Berriak Hezkuntza
Eu

Eusko Jaurlaritza, Europako II Hezkuntza Goi-bileran

2019.eko irailak 26
  • Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua Bruselan da, Europako II. Hezkuntza Goi-bileran, Europako Batzordeak gonbidatuta
  • Lanbide Heziketako sailburuordeak Euskadiko LHren jarduera-ildo nagusiak azalduko ditu goi-bileran, nazioartean nahiz Europan bikaintasun erreferentzia baita euskal Lanbide Heziketa
  • Europako Batzordearen urteko Hezkuntza Txostenak Euskadiko Lanbide Heziketaren lan ildoak eta Unibertsitatea+Enpresa Euskal Estrategia nabarmentzen ditu

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin eta Marta Marin, Euskadiren Europar Batasuneko ordezkariarekin batera, Bruselan da gaurko egunez, Europako II Hezkuntza Goi-bileran –Second European Education Summit-. Europako Batzordeak antolatzen du goi-bilera hau.

Europako komisarioen zein hezkuntza arloko nazioarteko hainbat erreferenteren parte hartzea daukan goi-bilera hau, bigarren urtez ari da burutzen aurten. Europako Batzordearen berariazko gonbidapenez, ekitaldian hizlari edo parte hartzaile izango dira Europan nahiz nazioartean hezkuntzaren arloan esanguratsuak diren erakunde eta pertsonak, milatik gora. “Bikaintasuna eta Ospea, Europako Hezkuntza Espazioan” izenburupean, goi-bileraren helburua da egungo egoera aztertzea, batetik, eta EU 2020 Estrategiak markatutako aurrerapenen inguruko kontu-ematea egitea, bestetik. Era berean, 2017ko azaroko Goteborgeko Akordioei erantzuna ematea ere bada bilkuraren helburua. Goteborgeko hartan adostu zen Europako Hezkuntza Espazioa abian jartzea 2025erako (enplegua sortzeko, ekonomia hazkunderako eta gizarte ekitaterako motor izan dadin hezkuntza).

Euskadiren parte hartzea

Goi-bilera honetan, antolatzaileen gonbidatu gisa bertaratu denez, Hezkuntza Sailak rol aktiboa izango du. Eusko Jaurlaritzak, Jorge Arevalo sailburuordearen hitzaldiaren bidez, Euskadiko Lanbide Heziketa abian jartzen ari den politikak azalduko ditu. Lan ildo hauek erreferente dira Europako Batzordea bultzatzen ari den politika askotan. Gaur arratsaldeko hitzaldian Arevalok arreta berezia jarriko du IV. Industria-iraultzari lotuta identifikatu diren erronken inguruan, izan egungo erronkak izan etorkizunekoak. Arratsaldeko 17:30etatik aurrera izango da Arevaloren hitzaldia, “Vocational excellence: skills-ecosystems for innovation and social inclusión” izenburua daraman lan-saioaren barnean (hitzaldiaren ondoren, argazkiak eskura izango dira Irekian).

Europako urteko Hezkuntza Txostena: Euskadiri aipamenak

Antolatu diren hitzaldi, mintegi eta mahai-inguruez gain, Europako II Hezkuntza Goi-bilera baliatu du Europako Batzordeak urteko Hezkuntza Txostenaren aurkezpen ofiziala egiteko. Tibor Navracsics Hezkuntza, Kultura Gazteria eta Kirol komisarioak gaur eguerdiz aurkeztu duen txostenak EU 2020 Estrategiaren inguruan izandako aurrerapen guztiak jasotzen ditu, eta estrategia horrekiko nahiz Goteborgen lortutako akordioen inguruko kontu-hartze funtzioa ere betetzen du.

Aipaturiko txostenak badu nabarmentzeko berritasun esanguratsu bat. Lehen aldiz, Europako zenbait eskualdetan garatutako puntako estrategiak jaso ditu Europako Batzordeak, eta horien artean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutakoak daude. Zehazki, EB-ren txostenak Euskadiko Lanbide Heziketaren bikaintasuna nabarmentzen du; Lanbide Heziketaren Euskal Lege berria Europako legediaren abangoardian kokatzen du; eta Euskadiko Lanbide Heziketa Dualari loturiko enplegagarritasun datuak balioesten ditu. Era berean, Batzordearen txostenak Euskaditik bultzatu den beste ekimen berritzaile bat ere oso era positiboan baloratu du: Hezkuntza Sailaren Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzatik sustatu den Unibertsitatea+Enpresa Euskal Estrategia, eta honek bi sektoreen artean harremanak estutzeko egin duen ekarpena, era horretan prestakuntza nahiz enplegagarritasuna hobetzen zuzenki eraginez.

Europako eskualde-dimentsioari bultzada

Goi-bileran izan duen parte hartzean, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak nabarmendu nahi izan du hezkuntzaren aurrerabidean Europako eskualdeek duten zeresana. Uriarteren esanetan “Euskadik soberan erakutsi du zein konpromiso maila handia duen Europako hezkuntza hobetzeko politikekin. Europako Batasuneko ordezkariekin etengabeko harremanean gaude, aspalditik datorren harremana da, eta gure lana balioesten dutela sentitzen dugu. Gure Sailetik bultzatzen ditugun politikak erabat lerrokatuta daude Europako estrategiekin. Hain da hori horrela, ezen gure zenbait jarduketak Europa osorako lan ildoak markatzen baitituzte”. Hezkuntza sailburuak gehitu duenez “Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritza goi-bilera honetan parte hartzera gonbidatu izanak asko dio gure lankidetzaz eta eginahalaz. Gainera, eskualdeek duten garrantziaz behin eta berriz ohartarazi ondoren, urteko Hezkuntza Txostenak eskualdeetako jardunbide egokiak jaso ditu aurten, eta horien artean Euskadiko zenbait ekimen. Europako Batzordearen aitorpentzat hartzen dugu hori, eta Europarekin lankidetzan jarraitzeko akuilu da guretzat”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak