 23a eta 27a bitartean ikastaro trinkoak jaso dituzte kultura-kudeaketan, eta urriaren 1etik aurrera elkartu dira Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. MunduBatzarrera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak