Eu

Kerman Lejarraga boxeolaria, Goazen-eko Maria Redondo aktorea eta Ainhoa Etxebarria aurkezlea izango dira protagonista Euskal Kirolari proiektuaren denboraldi berrian

2019.eko irailak 26
  • Eusko Jaurlaritzak babestutako ekimen honen helburu nagusia euskara kirol munduan sustatzea da, bereziki gazteen artean.

 

Gasteiz, 2019/09/26       

Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskal Kirolari proiektuak bere hirugarren denboraldiari ekin berri dio ikasturtea hastearekin batera. Aste honetan bertan zabaldu da sasoi berriko lehen bideoa, eta Kerman Lejarraga boxeolari morgarra da lehen protagonista. Berarekin batera, denboraldian zehar beste hainbat kirolarik azalduko dute nola bizi duten euskara beren kiroletan. Aurtengo berritasun nagusietako bat da ez dela aurkezle bakarra izango: Egoitz Txurruka Txurru-rekin batera, beste hainbat lagun arituko dira aurkezpen lanetan. Ainhoa Etxebarria aktore eta aurkezlea, Maria Redondo abeslari eta Goazen-eko aktorea, Xabin Fernandez kazetaria edota Aiora Mujika youtuberra azalduko dira Euskal Kirolariren sasoi berrian.

Denboraldi berriko lehen bideoan, Kerman Lejarragak boxeoaren arau eta xehetasunak azaldu dizkio Aiora Mujikari, eta nabarmendu du kirol honetan “entrenamendua, laguntasuna, osasuna eta dibertsioa” direla nagusi. Halaber, estreinatu berri diren beste bideoetan Xabin Fernandez kazetaria Stand Up Paddle-arekin ausartu da Debako Yako Surf Eskolan eta Egoitz Txurrukak hondartza-bolibol klase bat jaso du Aitor Lizarazu Bera Berako jokalariaren eskutik. Datozen asteotan bestelako diziplinak agertuko dira Euskal Kirolarin, hala nola, entrenamendu funtzionala, Iñi Vicens entrenatzailearen eskutik, edota yoga, María Redondo Goazen-eko aktoreari esker.

Euskara, kirola eta teknologia berriak

Euskal Kirolariren helburu nagusia euskara kirol munduan sustatzea da, bereziki gazteen artean. Eta horretarako bi ardatz nagusi ditu: teknologia berriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan daitezkeen pertsonak, ‘influencer’-ak. Horrela, bideo laburren eta sare sozialen bitartez kirolari ezagunek euskarak beren kirol jardueran duen pisuaz eta garrantziaz hitz egiten dute, eta terminologiaren inguruko aholkuak ematen dituzte. Ondoren, material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabaltzen da.      Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaritzak eta Jarduera Fisikoa eta Kirol zuzendaritzak bultzatu dute Euskal Kirolari.

Proiektu honen lehen fasean honako kirolari hauek hartu zuten parte: Aritz Aranburu (surflaria), Mikel Landa (txirrindularia), Nerea Perez (arraunlaria),  Kepa Arrizabalaga (futbolaria), Matxalen Ziarsolo (eskubaloi jokalari ohia), Julen Goia (errugbi jokalaria) eta Iñigo Martinez (futbolaria). Bigarren denboraldian agertu zirenen artean, Imanol Agirretxe eta Xabi Prieto futbolariak, Alex Anasagasti crossfit-eko kirolaria, Basque Team taldeko Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea, Esther Arrojeria Bera-Bera eskubaloi taldeko kapitaina, Markel Alberdi igerilaria (Basque Team), Helene Alberdi eta Ainhoa Murua triatloilariak (Basque Team) edota Asier Garcia (Basque Team) gurpildun aulkiko saskibaloi jokalaria.

Proiektu honen baitan grabatu diren eta grabatuko diren bideo guztiak Euskal Kirolari-ren youtube-ko kanalean kontsulta daitezke, bai eta http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/euskal-kirolari/ webgunean ere. Facebook-en eta Instagram sare sozialetan ere mugitzen ari da Euskal Kirolari.

Denboraldi berriko lehen bideoa hemen ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=qvD0ZY8Gy2c&feature=youtu.be

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak