
Osasun Sailak 79.000 euro bideratu ditu osasunaren arloko erakunde profesional, elkarte eta entitate zientifikoentzako laguntzetara, osasun profesionalak prestatzeko (Gobernu Bilera 2019-10-1)
Gobernu Kontseiluak, Osasun Sailak proposatuta, onartu egin du guztira 79.409 euroko laguntzak ematea. Horien helburua da dirulaguntzak ematea, batetik, 2019an Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen diren osasunaren arloko prestakuntzako eta zientzia-hedapeneko jarduerak egiteko, eta, bestetik, osasun-espezialitateetako erakunde profesionalak eta entitate zientifikoak eratu eta abiarazteko, osasun-profesionalak etengabe presta daitezen.
Osasun Sailarentzat garrantzitsua da lankidetzan aritzea osasun-profesionalak prestatu eta teknikoki eguneratuko dituzten osasunaren arloko irabazi-asmorik gabeko elkarteekin eta erakunde profesionalekin, baita osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko entitate zientifikoekin ere. Hain zuzen, osasun-langileak trebatzeak eta horiek etengabeko prestakuntza-prozesuetan parte hartzeak eragin berezia dute biztanleriarentzako osasun-arreta egokian, eta gaixotasunak jotako pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzen dute.
Hala, laguntza horiek honako ekintza hauen ondoriozko gastuak finantzatzera bideratuko dira:
- Aurten EAEn egiten diren bilera zientifikoak antolatzea. Halakotzat ulertuko dira osasuneko profesionalei zuzendutako biltzarrak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, ikastaroak eta lantegiak. 47.645 euroko zuzkidura ekonomikoa izango dute.
- Eratzea edo abian jartzea osasunaren arloan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erakunde profesionalak, baita osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko entitate zientifikoak ere, beren profesionalak prestatu eta teknikoki eguneratzen dituztenak edo osasun-ikerketa sustatzen dutenak. Laguntza 31.764 eurokoa izango da.


