Eusko Jaurlaritzak 2020rako soldatak % 2 igotzea eta Itzarri BGAE-rako ekarpena % 2ra igotzea proposatu die Funtzio Publikoko sindikatuei
- Ordainsarien igoerak 90 milioi eurotik gorako aurrekontu-eragina izango du
- Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearretak deitoratu egin du “sindikatuekin akordioa lortu ezin izana” eta “sindikatuek posizio maximalistetan kokatuta jarraitzea, errealitatetik eta testuinguru sozial eta ekonomikotik kanpo”
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko 2020rako Aurrekontu Orokorren Legearen Proiektuak jasoko duen soldata-esparrurako proposamena aurkeztu die gaur goizean Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatuei (ELA, LAB, CCOO eta UGTri). Eusko Jaurlaritzak 90 milioi eurotik gorako aurrekontu-eragina izango duten neurri hauek proposatzen ditu:
- % 2ko soldata-igoera 2020an.
- Itzarri-BGAE: ekarpena datorren abenduan hileko soldataren % 1,5era eta 2020an % 2ra igotzea.
Proposamen honek hobetu egingo ditu Euskal Administrazio Publikoan (Administrazio Orokorrean –Lakua– eta erakunde autonomoetan, Ertzaintzan, Hezkuntzan, Justizian eta Osakidetzan) diharduten 70.000 pertsonen ordainsari-baldintzak. Gainera, erreferentzia-esparrua da 80.000 pertsonak diharduten Euskal Sektore Publiko osorako.
ANDRÉS ZEARRETA
Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearretak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren proposamena “90 milioi eurotik gorakoa da. Asmo handikoa da, are gehiago gure inguruko errealitatea kontuan hartuta: langile publikoen soldatak KPIaren aurreikuspenaren gainetik igotzen ari gara, ziurgabetasun handiko testuinguru ekonomiko batean”.
Hori dela eta, Andrés Zearretak deitoratu egin du akordioa lortu ezin izana: “sindikatuek posizio maximalistetan kokatuta jarraitzen dute, errealitatetik kanpo dauden proposamenekin”.
Funtzio Publikoko sailburuordeak deia egin die “sindikatuei, Euskal Administrazio Publikoan elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidera itzul daitezen”. Izan ere, adierazi duenez, “ahaleginarekin eta lankidetzarekin baino ez dugu lortuko herritarrei ematen diegun zerbitzu publikoari erantzuteko gai izango den enplegu publiko sendo, egonkor eta kalitateko baterantz aurrera egitea”.
SINDIKATUEN FINANTZAKETA
Bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak Euskal Funtzio Publikoan ordezkaritza duten sindikatuak finantzatzeko laguntzak aurkeztu ditu. 2020. urtean, Eusko Jaurlaritzak 432.000 euroko diru-laguntza emango du 11 sindikatuek Euskal Administrazio Publikoaren negoziazio-mahaietan langile publikoen (funtzionarioen edo langile lan-kontratudunen) interesak defendatzeko egiten duten jarduerarako. Sindikatuak honako hauek dira: ELA, LAB, CCOO, UGT, SATSE, SME, STEE-EILAS, ERNE, ESAN, SIPE eta HITZA.