Berriak Lehendakaritza
qrcode

Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarra urriaren 2tik 4ra egingo da “SAREGINTZAN” lemapean

2019-09-30

Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorzak eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendari Gorka Álvarezek informazio zehatza aurkeztu dute Kanpoko Euskal Gizataldeen VIIMundu Batzarrari buruz. 

Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarra Bilboko Euskalduna jauregian egingo da, urriaren 2tik 4ra, “SAREGINTZAN” lemapean, euskal gizataldeen eta euskal instituzioen arteko topaketa, lana eta lankidetza sustatzea helburu hartuta.Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da buru Batzarraren irekiera-ekitaldian. Mundu Batzarra 4 urtean behin egiten da, eta bertatik aterako da Ondorioen Dokumentu bat, 2020-2023 Laurteko Planean bilduko dena; plana datozen lau urteetan garatuko da, hurrengo Batzarra egin artean.

Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorzak nabarmendu duenez, aurten, Batzarrarenardatz nagusia debate-mahaiak izango dira, eta herrialde bakoitzeko ordezkari banak osatuko du mahai bakoitza.“Horrek bermatu egingo ditu pluraltasuna eta dibertsitatea mahai bakoitzaren debatean.Horrela partekatu ahal izango dira errealitate desberdinak, baterako azken hausnarketari ekarpen handia egin ahal izango diotenak”, adierazi du.

Debateen aztergaiak direla eta, askotarikoak eta anitzak izango direla azpimarratu du Kanpo Harremanetarako Idazkariak.Azaldu duenez, XXI. mendeko diasporarekin daude lotuta: globalizazioaren eta sareen fenomenoa; euskal gazteriaren nazioarteko mugikortasuna eta diaspora berria; euskal etxeen ibilbidea eta barne-funtzionamendua, eta premia horiei erantzuteko martxan jarritako programak.

Itxiera-ekitaldia urriaren 4an izango da, 10:00etan, Lehendakaritzan, eta Lehendakaria izango da bertan buru. 

Euskalduna jauregian egin den prentsaurrekoan Euskal Etxeetako ordezkariaketa Euskal Gizataldeetako Aholkularitza Batzordeko Arantxa Anitua (Argentina), Lorea Palacios (Mexiko) eta Unai Lauzirika (Alemania) izan dira.

Aurkezpenean gogora ekarri denez, Batzarra egin baino egun batzuk lehenago, irailaren 23tik 27ra, “Gaztemundu”saioa egin da, Euskal Etxeetako gazteak kultura-kudeaketan prestatzeko programa tinko bat.

LOTURIKO JARDUERA KULTURALAK 

Asteartea, urriak 1

Asteartean, urriaren 1ean, Iparragirreren 200. urteurrena berehala izango denez, “Igartubeiti – baserri museoa” bisitatuko dute Ezkio-Itsason (Gipuzkoa).

Ondoren, batzarkideak Urretxura joango dira eta bertan, 12:00etatik aurrera, herriko alde zaharra eta Iparragirre jaio zen etxea bisitatuko dituzte.

Bilbon, 19:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan, euskal agintariek omenaldi bat egingo diete diasporako ordezkariei, Euskal Herritik kanpo egiten duten dibulgazio-lanagatik.

Asteazkena, urriak 2

Jarduera kulturalei berriro helduko zaie 17:00etan, asteazkenean, urriaren 2an. Hala, Euskal Diasporaren Artxiboa bisitatuko dute, Euskadiko Artxiboaren egoitzan kokatua.Bertan, “Euskal Diasporaren Artxiboa” proiektua aurkeztuko da eta orain arte egindako lana ezagutzera emango da.Gainera, Gogoraren “Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren” erakusketa bisitatzeko aukera izango dute.

Ondoren, 20:00etan, Euskalduna jauregiko kontzertu-aretoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak programa berezi bat emango du, Juan Sebastian Elkanori eskainia; “Mundubira: Musika Bidelagun” proiektua osatzen duten 5 obretatik lehena.

Osteguna, urriak 3 

Ostegunean, urriaren 3an, Euskal Museoan, 19:00etan, “Euskaldunak Kalifornian” erakusketa inauguratuko da. 

Ostirala, urriak 4

Ostiralean, urriaren 4an, Lehendakariak Batzarra itxi eta gero, eta Legebiltzarrean ondoren izango den ekitaldi instituzionala amaitutakoan, “Euskaldunak Antipodetan” liburuaren aurkezpena egingo da Bilboko Euskadiko Artxiboan, 17:30ean.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @jerkoreka
    2019-09-30

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarra urriaren 2tik 4ra egingo da #SAREGINTZAN lemapean ➡︎ https://t.co/jajDaxWqru

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)