Eu

SAREAn bildutako 63 espazio eszenikoek 500 ikuskizun ezberdin eskainiko dituzte urtea amaitu bitartean, 150 konpainiaren eskutik

2019.eko urriak 03
  • Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, SAREArekin batera, arte eszenikoen denboraldiko lehen zatiaren programazioa aurkeztu du Getxoko Muxikebarri zentroan

  • Aurkezpenean Bingen Zupiria sailburuak eta Amaia Agirre Getxoko alkateak parte hartu dute, baita SAREAko ordezkariek ere

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak SAREAren denboraldi berriaren aurkezpenean parte hartu du gaur, Getxoko Muxikebarri Zentroan. SAREAk Euskadiko 63 espazio eszeniko biltzen ditu eta, adierazi dutenez, urtea amaitu bitartean 500 ikuskizun eskainiko dituzte, 150 konpainiaren eskutik. Ikuskizunen ia erdiak helduentzako antzezlanak izango dira (220 ikuskizun, % 44), laurden bat musika ikuskizunak (130 musika eta lirika ikuskizun, % 26) eta gainerakoak haurrentzako ikuskizunak (100 ikuskizun, % 20) edo dantzarekin lotutako antzezpenak (50 ikuskizun, %10) izango dira.

Sailburuarekin batera, Amaia Agirre Getxoko alkateak, Nekane Basterretxea SAREAko koordinatzaileak eta, azkenik, SAREAko zuzendaritza kontseiluko kide eta Barakaldo Antzokiko zuzendari Ana Lopez Asensiok parte hartu dute. "SAREA proiektu eredugarria da eta erakutsi digu nola jardun behar duten gure espazio eszenikoek: sarean eta elkarlanean. Urtea amaitu bitartean eskainiko diren 500 ikuskizunek gure antzokien programatzeko gaitasuna eta gure arte eszenikoen dinamismoa islatzen dute. Gure ustez, eskaintza bikaina daukate, eta, ziur gaude, herritar guztiek aurkitu ahal izango dituzte beren gustuko erreferentziak, etxetik oso gertu, gainera", adierazi du Zupiriak.

Euskal konpainiak

SAREAtik azpimarratu dutenez, euskal konpainia nagusien birek garrantzi handia izango dute programazioan, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa izango dute eta urte amaierara arte 200 emanaldi inguru eskainiko dituzte. Urtea amaitu bitartean programatutako 500 ikuskizunetatik % 30 euskaraz izango dira. Euskal konpainien ardurapeko ikuskizun aipagarrienen artean, honako hauek aipatu dituzte:

  • Zaldi urdina – Artedrama (antzerkia)
  • Gauekoak – Kukai (dantza)
  • Utzi mezua seinalearen ondoren / Deje su mensaje después de la señal – Tanttaka (antzerkia)
  • Simplicissimus – Tartean (anzterkia)
  • Mari Errauskin – Glu Glu Producciones (haur antzerkia)
  • Pinocchio – Teatro Gorakada (haur antzerkia)
  • Kaskarot – Atx Teatroa (haur antzerkia)
  • Hansel eta Gretel – Borobil Teatroa (haur antzerkia)
  • Quitamiedos – Kulunka Teatroa (antzerki)
  • Otsoa– Proyecto Larrua (dantza). Ez du bira zehatzaik, baina denboraldi berrian estreinatuko da.

Era berean, aurreko denboraldian estreinatutako euskal konpainien ikuskizun batzuek ere jarraituko dute aurten:

  • Lur– Xake Produkzioak (antzerkia)
  • La teta de Janet– Ertza (dantza)
  • Erritu– Kukai Dantza Konpainia (dantza)

Azkenik, denboraldiaren lehen zati honetarako programazioaren barruan, Euskaditik kanpoko konpainien ikuskizun aipagarriak aurki daitezke:

  • Gran bolero- Jesús Rubio
  • Dancing with frogs- Sol Picó
  • The opera locos- Yllana
  • La jauría- Teatro Kamikaze
  • Hai, la pescadora de sueños- Giramagic

SAREA webgunea

Bestalde, iaztik, SAREAk webgune berritu bat du, eta bertan interesa duten pertsonek informazio ugari aurki dezakete euskal arte eszenikoei buruz eta SAREA osatzen duten 63 espazio eszenikoen eskaintzari buruz. Web-orri honetako 'Agenda' atalak Kulturklik-ekin koordinatuta funtzionatzen du, eta horrela, antzerki, dantza eta musika programazio guztia herritarren eskura jartzen du. Gainera, bilaketak hainbat aldagairen arabera egiteko aukera eskaintzen da: udalerria, data, generoa edo hizkuntza.

‘Ikuskizunak’ atalak bi tresna jarri ditu erabiltzaileen esku:

  • Euskal eskaintza eszenikoaren katalogoa: Euskal antzerki eta dantza konpainia profesionalen produkzioak jaso ditu. Fitxa batean ikuskizun bakoitzaren alderdi nagusienak adierazten dira: sinopsia, koadro artistikoa, behar teknikoak, material multimedia (argazkiak, bideoak,…), etab.
  • Katalogo gomendatua: SAREAko batzorde artistikoak aukeratutako antzerki eta dantza ikuskizunak jaso ditu. Ikuskizun bakoitzak bere informazioa-fitxa dauka, baina kasu honetan batzordeak egindako iruzkin baloratiboa gehitzen zaio.

Horrez gain, honako atal hauek ere jaso ditu webgune berriak:

  • ‘Konpainiak’: Euskadiko antzerki eta dantza konpainia profesionalen direktorioa da. Konpainia bakoitzak infomazio-fitxa bat du. SAREAn emanaldirik programatuta edukiz gero, fitxa horretan adieraziko da.
  • ‘Antzokiak’: SAREA osatzen duten 62 areto eta antzokien direktorioa da; konpainien kasuan bezala, informazio-fitxa dauka antzoki bakoitzak. Antzokien agenda ere ikusgai dago.
  • ‘Albisteak’: Arte eszenikoen eremuko intereseko berriak jasotzen ditu.
  • ‘Zer da sarea’: SAREAri buruzko informazio xeheagoa jasotzeko aukera eskaintzen du, bai konpainientzako bai gizartearentzako oro har. SAREAk egindako txostenak eskuratzeko aukera.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak