Eu

Beatriz Artolazabal “Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen enpleguak % 8,6 egin du gora Gizatea elkartearen ingurunean, eta horrek gizarte-kohesio handiagoa esanahi du”

2019.eko irailak 30
  • María José Rodrigo eta Leire Álvarez de Eulaterekin batera aurkeztu ditu GIZATEA elkartearen memoria, laneratze-enpresen datu nagusiak eta etorkizunerako erronkak.
  • GIZATEA elkartearen balantzea, hau da, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak lan-munduratzearen eta gizarteratzearen alde lan egiten duen Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearen balantzea.
  • Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen enpleguak % 8,6 egin zuen gora 2018an, 777 langile, eta laneratze-enplegu gehien sortu den urtea izan da.
  • Laneratze-ibilbidea 2018an amaitu zuten pertsonen % 66 enplegu arruntean sartu ziren.

 Bilbao, 2019-09-30 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburuak adierazi duenez, “haien ibilbidea 2018an amaitu zuten gizarteratzeko eta lan-munduratzeko enpresetako langileen % 66 lan merkatu arruntean sartu dira. 2018. urtean, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen enpleguak % 8,6 egin zuen gora: laneratze-enpresetan 777 langile gehiago —enplegu arrunt berriak gehituta, guztira 1.204 enplegu gehiago—.Horrek guztiak gizarte-kohesio handiagoa esanahi du”.

 “Kopuru horiek pertsonak dira, eta horixe da, hain zuzen ere, gizarteratzea eta lan-munduratzea, eta horixe da Euskadirako gizarte-kohesio handiagoa. Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusietako bat da zailtasun handiena duten pertsonak eta kolektibo zaurgarrienak lan-munduratzea; hori dela eta, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen babesari ahalegin ekonomiko irmoa eskaintzen diogu, baita kudeaketa-ahalegin handia ere” erantsi du Artolazabalek.

Beatriz Artolazabalek gaur goizean aurkeztu du GIZATEA elkartearen 2018ko memoria. Sailburuarekin batera izan dira María José Rodrigo eta Leire Álvarez de Eulate GIZATEA elkarteko presidentea eta koordinatzailea, hurrenez hurren. Artolazabalen arabera, “hazten ari den sektore bat da, eta Euskadi kohesionatuago baten garapenean laguntzen du. GIZATEA elkartea osatzen duten enpresen datuek haien jardueraren balantze ona erakusten digute, eta kopuruek agerian uzten dute zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak lan-mundura daitezen lortzeko bide egokian gaudela”.

Aukerak

GIZATEA Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartean 42 enpresa biltzen dira, eta enpresa horien xedea da enplegu-aukerak sortzea gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzat. Krisialdiko urterik latzenen ondoren, datuek adierazle ekonomiko eta sozial nagusien bilakaera positiboa erakusten dute hirugarren urtez jarraian.

2018an, enpresa horiek 1.204 enplegu sortu zituzten, horietatik 777 enplegu (% 65) laneratze-enpleguak izan ziren —laneratze-enplegu gehien sortu den urtea—.Gizatea elkarteko enpresa bazkideak erreferentea dira Estatuan, Estatuko laneratze-enpresa guztien enpleguaren % 25 baino gehiago metatzen baitute.

 “Gure helburu nagusia da enplegagarritasuna hobetzea. Horretarako, pertsonekin ez ezik, gizartearen osotasunarekin ere lan egin beharko dugu, pertsona guztientzako aukerak eskainiko dituzten lan-ingurune inklusiboak sustatzeko”, nabarmendu du sailburuak prentsaurrekoan.

GIZATEAk sentsibilizazio-lan handia egiten du enpresa-sektore arruntean, betiere itunak sortzeko eta lankidetzarako aukerak hautemateko helburuarekin. Horren bidez, lortu nahi da gaur egun dauden laneratze-enpresetan beste lanpostu batzuk eta enpresa berriak sortzea eta enplegu arruntera igarotzen diren pertsonen kopurua eta kalitatea gehitzea.

2018an, Euskadiko laneratze-enpresetan ibilbidea amaitu zuten langileen % 66 enplegu arrunt batean sartu ziren, eta datu horrek berresten du laneratze-enpresak direla laneratze-tasarik handiena duten enplegu-politiken tresnetako bat.

Datu ekonomikoei dagokienez, Euskadiko laneratze-enpresek, 2018an, sarrerak handitu dituzte, eta 31 milioi eurotik gorakoak dira, horietatik 22 milioi ondasunen edo zerbitzuen fakturazioaren ondoriozkoak dira, batez ere bezero pribatuei egindakoak (% 83) eta gutxiago sektore publikoari egindakoak (% 17).

Inbertsioen itzulera

Horrez gain, enplegu-politika aktiboen beste tresna batzuekin eta pobreziaren aurkako beste borroka-mekanismo batzuekin alderatuta, laneratze-enpresek ez dituzte itzuli beharrik gabeko baliabide ekonomikoak kontsumitzen, inbertsio publikoak gizarterako itzulera sortzen baitu. Itzulera hori dator zergen bidez (ekonomia-jardueren gaineko zergaren bidez eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren bidez), maila ekonomikoan (prestazioak jasotzen dituzten langabeen kopurua murriztuz eta ekonomia dinamizatuz) eta gizarte-kohesioaren eta -justiziaren bidez. Hartara, 2018an laneratze-postuko itzulera 7.873,30 €-koa izan zen. Oro har, GIZATEA elkarteko kide diren laneratze-enpresetan, 2018an, laneratze-postuen osotasunaren ondoriozko itzulera 3.848.624,44 eurokoa izan zen.

Datuak aurkeztu ondoren, Beatriz Artolazabalek Suspertu laneratze-enpresak kudeatzen duen udal-titulartasuneko Bilboko Aterpetxea bisitatu du, eta ezagutu ahal izan du enpresa horrek enplegagarritasuna hobetzeko eta gero laneratze-langileak enpresa arruntetan sartzeko egiten duen lana.

Laneratze-enpresak irabazi asmorik gabeko ekimen ekonomikoak dira, enpleguaren eta gizarteratzearen esparruan espezializatuta dauden erakundeek sustatzen dituztenak. GIZATEA elkarteko arduradunek azaldu dutenez, beste edozein enpresek bezalaxe jarduten dute merkatuan, eta gizarte- eta prestakuntza-laguntzako ibilbide pertsonalizatu baten bidez —gehienez ere hiru urtekoa— gizarte-bazterketako arriskuan dauden langabeen enplegagarritasuna hobetzen dute eta horien lan-munduratzea eta gizarteratzea lortzen dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Leire Alvarez de Eulate, María José Rodrigo