Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak: “Euskadi Basque Country-ren nazioarteko agertokia da BEC”

2019-10-01

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia lagun zituela, BECen 15. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian izan da.

Bere jardunean, BEC Euskadi Basque Countryren nazioarteko agertokia dela nabarmendu du Lehendakariak.“BECen ekarpena jarduera ekonomikoari eta enpresa-munduari egiten diena baino askoz ere harago doa; agertoki bikain bat izan da gure Herrialdeko elkarteen, kulturaren, kirolaren eta musikaren jarduera sendotzeko”, gaineratu du.Hala, instituzio, elkarte eta enpresa guztiekin hurbiletik elkarlanean jarraitzearen alde agertu da Lehendakaria, euskal ekonomia osoaren eta Euskadiren garapenerako eta internazionalizaziorako berebiziko garrantzia duen azpiegitura hau indartzeko.

Orain, euskal ekonomiak ekoizten duenaren % 40 esportatzen duela eta, neurri batean, BECi esker dela nabarmendu du Lehendakariak.Hala, azpimarratu duenez, internazionalizazioarekin, industriarekin, berrikuntzarekin eta kulturarekin konpromisoa hartua duen Herrialde baten ikurra da BEC.

BEC, Bilboko Azoka Esparru berria, duela 15 urte eraiki zen,lehen Bizkaiko Labe Garaiak enpresa ezarrita zegoen Ansioko lursailetan.Lehendakariak gogora ekarri duenez, BEC eraikitzeko unean, eztabaidatu egin zituzten inbertsioa, hedadura, aukeratutako lekua, eta baita bere izena ere.BEC bezala, zehaztu du Lehendakariak, Euskadin beste azpiegitura batzuk ere eztabaidatu izan dira: Metroa, Guggenheim, Autopistak, Portuak, Energia eolikoa, Zabalgarbi, Abiadura Handiko Trena…“Eztabaidatzeak, antza, hobetu egiten ditu proiektuak, hemen jarraitzen baitugu etengabeko transformazioan”, adierazi du.

BECen urteurreneko ekitaldian izan dira Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejería, Gobernuko ordezkari Jesús Loza eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)